Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Charles Duboulozek bakarkako neguko trilogia baten lehen urratsa egin du

Alpinista frantziarrak Grand Pilier d’Angleko ‘Divine Providence’ bidea (Mont Blanc) eskalatu du. Bitarteko garbia (bizikleta) erabili du helburura hurbiltzeko. Ecrinseko eta Pirinioetako mendilerroetan egingo ditu beste bi jarduerak.

Charles Dubouloz ‘Divine Providence’-n; bide hori trilogiaren lehen etapa izan da.
Charles Dubouloz ‘Divine Providence’-n; bide hori trilogiaren lehen etapa izan da. (Charles DUBOULOZ.)

Charles Dubouloz itzuli da berriro bakarkako eskaladetara. Oraindik gogoan dugu duela hiru urte Grandes Jorassesetan biribildutako eskalada ikusgarria zein historikoa. Alpinista frantziarrak ‘Rolling Stones’ ibilbidea (ED, 6a, WI5+, M8 librean eta A3 artifizialean) bakarka eta neguan igo zuen. Zalantzarik gabe, eskalada hori alpinismoaren apalategietan betiko txertatuta egongo da.

Ordutik, han eta hemen irteera alpinistiko oso interesgarriak egin ditu, baina duela pare bat aste Grand Pilier d’Anglen sinatu zuenak bakarkako neguko jarduera batera itzuli du. Zutoin eder eta basati horretako ‘Divine Providence’ bide mitikoa ((ED4/7b) eskalatu zuen neguko baldintzetan. Jarduera handi horretarako sei egun behar izan zituen; Mont Blanceko tontorra hilaren 14an zapaldu zuen.

Duboulozen helburu hori «hastapena» baino ez da izan. Horrekin esan nahi dugu trilogia baten lehen urratsa egin duela. Eta lehen etapa horrek, gainera, plus berezi bat izan du. ‘Divine Providence’-rako bitarteko garbiak erabili ditu. Annecyn duen etxetik bizikletan irten zen. 120 kilometro eta 2.500 metroko desnibela egin ondoren, Chamonixera heldu zen. Bizikleta aparkatu, eskiak jarri eta Mer de Glacetik (2.500 metro desnibel) Torinoko aterpera iritsi zen. Hortik aurrera, eskaladak indarra hartu zuen. Sei egun eta bost bibak neguko baldintzetan, 35 kiloko tresneria garraiatzen… Izenburu batzuk baino ez dira, eta horri gehitu behar diogu ia astebeteko irteera horretan zortzi kilo galdu zituela.

Alpinista honek trilogiaren lehen urratserako ‘Divine Providence’ aukeratu zuen. Mont Blanc mendiguneko ibilbide ederrena? Zailena? Exijenteena? Douboulozek berak erantzun du: «Zaila da mendilerro horretako beste marra batzuekin alderatzea. Edonola ere, hori ez da kontua. Aukeratu nuen ospetsuena eta luzeena delako, baita Mont Blanceko tontorrera eramaten duelako ere. ‘Rolling Stones’-en gehiago sufritu nuen. Kontuan hartu behar da ‘Divine Providence’ ekialdeko isurian dagoela eta eguzkiak goizetan zer edo zer epeltzen duela. Hortaz gain, arrokaren kalitatea hobeagoa da. Horrek guztiak, konpromisoan eta eskalatzailearen tenorean eragina du».

Bai, Grand Pilier d’Angleko bide horrek ez du «akatsik». Patrick Gabarrou eta François Marsigny frantziarrek 1984an sortu zutenetik, ‘Divine Providence’-k ekarpenak jaso ditu. Horien artean dago Jean-Christophe Lafaillerena. Duela 25 urte, alpinista historiko zenduak bakarka igo zuen ibilbide hori. Udaran izan zen; Duboulozena, berriz, negu meteorologikoan.

Trilogia

Alpinista horrek bitarteko garbiak erabili zituen xede horretara iristeko, eta horregatik gai horri azpimarra egin nahi izan dio. Duboulozek aipatu du gogorra izan zela: «Bizikletarekin 120 kilometro horiek egiteak hankak nekatu zituen. Eskaladarako iragarri zuten leihoa aprobetxatzeko, euripean irten nintzen. Eskiak hartu eta hurbilketa bidea ere ez zen batere atsegina izan: luzea eta neketsua. Eskaladaren lehen zatiak oso txarrak dira, eta bidearen luze zailenetara heldu nintzenean leher eginda nengoen. Ibilbidea eskalatu eta gailurra zapaldu aurretik ertz luzea jarraitu behar izan nuen. Laburbilduta, bete-beteko igoera da».

Trilogiaren lehen etapa bukatuta, bigarrena du zain. Adierazi du proiektuaren asmoa dela ahalik eta denbora gehien mendian igarotzea eta nahi duen lekura joatea: «Patrick Berhault edo Lionel Daudet bezalako alpinista handien abentura handiek erakarri naute. Eta horregatik trilogia honekin hasi naiz. Hurrengo etapa Ecrinseko mendilerroan kokatu dut. Leiho on bat iragartzen dutenean helburua aukeratuko dut. Mendigune horretako ibilbideetan baldintzek berebiziko garrantzia dute. Hortaz, denda altxatu eta itxaroten egongo naiz. Ez dut presarik».

Ondo bidean, Pirinioak izango dira proiektu horren hirugarren eta azken etapa. Duboulozek aurreratu du Ravier anaiei omenaldia egin nahi diela, eta ziur aski 1964an pirineista historiko horiek Pique Longueko edo Vignemaleko iparraldeko murruan zabaldutako ‘Diedre Jaune’ marra eskalatzeko asmoa du. Edo Pic du Midiko ipar-mendebaldeko bide zail bat. Ecrinsera zein Pirinioetara ere bizikletan hurbilduko da.