
Emakumezkoen Lau eta Erdikoa behin amaituta, Binakako Txapelketari hasiera emateko garaia iritsi da. Hala, Ados Pilotak eta Emakume Master Cup-ek antolaturiko txapelketak aurkeztu dituzte astearte honetan.
Bigarrengo honi dagokionez, asteburu honetan hasiko da Etxebarri eta Sopelan. Martxoaren 22an jokatuko den finala amets, zazpi bikotetan banatutako egungo 14 espezialistarik onenak Euskal Herriko beste hamar herritan –Larrabetzu, Arrasate, Amezketa, Durango, Itsassu, Lasarte, Asteasu, Etxebarria eta Agurain– lehiatuko dira txapela preziatuen bila. Nabarmentzekoa da, Emakume Master Cup Zirkuitoa Ipar Euskal Herrira itzuliko dela.
Antolatzaileek ahalik eta txapelketarik lehiatu eta ikusgarriena osatu nahi izan dute eta horregatik zazpi bikote orekatu prestatu dituzte aurtengo Binakako Nagusirako: Sagardui-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara, Aldai-Arrillaga, Ruiz de Infante-Mendizabal, Zabaleta-Bertiz, Etxegarai-Capellan eta Ibarrola-Erasun.
Izenen artean, Alize Sagardui goizuetarraren elite mailako debutak azpimarra merezi du. 14 urterekin, aurrelari nafarrak promesa mailako txapel guztiak bereganatu ditu eta lehen mailan aritzeko aukera izango du, harrobiko lan onak sariak izaten dituela berretsiz. Hori bai, jauzia horren handia izan ez dakion, momentuko pilotaririk onena, Enara Gaminde, izango du bizkartzain lanetan.
Lehiaketa sistemari dagokionez, lehen fasean, bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute ligaxka eran eta lau onenek, martxoaren 8a bezalako egun seinalatu batean Agurainen jokatuko diren finalerdietarako txartela eskuratuko dute –lehenengoek laugarrenen aurka eta bigarrenek hirugarrenen kontra–. Txapelak, ordea, martxoaren 22an banatuko dira. Ohikoa den gisan, bi jaialdi garrantzitsu hauek ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu telebistaz.

Ados Pilota: Lehen Mailakoa eta Promoziokoa
Ados Pilotak 2026ko Binakako Txapelketa aurkeztu du Azpeitian, lehiaketaren hazkundea berretsiz eta bi maila nagusirekin: promozioa eta lehen maila.
Txapelketa nagusian 12 pilotarik hartuko dute parte: Iturriaga–Orbegozo, Barrokal–Perez, Oskoz–Arrastia, Mujika–R. Larramendi, Aranburu–Mendiburu eta Gomez–Agirre.
Aurtengo berrikuntza nagusia Maite Mujika eta Olatz Ruiz de Larramendik osatuko duten bikotean dago. Mujikak lehen aldiz jokatuko du aurrelari gisa, eta izeba eta iloba elkarrekin ikusteko aukera berezia eskainiko dute. Bestalde, Alejandra Perezek eta Marta Gomezek lehen mailara jauzi egingo dute aurten, Maddi Barrokal eta Naroa Agirre bezalako esperientziadun pilotarien laguntzarekin.
Promozio mailan 8 pilotarik hartuko dute parte: Arruti–Alberro, Iriarte–Ernaga, Gomez–Sotil eta Sagardui–Etxeberria (bikoterik gazteena). Aipagarria da pilotarien erdiak Ados Pilotako eskolako harrobikoak direla. Gainerakoak Ardoi, Larraun, Umore Ona eta Ziotza pilota eskoletatik datoz.
Txapelketa abenduaren 27an hasiko da Larraintzarren eta 2026ko martxoaren 28an amaituko da Azpeitiako final handiarekin. Aurten ere 25 udalerritik gora hartuko dituzte partidak: Larraintzar, Tafalla, Sopuerta, Olaberria, Antzuola, Zerain, Irurtzun, Zestoa, Lekunberri, Durango, Eltziego, Donostia, Biarritz, Eulate, Mallabia, Ereñotzu, Aizarnazabal, Lekeitio, Zumarraga, Bergara eta Bera. Finalaurrekoak Beasainen eta Legazpian jokatuko dira.
Lehen mailako txapelketan, sei bikoteek joan-etorriko liga jokatuko dute, eta ligako lehen lau sailkatuek lortuko dute finalerdietarako txartela. Promoziokoan, aldiz, lau bikoteek joan-etorriko liga jokatuko dute. Lehen sailkatua zuzenean sailkatuko da finalera, eta bigarren zein hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute elkarren aurka.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
