NAIZ

Zaldunbordako makrooutletaren sustatzaileek 14 milioi euroko demanda jarri dute Udalaren aurka

Hondarrabian egitekoa zen Zaldunbordako makrooutleta bultzatu zuten sustatzaileek Udalari ia 14 milioi euroko demanda jarri diote proiektua bertan behera gelditzeak eragindako kalte ekonomikoengatik. Udal Gobernuak garaian EAJk «egindako akatsen ondorioak» hondarribiarrek ez ordaintzea eskatu du.

Zaldunborda makroproiektuaren aurkako herri plataformak hasieratik eskatu zuen bertan behera geratzeko.
Zaldunborda makroproiektuaren aurkako herri plataformak hasieratik eskatu zuen bertan behera geratzeko. (Jon Urbe | FOKU)

Zaldunbordako makrooutleta bultzatu zuten Higertoki eta Zaldunborda Berri sustatzaileek 13.700.000 euroko demanda aurkeztu dute Hondarribiko Udalaren kontra, proiektua bertan behera gelditzeak ustez eragin dizkien kalte ekonomikoengatik; hala azaldu du Hondarribiko Udalak ohar batean.

Irungo epaitegian jarritako demandaren oinarrian EAJk gidatutako gobernuak HAPOa onartzerakoan egindako akatsa dagoela zehaztu du Udalak: «2019-2023 agintaldian EAJ-PNVren gobernuak HAPOa osatzean egindako akatsek eragin zuten planaren baliogabetzea. Ondorioz, HAPOn jasota zegoen Zaldunbordako makrooutletaren proiektua bideraezina bihurtu zen». Herritarren plataformak hasieratik eskatu zuen proiektua bertan behera utzeko.

Igor Enparan alkateak zuzentzen duen udal gobernuak larritzat jo du demanda aurkeztu izana, eta makrooutletaren sustatzaileei ordaindu beharko balie Udalak «kolpe handia» jasoko lukeela gehitu du: «Demanda hau jartzea larria da, hondarribiarrei eta tokiko merkataritzari inolako onurarik ekarriko ez zion makroproiektu baten sustatzaileek berriro ere gure kontura milioiak eta milioiak irabazi nahi dituztelako, modu bidegabean». Eta errepikatu du EAJren udal arduradunek egindako «akats larrien erantzule» ez lukeela egungo Gobernuak egin behar: «Hondarribiarrok ezin dugu hipotekatu gure oraina eta etorkizuna politiko batzuen kudeaketa kaskarragatik», adierazi du. 

Udalak argitu du dituen baliabide guztiak jarriko dituela sustatzaile horien asmoei aurre egiteko, eta «modu garden baten bidez» egingo dutela, «prozesuaren urrats guztiak herritarrei azalduta». 

Gaur gaurkoz Zaldunbordako makroproiektuaren inguruan «zeuden interes ekonomiko eta politikoen gainean» ezer gutxi dakitela nabarmendu dute, baina demanda hori jarri izanak lagun dezakeela «interes ezkutu horien gainean argi-izpi gehiago izaten».