Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Tasio Martinen progresioak Pirinioetako bi altxor preziatutan izan du isla

Joan den azaroan, 25 urteko urduñarrak Peña Montañesako 'Piztu da piztia' bidea (8b, 200 m) era askean eskalatu zuen, eta, hil honen 13an, Gavarnieko hirugarren solairuan dagoen 'Memento Mori' marra gogorraren –7b/c, M6, 5+), 240 m– errepikapena lortzeko gai izan da.

Tasio Martinek aukera izan du 'Piztu da piztia' bidea era askean igotzeko.
Tasio Martinek aukera izan du 'Piztu da piztia' bidea era askean igotzeko. (Tasio MARTIN)

Tasio Martinek 25 urte besterik ez ditu, baina argi erakusten ari da alpinismoaren eta eskaladaren arlo ezberdinetan bikain moldatzeko gai dela. Zuhurtziaz eta buruz pixkaka aurrera eramaten ari den ibilbidea sendotasuna eskaintzen ari zaio urduñarrari. Hainbat zutabe indartu ditu, mentalak zein fisikoak, eta horri esker jarduera azpimarragarriak egiten ari da. Azken asteotan sinatutako eskaladak aipatutakoaren isla dira. Katu-oinekin zein pioletekin eta kranpoiekin, dibertsifikazioaren lema altxatu eta zailtasunaren eta estetikaren alderdietatik begiratuta Pirinioetako bi altxor patrikaratu ditu.

Azaroaren erdialdean, katu-oinak jarri eta Peña Montañesan 'Piztu da piztia' ibilbidea (8b, 200 m) era askean igo zuen. Beñat Canyameres eta Gil Verriere katalanak izan zituen sokakide. Hil honen 13an, berriz, alpinismoaren 'trajea' jantzi eta Gavarnieko hirugarren murruan dagoen 'Memento Mori' marra (ABO-, RS4, 7b/c, M6, 5+) eskalatu zuen Iñaki Mendizabalekin.

'Piztu da piztia'-ri dagokionez, Martinek adierazi digu 'Al otro lado de la cuerda' dokumentala ikusi zuenetik izan duela buruan bide hori: «Urteek aurrera egin ahala, egitasmoa sendotzen joan zen. Ederra da oso, baina maila eduki behar da xede horretan sartzeko. Patagoniako iazko denboralditik oso motibatuta itzuli nintzen etxera, eta apiril-maiatz aldean arrokan estutzen hasi nintzen ‘Piztu da piztia’ prestatzeko. Erronka hori udaran hasi zen forma hartzen. Bernat [Canyameres] Suitzan lanean ari zela, hura bisitatzera joan nintzen, eta biok ala biok erabaki genuen udazkenean bide horretan ekinaldi bat egingo genuela. Gil [Verriere] animatu zen, eta azaroan Peña Montañerasa abiatu ginen».

Sasoi bikaina zutela baliatuta, gazteon helburua argia zen: 'Piztu da piztia' era askean igotzea. Hirurok ala hirurok, gainera, sokaburu ardura hartuz. Estrategia antolatu ondoren, eskalatzaileok argi zuten hamaka eraman behar zutela, besteak beste, luze zailenek denbora eskatzen zutelako: «Lauzpabost egun beharko genituela aurreikusi genuen, baina, azkenean, horman hiru igaro genituen; estu ibili ginen denborarekin. Zorionez, oso eraginkorrak izan ginen. Lehen egunean, adibidez, lehen hiru luzeak kateatu genituen. Bigarrenean, berriz, bidearen giltza (8b), eta, hirugarrenean, lan guztiak amaitu genituen. Hirugarren ekinaldian sinatu nuen luze zailena. Ezuste ederra hartu nuen, kirol eskaladan maila bera dudalako. Hasieran 8b/+ jarri zioten, egun 8b adostu da, baina 8a+/b bezala ere hartzen da. Bide horrek asko bete zigun, eta 'joko' polita izan zen, denboraren presiopean geundelako; eguraldi iragarpenak ez ziren oso positiboak. Marrak askoz jota hamarren bat igoera ditu, eta gurea horietako bat izateak asko bete gaitu».

Mendizabal eta Martin 'Memento Mori' marra gogorra errepikatzeko gai izan dira. (Tasio MARTIN)

'Piztu da piztia'-ren inguruan, eskalatzaile bizkaitarrak ez du zalantzarik: ederra baino ederragoa da. Martinek gaineratu du sei luze ikaragarri onak dituela, arrokaren kalitatea goi mailakoa dela eta mugimendu oso erakargarriak dituela. Horrez gain, irizpide oso onekin sortu zela aipatu du: «Parabolten artean tarte politak daude, baina ez duzu beldurrik pasatzen. Estrategiaren aldetik uste dugu asmatu genuela. Erlaitzean gauak igaro ordez, bi hamaka eraman genituen. Eguraldiarekin ere zortea izan genuen, batez ere lehen bi egunetan. Tenperatura oso egokia zen eskalatzeko eta gogor saiatzeko. Azken egunean, aldiz, txarrera egin zuen. Oso pozik nago bide horretan eginiko lanarekin eta bizitako esperientziarekin. Izaera horretako bide gutxi egin ditut, eta altxor hori egiteak asebete egin nau. Dokumentala ikusi nuenean lau eroren kontua zela iruditu zitzaidan; orain, berriz, egoera erreal bat bizi izan dut».

'Memento Mori'

Bestalde, Pirinioetako bigarren altxorra, modu batean edo bestean, ia ezustean iritsi zitzaien Mendizabali eta Martini. Nahiz eta hil honen hastapenean neguko baldintzak ezarri, oraindik ez zen izotzean eskalatzeko aukera handirik. Urduñarrak dio bat-bateko erabakia izan zela saiakera egitea: «Onartu behar dizut 'Memento Mori'-ren berri banuela, baina, aurreko helburuak ez bezala, ez zuen neure buruan hainbesteko indarrik. Gainera, bi urte neramatzan pioletak hartu gabe. Bide horretara joan baino bost egun lehenago, Gavarnieko webcam-ean 'Memento Mori' ikusi nuen. Pantaila-irudi bat egin eta Mendiri bidali nion. Bi egunera, baldintzak eta eguraldia aztertu eta gero, Gavarniera abiatu ginen; hori bai, asmo handirik gabe. Hots, gure asmoa zen hirugarren murrura hurbiltzea, marraren baldintzak aztertzea eta han bertan erabakitzea zer egin. Erabateko ziurgabetasuna genuen».

Serradets-en gaua igaro eta gero, biharamunean martxan jarri ziren. Zorte handia izan zuten bidearen oinarrira heltzeko; aztarna zabalduta zuten. Oñatiarra eta urduñarra 'Memento Mori'-ren aurrean zeuden. Izotzaren baldintzekin zalantzak izan zituzten: «Behetik ez zen lodi ikusten, eta, urdin kolorea izan ordez, zuri zegoen. Halere, sartu egin ginen. Lehen luzeak arrokan eskalatzen direnez, horiek igo eta izotzezko lehen luzera iristerakoan atzera edo aurrera egin erabaki behar genuen. Tenperatura izan zen giltza. Arrokazko lehen luzeak katu-onekin egiten dira, eta ez zuen hotz handirik egiten. Bederen, eskuak ez ziren izoztuta geratzen. Magnesioa erabili genuen (kar-kar)».

Lehen metro puskatuak gainditu ostean, euskal sokada gozatzen hasi zen ondorengo luzeekin. Mendizabalek 6c/7a mailakoan ardura hartu zuen, eta, Martinek, hirugarrenean (7b/c). Azken horri dagokionez, ikusgarria da oso. Plaka tente bat izan ordez, eroria duen luzea da, helduleku handiekin.

Bi alpinista gazteak, pozarren, 'Memento Mori'-ko eskarmentuarekin. (Tasio MARTIN)

Harkaitza atzean utzi, katu-oinak kendu, kranpoiak jarri eta izotzera egin zuten trantsizioa. Bilgunera iritsi eta izotzaren baldintzak aztertu zituzten: «Placage horiek lodiagoak ikusten ziren. Eta onartu behar dut eroso sentitu ginela eskalatzen. Berez, lehen igotzaileek 5+ maila jarri zieten, baina guk eskalatutako baldintzekin 5 maila izango zuten. Oro har, oso gustura gaude eginiko lanarekin. Bidea zabaldu zutenean aura berezia zuen; zioten Pirinioetako gogorrena zela. Nire kasuan esan behar dut une bitxia bizi izan nuela. Izan ere, hirugarren murru horretara bost aldiz joan naiz eta azken bisita horretan lortu dut igotzea. Nondik eta 'Memento Mori'-tik! Gainera, guk dakigunez, oso errepikapen gutxi ditu. Amaitzeko, esan behar dizut niretzat ezustea izan dela. 'Piztu da piztia' bidea egiteko asko eskalatu nuen, baina 'Memento Mori' egiteko ez nintzen espresuki prestatu. Bi urte neramatzan pioletak hartu gabe. Gainera, bi igoeren artean soilik hilabete igaro da. Oso pozik nago bi diziplina hain ezberdinetan ondo ibili naizelako. Ez da batere erraza moldakortasun horri eustea, baina saiatzen naiz».