‘Goonietarrak’ 40 urte: bihotzaren ganbaran gordetako altxorra
Berrogei urte igaro dira ‘Goonietarrak’ filmak lehen aldiz argia ikusi zuenetik. Lau hamarkada igaro diren arren, zazpigarren artearen ezinbesteko erreferente izaten jarraitzen du, belaunaldi oso baten oroimenean iltzatuta dagoen film magiko eta berezia. Geure bihotzaren ganbaran gordetako altxorra.

Han egoten ziren beti. Hiri-altzari bortitzak edo markesinak baino askoz lehenago. Hiriek filmetako afixak erakusten zituzten erdiguneko zonalde onenetan. Aretoek, gehienak gaur egun merkataritza-gune samingarriengatik ordezkatuak, beren fatxadetan, filmetako eszenak erakusten zituzten mural handiak jarri ohi zituzten. Internetik gabeko mundu batean, eta trailerretara, eta oro har informazio zinematografikora, sarbide mugatua zegoen garaian, kartelak ziren fantasiazko eta abenturazko munduen atariko azken gotorlekua. 1985eko udan distira gehien zuenetako bat Drew Struzan hil berriak diseinatutako poster eder bat zen. Bertan, altxorraren mapa behean zutela, estalaktita batetik zintzilik zeuden zazpi lagun ageri ziren. Askorentzat euren bizitzetako filmetako bat izango zena iragartzen zuen posterra zen hura: ‘Goonietarrak’ (‘The Goonies’). Aurten 40 urte bete ditu filmak, eta urteurren horren harira, zaharberritutako bertsio bat estreinatu dute zenbait zinemetan.
1985eko uda Euskal Herrian
Funtsezkoa da filma zein garaitan estreinatu zen kokatzea urteen poderioz izan duen eragina apur bat ulertzen saiatzeko. 1985eko uztailaren 7an Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek ihes egin zuten Martuteneko espetxetik, Imanol kantariak bertan emandako kontzertuaren ondoren, taldeko bozgorailuetan ezkutatuz. Euskaldunon oroimenean zizelkatua geratu den efemeride horretatik bi aste eskasera estreinatu zen Euskal Herrian ‘Goonietarrak’; uztailaren 24ean. Urte hartan bertan, Donostia Zinemaldian eman zuten Juan Bautista Berasategiren 'Kalabaza tripontzia' ahaztezina, azaroan, Kortatu taldeak bere lehenengo diskoa aurkeztu zuen eta Guardia Zibilak Mikel Zabaltza atxilotu zuen Donostian.
Zinemetara ‘Goonietarrak’ filmaren gaztelerazko bertsioa iritsi zen, baina euskaraz bikoiztutakoa eman zuten telebistan hilabete batzuk geroago. ‘ET’, ‘Etxean Bakarrik’, ‘Gremlins’, ‘Mamu-harrapariak’, ‘Indiana Jones’, ‘Hook’... EITBk film garrantzitsuenak euskaraz bikoizten zituen garaia zen hura; zoritxarrez nola aldatu diren gauzak ezta? Beranduago ’Inception’, Batman-en ‘Zaldun Ilunaren’ filmak eta beste batzuk ere bikoiztu zituzten. 2010. urte inguruan utzi zion Hollywoodeko film garrantzitsuak bikoizteari EITBk.
Berrogei urte igaro dira pelikula iritsi zenetik, eta garai hartan jariatzen zuen abenturazaletasunaren espiritua orduan bezain indartsu taupaka ari da gaur egun ere. Mapa zaharrak, tunel sekretuak eta ahaztutako altxorrak aurkitzearekin amestuz hazi ginenontzat kapsula emozional moduko bat bihurtu da: haurtzaroko zirrara gordetzen duen altxor kutxa txiki, baina sakona.
Garai konkretu hartan estreinatu izanak berebiziko garrantzia du: film bat eta bakarra egin zen, eta hori izan zen bere eragina hain sakona izateko gakoetako bat. Gaur egun sortu izan balitz, automatikoki frankizia amaigabe bihurtuko litzateke, eta ‘Stranger Things’ edo bestelako ereduei jarraiki, porrotaren kale ilunean amaituko luke. Orduko magia eta ausardia ezin dira berriz sortu, eta horixe da ‘Goonietarrak’ historian betiko lekua izateko duen sekretua.
80 eta 90eko hamarkadan jaio ginenontzat, ziurrenik, hau da filmik ikoniko eta maitatuena -’Stand by Me’, ‘Indiana Jones’, ‘Back to the Future’ eta bestelakoak ere maite ditugu, baina ez hainbeste-. Ez zen gazteentzako abentura soila; belaunaldi oso baten oroimenean iltzatuta geratu den kultur fenomenoa baizik.
Hollywoodetik pop kulturara
Spielberg-en Amblin zigilupean eta Richard Donner-ek zuzendua, adiskidetasunaren esentzia, abenturaren espiritua eta egunerokoaren barruan ohiz kanpokoa deskubritzeko zirrara harrapatzen jakin zuen. Garai hartako haur eta nerabe askorentzat —eta geroago telebistaren eta VHSen bidez hazi zirenentzat— lagun talde hark altxorraren bila egindako ibilbidea beren amets eta irudimenen isla bihurtu zen.
Protagonista gazteak ez ziren heroi perfektuak; baldarrak ziren, leialak eta oso gizatiarrak eta milaka haur eta nerabek beren burua islatuta ikusi zuten. Tunel bakoitzak, mapa bakoitzak, tranpa eta aurkikuntza bakoitzak publikoari xuxurlatzen zion munduan oraindik bazirela sekretu magikoak, haurren bihotzak eta irudimenak bakarrik ulertzen dituen horietakoak.
Arriskuaren eta dibertsioaren arteko oreka, errugabetasuna, misterioa eta emozioa —80ko hamarkadako zinema familiarren ohiko osagaiak— nahasiz, eszena bakoitza ikuslea harritzeko diseinatuta zegoen bidaia bihurtu zen. Tonuen dantza horretan musikak orkestra zuzendari baten modura funtzionatzen zuen: Dave Grusin-en ‘Fratelli Chase’ abestiaren melodiak entzuten ditugun bakoitzean AEBtako Astoria herrixkara bidaiatzen dugu. Tentsioa, umorea eta adrenalina uztartzen dituen konposaketa zirraragarria da, jazarpen zinematografiko baten espiritu abenturazale eta kaotikoa ezin hobeki harrapatzen dituen abestia.
Fratelli familia, Willy Begibakarraren mapa zaharra, Sloth, Andrea, Data, Michael, Gordi eta konpainiak gure iruditeria kolektiboan betiko lekua dute; haien esaldi eta eszenek gaur egungo film eta telesailetan ere jarraitzen dute oihartzuna izaten. «Goonies never say die» («Gooniek ez dute inoiz hil esaten» ) belaunaldi oso baten lelo bihurtu da.
Lau hamarkada igaro arren, filmak hasieran bezala dir-dir egiten jarraitzen du, 1980ko hamarkadako zinemaren xalotasuna, ausardia eta magia berezi hura gogoraraziz, inoiz itzaltzen ez den kandela baten moduan.
Denborak aurrera egin ahala, ‘Goonietarrak’ pop kulturako ikono bihurtu da. Bere eragina nabarmena da ‘Stranger Things’, ‘Super 8’edo ‘It’ bezalako ekoizpen modernoetan, zeinetan ume kuadrilla batek ezezaguna edo misteriotsua den zerbaiti aurre egin behar dioten.
Esaldi ikonikoak, musika edota retro estetika berrinterpretatu dituzte bideojoko, telesail, merchandising, komiki eta ekitaldietan. Astoria hiria (AEB), pelikulan leku garrantzitsua izan zena, mundu osoko zaleentzako erromes-leku bihurtu da, bereziki urtero ospatzen den “Goonies Day” ekitaldien bitartez.
Aktoreak gaur egun
Filmeko aktore guztiak oso ezagun egin ziren arren, ze ibilbide izan zuten ostera? Ibilbide zinematografiko arrakastatsuena Josh Brolinek du, taldeko nagusiak. Sean Astinek, fikzioan Broli-en anaiaren rola jokatzen zuena, beste pertsonaia mitiko bat egin zuen zineman:'Eraztunen Jauna' trilogiako Sam. Telebistan eta zineman ibilbide nahiko egonkorra mantendu du Astinek.
Interpretazioaren mundua erabat utzi zuena Jeff Cohen (Gordi) izan zen, abokatua da gaur egun. Corey Feldman izan zen taldeko izar nagusia 1980ko hamarkadan, 'Gremlins' edota 'Stand by me' bezalako film mitikoetan ere parte hartu baitzuen. Zoritxarrez heldutasunerako urratsa ez zuen batere ondo eraman eta bere bizitza pertsonala eta profesionala desastre hutsak izan ziren.
Martha Plimpton (Stef) etengabe aritu da telesailetan eta filmetan paper txikiak eginez; berriki, adibidez, ‘Task’ telesailean ikusi dugu. Anne Ramsey, Frantellitarren ama erretxina, filma estreinatu eta lau urtera zendu zen, 1988an; aurretik ibilbide nahiko oparoa izan zuen zineman.
Aparteko aipamena merezi du Jonathan Ke Quan-ek (Data): ‘Goonietarrak’-en aurretik, ‘Indiana Jones eta Tenplu Madarikatuan’ Zaparro ahaztezinaren azalean sartzeagatik ezagun ezin zen. Bi arrakasta horien ondoren, aktore lana bazterrean utzi eta espezialisten koordinatzaile izatea erabaki zuen (arte martzialetan aditua da). Hala ere, 2022an, ‘Everything Everywhere All at Once’ filmean egindako interpretazioak antzezpenaren munduko ateak berriro ireki zizkion, eta Bigarren Mailako Aktore Onenaren Oscar saria irabazi zuen.
Kasu tragikoena, John Matuszakena da: Sloth, bi metro eta 130 kiloko erraldoi maitagarria, 38 urterekin hil zen bronkoneumonia eta miokardiopatia hipertrofikoaren ondorioz.
Inoiz itzali(ko) ez den txinparta
Gaur egun film bat baino askoz gehiago da: jada existitzen ez den zinema egiteko modu baten sinboloa da. Haurren irudimenaren alde egiten du, baina hauek gutxietsi gabe. Haurtzaroarekiko nostalgia, ezezagunarekiko zirrara eta adiskidetasunaren balioa erakusten ditu, baina sermoirik jaurti gabe. Heldutasunera iritsi arren, haur ilusio horri ahalik eta gehien eutsi behar zaiola aldarrikatzen du.
Berrogei urte geroago, umetan ikusi zuten ikusle askok orain seme-alabekin partekatzen dute, txinparta bizirik mantenduz. Filma kultuzko zinemetan, jaialdietan eta ekitaldietan proiektatzen jarraitzen dute, eta teoriak, eztabaidak eta omenaldiak sortzen dira honen inguruan. Herri-kulturan oihartzuna izaten jarraitzen du, abentura handiak ganbara zahar batean has daitezkeela gogoraraziz.
Eta horrela, filma umetan ikusi genuenok harekin batera hasi gara zahartzen. Denborak gupidarik gabe aurrera egiten duen bitartean, pelikula, oraindik ere herdoildu ez den altxor zinematografikoa izaten jarraitzen du. Izan ere, bere arrakastaren benetako sekretua ez da soilik abentura bat kontatzea; gu ere haren parte izan gaitezkeela iradokitzea baizik.
Eta sentimendu hori bizirik dagoen bitartean… Goonietarrak ez gara sekula hilko!

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

