NAIZ

Venezuela, mende laurden bat Estatu Batuen esku-hartzeei buru ematen

AEBek Venezuelari egindako eraso militarra ez da ezustean eta salbuespen gisa gertatua. Hego Amerikako herrialde horrek 25 urte daramatza munduko lehen potentzia ekonomiko eta militarraren eraso etengabeei aurre egiten.

Hugo Chavez Venezuelako orduko presidentea, 2002ko apirilaren 14an Miraflores jauregira itzultzen, Estatu-kolpe saiakera baten ondoren.
Hugo Chavez Venezuelako orduko presidentea, 2002ko apirilaren 14an Miraflores jauregira itzultzen, Estatu-kolpe saiakera baten ondoren. (Juan BARRETO | AFP)

Estatu Batuek orain Venezuelari egindako eraso militarra ez da tximista bat zeru barean. Hego Amerikako herrialde horrek 25 urte daramatza planetako lehen potentzia ekonomiko eta militarraren erasoei aurre egiten. Hugo Chavez komandanteak presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen 1998ko abenduan, nazio horren historian inoiz izan ez den masa-mugimendu baten buru zela. Mugimendu hori auzo txiroenetako jendetzak osatua zen, eta gizarte desberdintasuna nagusi zen egoera iraultzeko erabakia zuen lider herrikoi baten uste sendoak erakartzen zuen jendetza hura. Berehala, Washingtonek erne begiratu zion «biraketa» horri; izan ere, nazio hura aliatu estrategikoa izan zuen mende batez, Estatu Batuetako gobernuari petrolio merke eta etengabea bermatzen zioten ikaragarrizko erreserben jabe izanda.

Hona mende laurden horren errepasoa:

2001eko abenduaren 10ean lanuzte patronala izan zen. Fedecamerasek eta Venezuelako Langileen Konfederazioko (CTV) buruzagitza sindikalak deitu zuten Chavezek aldarrikatutako 49 legeei erantzutera, besteak beste, nekazaritza, zerga eta petrolio erreformei. Workers to workers-en azterketa batek National Endowment for Democracy fundazio estatubatuarraren finantzaketarekin lotu zuen CTVren jarduera gero eta handiagoa.

2002ko apirilaren 11ko estatu kolpea, 47 orduz Chavez boteretik atera zuena, Venezuelan Estatu Batuen esku-hartzearen lehen erakusgarri nabarmena izan zen.

Washingtonek gidatu eta monitorizatu zituen altxamenduaren ekintzak. Estatu Batuetako goi funtzionarioek harremanak izan zituzten konplotean parte hartu zuten enpresari eta militarrekin, Itsas Armadak inteligentziaz eta komunikazioz lagundu zuen, Caracasko enbaxadore Charles Shapirok konspiratzaileekin hitz egin zuen irratiz matxinadaren egunean. 

2002ko abenduan, oposizioak eta George W. Bushen gobernuak petrolio sabotajearen aldeko apustua egin zuten Chavez botatzeko. Egin zuten «lanuzte zibikoa» industrian itxiera patronala bihurtu zen. Estatuaren diru sarreren bide nagusitik itotzeko apustua egin zuten: findegiak itxi zituzten, esportazioak geldiarazi zituzten eta Venezuelako Petroleo Sozietate Anonimoaren (Pdvsa) sistema informatikoa itzali zuten, SAIC enpresak Virginian kontrolatzen baitzuen.

2004. urtearen hasieran, mobilizazio bortitzak eta ekintza bandalikoak egin zituzten Washingtonek finantzatutako gazte taldeek, Robert Alonso kubatar-venezuelarrak diseinatutako barrikada-teknika erabiliz. Herrialdea geldiarazten saiatu ziren indarkeria guneak sortuz. Estrategia hori errepikatu egin zuten; gerora, guarimba izenez ezagutu zen.

Urte hartan idoro zen Alonsoren jabetzako Daktari finkan 150 paramilitar kolonbiar baino gehiago entrenatzen zirela botereari erasotzeko eta buruzagi chavisten aurkako atentatuak egiteko, Estatu Batuen laguntza logistikoarekin.

2005ean, Chavezek bertan behera utzi zuen Drogak Kontrolatzeko Agentziarekin (DEA, ingelesez) zuen lankidetza, espioitza leporatuta. Esan zuenez, Estatu Batuetako erakunde horrek maskara gisa erabiltzen zuen narkotrafikoaren aurkako borroka, «are narkotrafikoari laguntzeko eta gobernuaren aurkako inteligentzia egiteko ere». 

2007an, Estatu Batuetako agentziek berriz ekin zieten guarinba delako estrategiari ‘koloretako iraultzetako’ beteranoek Otpor de Serbia formatuan finantzatu eta entrenatutako ikasle-erakundeekin. Kale blokeoak, hiri altzariak erretzea eta erakundeen aurkako erasoak ugaritu ziren. 

2011n zigorrak hasi ziren, eta eraso ekonomikoaren aitzindaria Barack Obama izan zen. Urte hartan, Estatu Departamentuak Pdvsa zigortu zuen Iranekin egindako petrolio salerosketengatik. Horren ondorioz, herrialdeko bizitzak okerrera egingo zuen ziklo bat hasi zen.

2013an, Chavez hil ondoren, Nicolas Madurok hauteskundeak irabazi zituen, baina eskuinak ez zituen emaitzak onartu eta guarimba bolada berri bat antolatu zuen, hogei hildako eragin zituena.

Madurok hiru diplomatiko kanporatu zituen Estatu Batuetako enbaxadatik, esku-hartze eta konspirazioagatik.

2014an, oposizioko buruzagiek ‘La salida’ (irteera) bultzatu zuten, gutxienez 43 hildako eragin eta azpiegitura bandalizatua utzi zuten guarinbak. Abenduan, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak onartu zuen Venezuelan Giza Eskubideak eta Gizarte Zibila Defendatzeko Legea, hamarkada bateko zigorren eta krisi ekonomiko larriaren hasiera.

2015eko martxoan Obamak 13.692 agindu exekutiboa sinatu zuen, larrialdi nazionala deklaratuz, Venezuela «ezohiko eta aparteko mehatxua» zelako. Dekretu horrek ondorengo zigorretarako ‘legezko atea’ zabaldu zuen.

2017an, Donald Trump Etxe Zurian zela, Washingtonek bere estrategia gogortu zuen: guarinba direlakoez gainera, presio ekonomiko handiagoa. Kale terrorismoak 100 hildakotik gora eta ia mila zauritu eragin zituen. Trumpek 13.808 agindua sinatu zuen, Estatuaren eta Pdvsaren zor jaulkipen berriak debekatu, kreditua ito eta krisia bizkortu zuena. 

2018ko abuztuaren 4an, Caracasen egindako ekitaldi militar batean, bi dronek eztanda egin zuten presidentearen palkotik gertu eta zazpi guardia zauritu zituzten. Maduro onik atera zen. Kolonbiak eta Estatu Batuetako agentziek babestutako oposiziokoen parte-hartzea egiaztatu zen. Urte horretan, Estatu Batuek eta Europar Batasunak zigor gehigarriak ezarri zizkieten petrolioari, urreari, meatzaritzari eta bankuei. Center for Economic and Policy Research-en azterlan batek kalkulatu zuen herrialdearen aurkako neurriek –2017 eta 2018koak soilik kontuan izanda– zerikusia izan zezaketela 40.000 heriotza baino gehiagorekin intsumo medikoetan eta zerbitzuetan izan zuten eraginagatik.

2019 eta 2020an agresibitateak gora egin zuen. 2019ko urtarrilean Washingtonek Juan Guaido onartu zuen «bitarteko presidente» gisa, 2018an ez baitzuen Maduroren garaipena onartu. Etxe Zuriak Maduro kargutik kentzeko eskatu zien militarrei, baita Pdvsaren aurkako zigorrak, aktiboak blokeatzeko eta Citgo enbargatzeko ere.

Juan Guaidok manifestazio batean izendatu zuen bere burua «bitarteko presidente», 2019ko urtarrilean. (Cristian HERNANDEZ | AFPi)


 

Otsailaren 23an Kolonbiatik, ustezko laguntza humanitarioko karabana baten bidez inbaditzen saiatu ziren, baina indar armatuek, miliziek eta herriak uxatu egin zuen. Apirilaren 30ean kolpe militar bat ematen saiatu ziren inteligentziako funtzionarioek. Estatu Batuetan babestu ziren.

2020ko martxoan, Estatu Batuetako Justizia Departamentuak narkoterrorismoaz egotzi zien Maduro eta beste buruzagi batzuei eta 15 milioi dolarreko sariak eskaini zituen. Maiatzean, Trumpen eta Guaidoren agindupean Jordan Goudreauk antolatutako Gedeon itsas erasoaldiak huts egin zuen; hildakoak eta atxilotuak izan ziren, tartean bi txapel berde ohi.

2021tik 2024ra bitartean, Joe Bidenen Gobernuak Caracasekin negoziatu zuen zigorren malgutze mugatu bat, Chevroni gutxieneko jarduna egitn eta AEBetara petrolioa bidaltzeko bide eman ziona. Maduroren garaipenaren ondoren, 2024ko uztailean, Washingtonek iruzurra izan zela esan eta azken garaiko malgutzea erretiratu zuen, berriro ere itolarri ekonomikoa eraginez. 

2025eko urtarrilaren 20an Trump Etxe Zurira itzuli zenetik, Venezuelaren aurkako erasoa aurrez aurreko talka fasera igaro zen. Chevronen lizentzia atzera bota zuen, milaka venezuelar deportatu zituen, «Maduroren kontrolpeko» erakunde «terrorista»-tzat jo zituen Araguako Trena eta Los Soles kartela, Venezuelako agintariaren truke eskainitako saria 50 milioira igo zuen, drogen mafien aurka indar militarra erabiltzeko baimena eman zuen eta Kariben erasorako flota bat zabaldu zuen, destruktoreak, ehiza hegazkinak eta itsaspeko nuklear bat dituena.

Irailaren 7an, Venezuelako lurraldean «kartelen» aurkako erasorik izan zitekeen galdetu ziotenean, honela erantzun zuen Trumpek: «Tira, jakingo dute».

Mende laurdena igarota, Washingtonek Iraultza Bolivartarraren aurka etengabe luzatu duen erasoa aldatu egin da, baina ez txikitzeko, kontrakoa baizik. Venezuelaren erantzuna irmoa izan da: hauteskundeak, herri-boterea indartzea, politika soziala indartzea, nazioarteko aliantzak eta Latinoamerikako memoria historikotik sortutako duintasuna.

* ‘La Jornada’ egunkari mexikarrak argitaratutako edukia da hau, NAIZek erredakzioan itzulia.