NAIZ

Larrialdi linguistikoari erantzuteko «giharra» badagoela nabarmendu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak larunbatean Bilboko Miribillan 6.500 euskaltzale elkartu zituen ekitaldiaren balorazio baikorra egin du. «Larrialdi liguistikoari erantzuteko kezka eta giharra badaudela» uste du. Euskaltzaletasuna «oso txertatuta» dagoela erakutsi zuen, Kontseiluaren ustez.

Familia argazkia atera zuten Kontseiluko kideek eta Miribillan izan ziren euskaltzaleek ekitaldiaren bukaeran.
Familia argazkia atera zuten Kontseiluko kideek eta Miribillan izan ziren euskaltzaleek ekitaldiaren bukaeran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskararen pizkundea bultzatzea helburu zuen ekitaldia antolatu zuen larunbatean Bilboko Miribilla Arenan Euskalgiltzaren Kontseiluak. 6.500 pertsona bildu zituen eta, antolatzaileen ustez, ekitaldiaren arrakastak «erakutsi zuen jende askorengan oso txertatuta dagoela euskaltzaletasuna, badagoela gihar hori indartzeko gogoa eta premia». Guztiei eman dizkie eskerrak, baita herriz herri inplikatu diren euskaltzaleei eta Kontseilua osatzen duten gizarte eragileei.

Hala adierazi du Euskalgiltzaren Kontseiluak igande honetan, ekitaldiaren biharamunean, balorazio baikorra egiten duen ohar baten bidez. Gainera, «hizkuntzaren auziaz hitz egiteko, euskarak sortzen digun kezkaz hitz egiteko eta elkargunean sortzeko» beharra badagoela erakutsi zuen larunbatekoak.

Euskararen larrialdi egoeraren aurrean Kontseiluak lanean jarraituko duela argi utzi du eta, ekitaldian azpimarratu bezala, «euskaltzaleok ekiteko garaia da: toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia». Horretarako, ‘Euskaltzaleon gida’ proposatu du Euskalgintzaren Kontseiluak.

Horrekin batera, euskararen biziberritzeak aldaketa «sakon» bat behar duela adierazi du. Alegia, «hizkuntza politiketan jauzi bat, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarrituko dena». «Euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeaz gain, egun indarrean dauden minorientzako politiken paradigma gainditu eta euskararen normalizazioa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko duena», azaldu du.

Zentzu horretan, Kontseiluak gogoratu du irailean ‘Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza’ aurkeztu zuela askotariko ehundik gora eragilerekin batera, «euskararen ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea» helburu duena.

Nabarmendu duenez, ekitaldian ekarpena egin zuten kulturgileek erakutsi zuten «euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa dela» euskarak aurrera egingo badu, eta euskara biziberritzeko «ezinbestekoa dela euskarazko kulturaren aldeko kultur politika sendoak» egitea. 

Aldarrikapenarekin jarraitzeko eta erakunde eta indar politikoei inplikazioa eskatzeko, datorren ekainaren 13an «Iruñea euskaltzale guztien bilgune» bilakatzeko mobilizazioa deitu du Kontseiluak. Xehetasunak datozen hilabeteetan aletuko dituzte.