
EH Bilduk eta EAJk oso modu desberdinean erantzun diote AEBetako Armadak, Donald Trump presidentearen aginduz, Venezuelaren aurka egindako eraso militarrari eta Nicolas Maduro agintariaren atxiloketari.
Koalizioak «gogor salatu eta arbuiatu» du AEBek Venezuelako «herri burujabearen aurka egindako eraso inperialista eta Nicolas Maduro presidentearen bahiketa, baita kanpoko esku-hartze oro ere».
Gaineratu dutenez, «euskal ezker independentistak –gaineratu dute– munduko herri eta nazio guztien burujabetza, autodeterminazioa eta bakea printzipio ukaezin gisa defendatu eta defendatuko ditu beti» eta gaineratu dute harremanak dituzten Latinoamerikako indar politiko eta Gobernuekin elkarrizketan daudela, «Venezuelako Errepublika Bolibartarrean ematen ari diren gertakari larrien etengabeko jarraipena egiteko asmoz».
Azkenik, EH Bilduren Kongresuko taldeak iragarri du Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministro espainiarraren presazko agerraldia eskatuko duela.
EAJ erregimen aldaketaz mintzo da
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak, bere aldetik, ohar bidez «kezka» agertu du «Estatu Batuek nazioarteko araudia hautsi dutela ikusita, Venezuelan sartu eta Nicolas Maduro eta bere emazte Cilia Flores atxilotu ondoren». «Gertakarien baieztapen independente eta gardenaren zain», daudela zehaztu dute.
EBBak azpimarratu du «munduko ordena multilateralismora itzultzea dela bakea babesteko modurik eraginkorrena», eta, horrela, «gardentasuna eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzea» eskatu dio Etxe Zuriari.
EAJren zuzendaritzaren ustez, «Nicolas Madurok 2024ko uztailaren 28ko Venezuelako Presidentetzarako hauteskundeak faltsutu» egin zituen eta «Edmundo Gonzalez Urrutiak babes handiagoa lortu zuela». «Hala adierazi zuten Nazio Batuen Aditu Taldeak eta Carter Zentroak» esan dute jeltzaleek.
Era berean, esan dute «espero» dutela Venezuelak «trantsizio politikoa hasi ahal izatea, askatasun publikoak eta giza eskubideak errespetatuko dituen eta herritarren bake eta adiskidetze beharrei erantzungo dien erregimen demokratikoa lortzeko».
«Horretarako –gaineratu dute–, lehenbailehen itzuli behar zaie ahotsa venezuelarrei, behar bezalako berme demokratikoekin».
Pradales: «Gertutik eta kezkaz jarraitzen dugu»
Imanol Pradales lehendakariak X sarean paraturiko mezu batean adierazten duenez, Lakuako Gobernuak «gertutik, etengabe eta kezkaz jarraitzen du» Venezuelan gertatzen ari dena.
«Euskaditik Venezuelan nazioarteko legedia eta Nazio Batuen gutuna errespetatzen eskatzen dugu, eta zentzu horretan bat gatoz Europar Batasunak adierizitako jarrerarekin. Baita multilateralismoaren, elkarrizketaren eta diplomaziaren defentsarekin ere, bakerako eta gatazkak konpontzeko bide gisa. Horren haustura arbuiatzen dugu», nabarmendu du.
«Nazioarteko zuzenbidea berme gutziekin errespetatu behar da, demokrazia eta askatasuna herrialdera itzultzeko ahalbidetuko duen trantsizio erreala ziurtatzeko. Venzuelarren oinarrizko eskubide eta askatasun guztiak babestuko dituen demokrazia, bai eta haien jardun askea eta subiranotasun oso ere», gaineratu du.
Honekin batera, bi euskal herritar [Jose Maria Basoa eta Andres Martinez Adasme] Venezuelan «gutxieneko berme judizialik gabe» atxilotuta daudela gogoratu du Pradalesek.
Maria Chivite lehendakariak, berriz, gertatutakoa «nazioarteko legediaren eta Venezuelako burujabetzaren kontrakoa» dela adierazi du X sarean. Maduro «autokrata»-tzat jo du, baina honek «estatuen artean indarra erabiltzea ez duela justifikatzen» gaineratu du.
UPNko agintariek inbasioa ospatu dute
UPNko agintari nagusiek Venezuelak pairaturiko erasoa ospatu dute X sareko mezuen bitartez. Cristina Ibarrola alderdiko presidentak «Venezuelak gaur bere historian etapa berria hasten duela» nabarmendu zuen, «diktaduraren etapa iluna» amaitutzat eman duelarik.
Alderdiko presidenteorde eta Tuterako alkate Alejandro Toquerok ere Venezuelaren «askatasuna» ospatu du Xn, gertatutako «demokraziara itzultzea» suposatzen duela gaineratuz.
Nafarroako Parlamentuko eledun Javier Esparzarentzat gaurkoa «jai eguna» da. «Diktadura-erregimen batekin amaitzen denean askatasunak eta demokraziak ospatzen dute», gaineratu du.
PPko Sergio Sayas diputatuak ere inbasioa ospatu du sare sozialetan.
Geroa Sozialberdeak alderdiak Venezuelak pairaturiko erasoaren kontra eta nazioarteko zuzenbidea eta herrien burujabetzaren alde azaldu da.
NEB, Contigo-Zurekin, Batzarre, Ezker Anitza eta Ahal Dugu
Nafarroako Ezker Batuak (IUN-NEB) Venezuelak pairaturiko «legez kontrako AEBren eraso kriminala» gaitzetsi du ohar batean eta Nazio Batuen eta Ameriketako Estatuen Erakundearen premiazko bilerak deitzea eskatu du.
AEBren erasoak Venezuelako herritarrak arriskuan jarri dituela eta Latinoamerika eta Karibe osoa ezengortuko dituela nabarmendu du.
Contigo-Zurekinek erasoa gaitzetsi egin du eta AEBen «asmo bakarra Venezuelaren ondasun naturalak bereganatzea» dela adierazi du. Aldez aurretik egin bezala, AEBk herrialde burujabe baten presidentea bahitu duela gogoratu ondoren, nazioarteko komunitateak ezin duela ezikusiarena egin gaineratu du.
Batzarrek ere «AEBen eraso inperialista» gaitzetsi du.
EAEko Ahal Dugurentzat Venezuelak pairaturiko erasoa «inperialismorik klasikoenaren adibide berri bat» da eta ez du «ez demokrazia ez giza eskubideen defentsarekin bat egiten».
«Ezin dira erasoak justifikatu edo indarkeria normalizatu tresna politiko gisa. Pakea eta burujabetza ez dira negoziatzen», gaineratu du.
Nafarroako Ahal Dugu ere «eraso inperialistaren» aurka azaldu da.
Ezker Anitzak ere AEBen erasoa gaitzetsi eta Venezuelaren burujabetzarentzat errespetua eskatu ditu. Eraso honen helburuak Venezuelako ondasun estrategikoak eskuratzea, herrialdearen burujabetza hondatu eta iraultza bolivartarrarekin amaitzea dire gaineratu du.
Elkarretaratzeak
Mugimendu internazionalistak prozesu bolivartarraren defentsan elkarretaratzeak egin ditu Euskal Herrian. Iruñean Diputazioaren aurrean elkartu dira, Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan, Bilbon Areatzan eta Donostian Bulebarrean.

Biharko ere elkarretaratzeak deitu dituzte eguerdirako Hegoak plataformaren bidez. Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazan izango da 13.00etan. Bilbon 12.30ean Venezualako kontsulatuaren aurrean. Donostian 12.30ean Bulebarrean eta Iruñean 12.30ean Udaletxe plazan.
Larunbatean bertan, mezu berberarekin elkarretaratzeak egin dituzte herri hauetan: Zarautz, Arrasate, Bergara, Eibar, Gares, Atarrabia, Bera, Berriozar eta Otxandio.
ELAren gaitzespena
ELAk ere Venezuelan gertatutakoa gaitzetsi du. «Trump administrazioak Karibe itsasoan hainbat hilabetez jatorri venezuelarra duten txalupen aurkako erasoen eta dozenaka heriotzen ondoren, egindako mehatxuen ondoren, AEBek beste pauso bat ematea erabaki dute eta militarki esku hartzea erabaki du. Herrialde subirano baten aurkako eraso honekin, AEBak nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutuneko printzipioak urratzen ari dira. Beste behin ere, AEBek indarra erabiltzen dute herrialde baten subiranotasunaren aurka, kasu honetan Venezuelarena, petrolioa bezalako baliabide ekonomiko eta naturalak beren esku utziko dituzten gobernuak sustatzen saiatzeko», adierazi du sindikatu honek.
«ELAk Estatu Batuetako gobernuari exijitzen dio Venezuelan ematen ari den eskalada militarra buka dezala, eta nazioarteko komunitateari eta maila instituzional guztiei (Europakoari, Espainiako Estatuko Gobernuari eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuari) exijitzen die eraso hauen aurka ager daitezela eta presioa egin dezatela behin betiko geldiarazteko», gaineratu du.
LABek ere gaitzetsi du
LAB sindikatuak ere Venezuelako Errepublika Bolibartarraren aurka egindako eraso militarraren aurrean gaitzespen eta salaketa irmoena adierazi du. «Eraso berri honek nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria suposatzen du, eta kanpo-injerentziarik gabe bere oraina eta etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duen herri baten burujabetzaren aurkako eraso zuzena da», adierazi du.
«Nazio Batuen Gutunaren urraketa larri baten aurrean gaude, bereziki 1. eta 2. artikuluena, estatuen burujabetzarekiko errespetua, estatuen berdintasun juridikoa eta indarraren erabileraren debekua ezartzen dituzten neurrian. Estatu Batuek Venezuelaren aurka egindako erasoak nazioarteko bakea eta egonkortasuna mehatxatzen ditu, bereziki Latinoamerikan nahiz Karibean, eta milioika pertsonen bizitza arrisku larrian jartzen du», gaineratu du LABek.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona




