Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Gabon filmak

Olentzero eta Mari Domingi, turroiak, gabon-kantak…eta pelikulak. Pelikulak, bai. Nire kasuan behintzat, Gabonak izaten ziren umetan zinemara gehien joaten ginen sasoia, eta garai hau iristen den aldiro zazpigarren artearen espirituak nire barnean distira berezi batez egiten du dir-dir. 

Sarritan galdetzen didate Eguberrietan ikusteko gogoa pizten duten filmen inguruan, eta gehienetan bi izenburu datozkit burura, ia automatikoki: ‘Etxean bakarrik’ eta ‘Gremlins’ (biak euskaraz ikusgai). 

Lehenengoaren istorioa Eguberrietan kokatzen da. Kevin McAllisterrek zortzi urte ditu, eta senide ugariko familia batean bizi da. Familia osoa oporretara doa, baina zoriaren (eta nahasmenaren) ondorioz, Kevin etxean bakarrik geratzen da. 

Zazpigarren artearen Gabonetako oparirik ospetsuena, ordea, Mogwai bat da: Randek bere seme Billyri oparitzen dion maskota bitxi eta xarmangarria. Asko gara egun hauetan ‘Gremlins’ ikustea aukeratzen dugunak. Bide batez: urtarrilaren 2an Hernanira gonbidatuta zaudete, izan ere, Hernani Zineklubaren baitan, euskaraz bikoiztuta eskainiko dugu doan ezinbesteko klasiko hau. 

‘Love Actually’ edota ‘The Nightmare Before Christmas’ ere ezin aproposagoak dira sasoi honetarako; mantapean, bero-bero, gustura ikusteko modukoak. 

Azken gomendioa: 2023ko ‘The Holdovers’. Oporrak elkarrekin pasatzera behartuta dauden hiru pertsonaien istorioa kontatzen du. Xumea, hunkigarria… ederra.