Erbesteko doinuan: berekin kantua eraman zutenak
Erbestea eta musika izan zituen aztergai Hamaika Bide Elkarteak duela urte bi egin zuen nazioarteko biltzarrean. Aurten, han aurkeztutako hainbat txosten jaso dituen liburua aurkeztu dute, «Ikerketak erbesteko musikaz», erbesteko hainbat musikari eta konpositoreren memoriaren araketa.

Kausa ugari ditu erbesteak; nagusiak, gerra edo gatazka armatuak eta pobrezia. Hala izan dira Euskal Herrian ere, eta 1936ko gerra piztu zuen altxamendu faxistak ondorio lazgarriak izan zituen iheslarientzat eta euskal jendartearentzat oro har. Kulturari dagokionez, XIX. mende amaieran hasitako pizkundea trenkatu zuen. Ezagun samarra da, esate baterako, literaturari dagokiona, baina ez horren ezaguna musikari dagokiona. Hain zuzen ere, erbesteko musika izan du aztergai Hamaika Bide Elkarteak azken urteetan.
Erbestearen inguruko ikerketak sustatzeko sortu zen 1999an Hamaika Bide Elkartea, batez ere kulturaren esparruko ikerketak sustatzeko eta oro har euskal erbestearen memoria berreskuratzeko. 50 liburutik gora argitaratu eta hainbat ekimen bultzatu ditu, hala nola 36ko gerrako erbestearen inguruko 19 nazioarteko biltzar.
Azkena aurtengo urri amaieran egin zuen EHUrekin elkarlanean, “Erbestea eta emigrazioa” izenburupean. Hainbat unibertsitatetako eta lekutako adituek gerra hartako erbesteratuen eta gaur egun gatazka guneetatik abiatutako migrazio fluxuen arteko paralelismoa sumatzen duten lanak aztertu zituzten: ihes moduak, laguntza eta harrera sareak, aurre egin behar dizkieten arazoak...
XIX. Biltzarraren testuinguruan, halaber, liburu bi aurkeztu zituzten, Ignacio Mendiolaren “La danza de las luciérnagas. Vivir, pasar y morir en la frontera del Bidasoa”, eta “Ikerketak erbesteko musikaz”, Rebeca Gomez Cifuentes ikertzaileak koordinatutako lana, XVIII. Biltzarrean, 2023an, hainbat adituk musika eta erbestearen inguruan prestatu zituzten txosten nagusiak biltzen dituena. Abenduaren 4an aurkeztu zuten Donostiako Udal Liburutegian.
Erbestea eta musika
Saiakera honek 15 bat lan biltzen ditu, «erbesteko fenomeno kultural horren ikuspegi orokorra» ematen dutenak. Oraintsu arte zenbait pertsona ezagunen inguruko azterketa partzialak edo biografikoak baino ez dira egin; hori-dela eta, Iosu Chueca historialari eta Hamaika Bide Elkarteko presidenteak liburuaren aurkezpenean esan zuenez, nabarmentzekoa da liburu honen berezitasuna. Rebeca Gomezek azpimarratu zuen erbesteratuentzat musikak izan zuen garrantzia, memoriarekin lotuz: «nor ziren ez ahazteko balio izan baitzien. Emozioekin bat egitea da, denok baitugu soinu-banda bat gure bizitzan, erbesteratuen kasuan memoria ere badena».
Liburuak bi atal nagusi ditu; lehenengoan, erbesteko euskal musikaren eta dantzaren inguruko lanak biltzen ditu, tartean Eresoinka taldearen ingurukoa; bigarrenean, berriz, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko hainbat musikagileren inguruko hainbat ikerketa.

Jakina denez, euskal kulturarekin lotura zuten hainbat jendek, tartean artista, dantzari, abeslari eta musikagileak, erbesteko bideari ekin behar izan zioten, faxisten jomugan zirela eta; hala, Hamaika Bidek gogoratzen duenez, Euskal Herriko historia musikaleko protagonista askok «beren ibilbide bikainak utzi behar izan zituzten erbesteko eguneroko biziraupenari aurre egin ahal izateko».
Chuecak gogora dakartza, esate baterako, Lekarozko (Baztan) ikastetxean zeuden batzuk, hala nola Aita Donostia, Jorge de Riezu eta Hilario Olazaran kaputxinoak, erbestean hainbat urte emandakoak. Egiten ari ziren lan erraldoia, doinuak eta dantzak berreskuratzeko eta ikerketa lan eskerga, erbesteak eten zien, eta zenbait hamarkada igaro arte ez zen berreskuratu. Horiez gain, Jon Oñatibia, Regino Sorozabal eta beste askok heldu behar izan zioten bide horri. Euskal Herritik kanpoko askok ere hartu zuten bide bera, tartean musikaren munduari ekarpen itzela egin zioten Pau Casals edo Manuel de Falla bezalako jendea.
Duela urte bi, erbesteko musika aztergai izan zuen XVIII. Biltzarra aurkeztean, Iosu Chuecak poema bat gogorarazi zuen, Leon Felipe poeta espainiarrak erbestera abiatu zenean Frankori idatzi ziona: «Soldadu, zurea da etxaldea,/ etxea,/ zaldia/ eta pistola./ Nirea da lurraren ahots zaharra./ Guztiarekin geratzen zara zu eta biluzik eta munduan zehar alderrai utzi nauzu ni.../ Baina nik mutu utzi zaitut... mutu!/ Eta nola jasoko duzu garia/ eta nola elikatuko sua/ nik kantua daramat eta?».
Eresoinka
Sorterritik kantua eraman zuten haien artean, Eresoinka bide da ezagunenetakoa, «erbesteko euskal enbaxada kulturala», are gehiago aurten zinemak haren berri eman ostean. Asier Altunaren “Karmele” filmak, Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberrian oinarritua, Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizitzaren zenbait pasarte jasotzen ditu, Eresoinkari lotutakoak, hain zuzen ere. Era berean, joan den urrian Amagoia Mujikak erreportaje zabala idatzi zuen GAUR8n Urresti Venezuelatik itzuli ostean Ondarroan osatu zuen ibilbideaz.
Jose Antonio Agirre lehendakariak 1937an bultzatutako ekimena izan zen Eresoinka. Bilbo faxisten eskuetan jausi zenean, musikari, dantzari eta erbesteko abeslaririk onenek osatutako talde edo konpainia prestatzeko enkargua egin zion Gabriel Olaizola hernaniarrari. Hala sortu zen frankismoaren aurkako propaganda egiteko eta askatasuna aldarrikatzeko tresna hura, euskal eta nazioarteko kantak tartekatzen zituen enbaxada artistikoa. Berehala hasi zen emanaldi arrakastatsuak egiten Parisen, Belgikan, Herbehereetan, Britania Handian....

Abesbatza hartako abeslari batzuk ezagunak dira gaur egun ere; esate baterako, Luis Mariano Gonzalez irundarra, hain zuzen ere erbesteari «esker» mundu osoan ospea lortu zuena, edo Pepita Enbil getariarra, ondoren gehienbat Placido Domingo tenorearen ama izateagatik aipatua baina maila handiko abeslaria izan zena. Enbil ez zen emakume bakarra, ordea, Chuecak nabarmentzen duenez, Eresoinka taldea erdiz erdi osatu baitzuten gizonek eta emakumeek; izan ere, «gaur egun hain normala iruditzen zaigun hori, garai hartan ez zen hala».
Emiliana de Zubeldia konpositoreak ere jasan zuen bere garaiko «normaltasun» hura. Gerra baino lehen joan zen Mexikora eta berez ez zen erbesteratu politikoa, baina bai, Chuecak dioenez, nolabait genero erbesteratua. Garai hartako Euskal Herriko gizarte tradizionalean emakume konpositorea eta gainera senarrarengandik banandua izatea beharbada ez zen oso ondo ikusia egongo. Hura ere ia erabat desagertu zen musikaren panoramatik, eta urte asko igaro ziren haren lana neurri batean berreskuratu arte.
“Ikerketak erbesteko musikaz” liburuko bigarren atalak jaso du Zubeldiaren inguruko ikerlana, baita Jorge de Riezu, Luis Mariano, Pedro Sanjuan, Ramon Muguruza eta beste batzuen ingurukoak, euskal musikari eta konpositoreei dagokienez, eta errepublikarrei dagokionez, Maria Rodrigo, Joaquin Nin-Culmell eta Gustavo Duranen ingurukoak, besteak beste.
Kontzentrazio esparruan nahiz itsasontzian
Hamaika Bidek duela urte bi antolatutako biltzarra erbestearen historia musikaren bidez ezagutzeko ahalegina izan zela esan zion Chuecak NAIZ irratiari, eta aldi berean, «erbestean motibatu, baldintzatu eta artikulatutako musikaren historia». Saio zientifikoetatik harago, abestiekin, musikarekin «ilustratu zen» dozenaka aditu eta artista bildu zituen biltzar hura, eta erbestean sortutako zenbait kantu eta konposizio entzun ahal izan ziren bertan, tartean Regino Sorozabalen “Gurseko pasodoblea”.
Gurseko kontzentrazio esparruan (Biarno) egin zuen Pablo Sorozabal konpositore ospetsuaren anaiak pieza hori; herritik kanpo, baldintza lazgarri eta ilunenetan egindako musikaren erakusgarri. Han eman zuen denboran, era berean, musika banda txiki bat sortu zuen dozena bat preso lagunekin batera.
Kontzentrazio esparru berean izan zen Ramon Muguruza hernaniarra ere, eta lehenago Argelers de la Marendakoan (ofizialki, Argelès-sur-Mer, Herrialde Katalanak). Han ziren euskaldunek, Muguruzaren zuzendaritzapean, “Euzko Ametsa” abesbatza sortu zuten. 1939an, beste bat sortu zuen hernaniarrak, non eta hainbat erbesteratu Ameriketara zeramatzan Winnipeg itsasontzian. Abesbatza hartako lagun askok Santiago Txileko Euzko Etxeko abesbatzan kantatzen jarraitu zuten gero, Muguruza zuzendari zutela. Bera musikari profesionala izan zen herrialde hartan.
Erbestean edo erbestera bidean, musika baliatu zuten gizon-emakume haiek beren nortasunari eta duintasunari eusteko. Hamaika istorio, berreskuratu beharreko memoria bereko hamaika bide.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du Miribillan bildutako euskararen komunitateak
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

