Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, gizartea aktibatu. Paradigma aldatu dezagun, gizartea piztu dadila. Horrela laburbildu daiteke Bilbon, larunbat arratsaldean, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta egin den ‘Pizkundea’ ekitaldiaren mamia.
1997an sortua, gaur egun euskalgintzako 31 gizarte eragile garrantzitsuk osatzen dute Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen aldeko bilgune nagusiena. Besteak beste, AEK, Elkar, Elhuyar, Jakin edo Bertsozale Elkartea daude bertan. Kezka handia sortzen du euskal hiztunen komunitatean gure hizkuntzaren egoerak, mugaren bi aldeetan, azken hamarkadetan normalizazio linguistikoak aurrerapen handiak izan dituen arren, azken garaiotan prozesua geldotu eta atzeraldi dinamika batean sartzeko arriskuan dagoelako.
«Ez gaitezen isilik geratu, antolatu gaitezen, eta elkarrekin isiotu ditzagun han eta hemen euskaltzaletasunaren txinpartak», deitu du Idurre Eskisabelek.
Hizkuntza politiketan «paradigma aldaketa bat behar du egon», nabarmendu du Kontseiluko zuzendaritzak Miribillako oholtzatik. «Minorien babeserako ikuspegiarekin egindako politika publikoak atzean utzi, eta euskara herritar guztiengana hedatzeko, gizartean orokortzeko, anbizioa duen hizkuntza politika ausarta. Hori da egungo munduan euskarari etorkizuna bermatzeko bidea», gehitu du Aize Otañok (AEK) Kontseiluaren izenean.
Horretarako, datozen hilabeteotan proposamenak luzatzeaz aparte, euskal hiztunen komunitateri antolatu dadila eskatu diote.
Lehen urratsa izan da larunbat honetako ekitaldia –6.000 bat lagunek hartu dute parte– eta badago dagoeneko hitzordu berri bat finkatuta: datorren ekainaren 13an, Iruñean, «berriro ere elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko»
Siadecok UEMArentzat egindako proiekzio demolinguistikoaren arabera, egungo hizkuntza politiketan ezer aldatu ezean, 2036 urterako euskararen arnasguneak desagertzeko arriskuan leudeke. «Nahiko genuke gauzak ondo doazela esatea, baina hori gure burua engainatzea litzateke: euskararen etorkizuna jokoan dago», gogorarazi du Lorea Agirrek, ‘Jakin’-eko zuzendariak.
Pizkunde berri baten premia gizarteratzea eta hizkuntza politiketan jauzia emateko adostasun soziopolitikoa bultzatzea izan du helburu, beraz, Miribilla kiroldegian egin den ekitaldiak. Baita ere, Ane Elordik (Korrika) eta Goiatz Urkijok (Euskaraldia) gogorarazi duten bezala, euskararen alde «egon eta badagoen mugimendu hori ikusaratzea eta hauspoa ematea».
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta sailburuaren ustez, euskarak jende gehiago behar du: sektore gehiago, eremu gehiago eta herritar gehiago, eta behar den jauzia «batez ere, soziala da».
Oholtzaren gainean hainbat partaide: aktoreak –Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Itziar Ituño, Edurne Azkarate, Olaia Aguayo–, musikariak –Gorka Urbizu, Gontzal Mendibil, Maia Iribarne, Miren Narbaiza ‘Mice’, Joseba Tapia, Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia ‘Benizze’, Julen Goldarazena ‘Flako Fonki’– eta bertsolariak –Ane Labaka, Sustrai Colina–. Harmailetan, alderdi politikoen ordezkariak (EH Bildu eta EAJ) eta erakundeen ordezkariak, horien artean Ibone Bengoetxea, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako kontseilaria eta lehendariordea.
Ekitaldian zehar jasotako hainbat lelo: «Euskalduna bazara, euskaraz bizitzeko hautua egin»; «ez normalizatu eta isildu hizkuntza eskubideen urraketarik»; «zure ingurukoekin partekatu ezazu euskararen etorkizunak sortzen dizun kezka» edo «zure lehentasun sozial eta politikoetara ekarri euskararen auzia».
«Euskararen inguruan antolatu gaitezen»
Aldaketa hitza maiz erabili du Idurre Eskisabelek Miribillako oholtzatik. Baita ere pizkundea, arnasgunea, nekezia, kezka... Azken hilabeteetan euskal komunitatetik nekea eta bakardadearen sentsazioa jaso dutela aipatu du. «Elkarguneen premia dago –adierazi du Eskisabelek–. Elkarguneak erabileraren eta gaitasunen apaltzeak edota erronka berriek sorturiko kezkak partekatzeko. Euskararen aurkako oldarraldiak eragiten dien minaz hitz egiteko. Hiztun gisa, herritar gisa, jasaten ditugun eskubide urraketak isilean gorde ordez lasai adierazteko».
«Euskara minorizatutako hizkuntza bat da. Aspalditik, mendeetan», gogorarazi du. XXI. mendean are gehiago, mundua bizitzen ari den olatu erreakzioarioan. «Horregatik –jarraitu du–, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du gizarte aldaketa handi bat: eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona. Tira, euskarak baino, euskal hiztun komunitateak, euskaldunok. Hizkuntzak ezer gutxi baitira abstrakzioan. Hizkuntzak gugan gorpuzten dira, hizkuntza hiztunak dira; euskara gu eta beste milaka eta milaka herritar gara. Ez dezagun ahaztu: mundua euskararen kontra dator, baina guk euskara dugu munduaren alde».
«Adostasun handi bat nagusitu da Kontseiluan: orain arteko hizkuntza politikek eman dutela eman beharrekoa. Suspertze zikloa agortuta, atzeraldiaren arriskua handia da. Larrialdian gaude. Jauzi bat behar da hizkuntza politiketan. Paradigma aldaketa bat. Anbizioa duen hizkuntza politika ausarta». Aize Otaño (AEK).
Aldaketa sakona eta iraunkorra izan dadin, ezinbestekoa da oinarri sozial zabal baten bultzada izatea, aipatu duenez. Bide horretan, azken bost urteetan Euskal Herri osoko eragileekin sinatuta duten ‘Itun Soziopolitiko Berrirako Eskaintza’ dago; funtsean, hizkuntza politikan eragiteko itun soziopolitiko berri baterako oinarri nagusiak finkatzen ditueen ituna da. Euskara erdigunean jarriko duena.
«Erabil dezagun, ikas dezagun, eman dezagun gure gaitasuna indartzeko urratsa, transmititu dezagun, lehenetsi dezagun euskaratik eta euskaraz egindako kultura, sor dezagun gure kulturgileek duin bizi ahal izateko ekosistema, gure esku ere badago eta… Baina, baita ere, adieraz ditzagun gure kezka eta deserosotasunak: esaterako, bozka erabaki aurretik irakur ditzagun alderdiek hizkuntza politikaz egiten dituzten proposamenak… Ez gaitezen isilik geratu, antolatu gaitezen, eta elkarrekin isiotu ditzagun han eta hemen euskaltzaletasunaren txinpartak, euskarari berriro ere Pizkunde bat emateko. Euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko», aldarrikatu du.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes



















