Aktualitateko erredaktorea

Athleticek urtea agurtu du San Mamesen 30.000 lagunen babesean

San Mamesek ateak ireki ditu urteko azken entrenamendurako. Etxeko txikientzako aukera aparta izan da eta harmailak hartu dituzte. Gainera, ume asko lehoiek egindako opariekin itzuli dira etxera. Yuri, Laporte eta Sannadi, min hartuta, ez dira azaldu. Eder Garcia eta Monreal izan dira berritasunak.

Izetaren golaren ospakizuna.
Izetaren golaren ospakizuna. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zapore mingotsa utzi zuen 2025eko azken partidak San Mamesen, Espanyolen aurka porrota jaso ostean duela astebete. Hori gutxi balitz, urtarrila aldapatsua dator lehoientzako: Ligako hiru partida jokatuko dute etxetik kanpo (Osasuna, Mallorka eta Sevilla), Kopako beste bat, Arabiako Superkopa, eta Txapeldunen Ligako dema erabakigarria Atalantaren aurka. Gauzak horrela, urtarrilaren 28an itzuliko dira zuri-gorriak San Mamesera, Portugaleko Sporting-aren aurka jokatzeko.

Indarrak hartzeko, zaleen berotasuna sentitu dute. Asteburuko partidaren usaina hartu du Euskalduna Zubiak astearte honetan. Jende andana abiatu da San Mameserako bidea goizeko 10.00etan, umeak nagusiki. Etxeko txikientzat aukera paregabea izan da gaurko hitzordua, askorentzako Katedrala bisitatzeko aurrenekoz eta beste askorentzako euren idoloak ezagutzeko gertutik.

Zentzu berean, nerabe ugari ere gerturatu dira entrenamendua ikustera, ikastolako opor egunak baliatuz. Horren adibide izan da Alain Navarro eta bere kuadrilako lagunen kasua. Barakaldoko gazteak esaten duenez, denbora dezente pasa da jada San Mamesera joan zirenetik kuadrila osoa batera. Txapeldunen Ligako itzulerarekin eta Atletico Madrilen aurkako partidararekin geratzen dira 2025eko oroitzapen goxoenak bezala. Bestetik, 2026 urterako desio bati buruz galdetzerakoan, beste garaikur bat nahi dutela aitortzen dute, eta urtarrilean jokatuko den Superkopa aipatu dute.

Iaz baino gehiago

Zelaiko sarbidetan pilatu dira gazteak. Haietako asko lagunekin, beste batzuk aitona-amonekin eta beste nahikotxo ikastolako futbol-taldeekin. Gaztetxo gehienek Olentzerok oparitutako elastiko zuri-gorria jantzi dute gaurko hitzordurako. Dena den, askok jakaren gainetik eraman dute. Ez da gutxirako. Zazpi gradu markatzen zituen termometroak goizeko 10.30etan Bizkaiko hiriburuan.

Monreal, Guruzetarekin lehian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Turistak ere ikusi izan dira ilaretan. Egia esan, astearte honetan San Mames barrutik ezagutzea Alde Zaharreko pintxo bat baino merkeago atera zaie bisitariei. Esate baterako, Gadea Uriel, bilbotarra izatez, Japonian bizi da bere bikotekidearekin, Kei Teshima. Gabonetan etorri dira familiarekin egoteko, eta haren lehengusinak komentatu zion Athleticek San Mameseko ateak irekiko zituela. Ez dute aukera galdu. Japoniako etxean taldearen tapauka eta bandera dituzte eskegita, eta, Teshimak harrituta geratu da gaurko giroarekin. Haren lehen aldia da San Mamesen eta Ligako partida bat dirudiela komentatu du ingelesez.

Zelaira sartu diren guztiek amankomunean zeukaten gauza bera: ilusioa. Aurten, 30.050 lagun bildu dira ireki diren Ipar Harmailan, Hego Harmailan eta Ekialde Harmailan. 2024. urtean, ordea, 27.522 athleticzale bildu ziren.

Bi lehoikume lehen taldearekin

Sarà perché ti amo’ abestiak ongi etorria eman die lehoiei berdegunean. Ohorezko buelta eman dute zelaira, eta zelaiko txoko guzietan jaso dute txalo zaparrada. Bideomarkagailuetan, bitartean, urteko golik onenak proiektatu dituzte.

Hiru jokalari garrantzitsu ez dira azaldu entrenamenduan: Yuri, Laporte eta Sannadi, denak min hartuta. Haatik, bi lehoikume Valverderen gidaritzapean egon dira gaurkoan: Eder Garcia eta Monreal.

Nabarmentzeko modukoa izan da, hasieran, Berenguerrek intentsitate gutxiagorekin entrenatu duela, eta ez da sartu baloiarekin egin dituzte ohiko ariketetan. Ikusteke dagoa ea larunbateko derbirako prest baldin badago. Gainera, bere talde-ohiaren aurka jokatuko luke, Sadarren.

Malen Garamendi, eta bere lagunak Getxo, Barakaldo eta Sopelatik etorri dira. Karabakhen aurkako partidan egon zen Garamendi, eta liluratuta geratu zen Txapeldunen Ligako ereserkiarekin. Lagunak ez dira sekula egon San Mamesen, beraz, aukera bikaina zen gaurkoa. Ez dute gustuko Superkopa, eta, hain zuzen, garaipen bat eskatu dute Osasunaren aurkako derbian, 2026ko ederki hasteko.

Izeta eta Sancet (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ariketa gehienak baloiarekin egin dituzte, zaleak entretenitzeko xedez. Gehienbat, Nico Williamsen izena oihukatu dute etxeko txikiek. Zelaiaren beste aldean, Unai Simon eta Alex Padilla egon dira atezain-entrenatzailearekin. Valverdek ez du pistarik eman, eta oraindik jakiteke dago zein izango den atezaina urtarrilean Arabian ospatuko den Superkopan

Entrenamendua amaitzeko partidatxo bat jokatu dute, eraiki duten dimentsio txikiko zelai batean. Williamsek gola sartu du. Bilbon dago Williams anaietan handiena, Ghana Afrika Kopatik kanpo geratu baitzen. Izetak ere bi gol sartu ditu.

Zoramena piztu da entrenamendua amaitu denean, opariak banatzeko unea heldu baita. Motxilak, kutxatilak eta kamisetak oparitu dizkiete jokalariek umeei. Jauregizar izan da azkena zelaia uzten, ZETAK-en melodia entzuten zen bitartean.