Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Desobedienteak 18/98’, oholtzaren talaiatik oroimen sakonera jaitsiz

Desobedientzia zibilari buruzko bere doktorego-tesia defendatzen ari den ikerlari batek Luther King, Parks edo Gandhi aipatzen ditu. Baita gertuago gelditzen zaizkigun beste adibide batzuk ere, esaterako, Joxemi Zumalabe fundazioa. 18/98 makroepaiketa oholtzaren gainera igo du Tanttakak.

‘18/98’ izeneko auzia, taularen gainean. Dokumentaletik asko du lan honek.
‘18/98’ izeneko auzia, taularen gainean. Dokumentaletik asko du lan honek. (Gorka BRAVO )

Arriaga antzokian ostegun honetan, urtarrilak 8, estreinatuko duten azken lanarekin ur sakonetan sartu direla bota diogu Mireia Gabilondo (Bergara, 1964) aktore, zuzendari, gidoigile eta zinemagileari. «Bai, jakina!», Tanttaka antzerki talde beteranoaren partaide eta buruaren erantzuna.

Gaur egungo garai hauskorretan –mundua nola dagoen begiratzea baino ez dago, are gehiago Trump-ek hankaz gora jarri ostean–, kulturak eta, nola ez, antzerkiak, mahaiaren gainean jarri beharreko gaiak detektatu eta oholtzaren gainean jartzeko ahalmena eta, are gehiago, betebeharra izan beharko lukete.

‘Desobedienteak 18/98’, euskarazko bertsioan (urtarrilaren 8an, 19.30etan estreinatuko da), edo ‘Desobedientes 18/98’, gaztelaniazkoan (ostirala 9 eta larunbata 10ean), korronte horretan koka daitezke. Desobedientzia zibilaren zimenduetara garamatzate lan honetan, bere funtzionamenduaren nondik norakoak zeharkatuz eta egungo gizartean premiazkoa eta beharrezkoa dela azalduz.

Joxemi Zumalabe fundazioaren sumarioan jarri dute fokua, desobedientzia zibilaren aurkako eraso zuzena izan zelako. 40 bat emanaldi dituzte lotuta Bilboko estreinaldiaren ostean

Eta, desobedientzia zibilaren kontrako erasoez mintzatzen bagara, hor dugu 18/98 makroauzia. Aurrekariek, Fernando Bernues (Donostia, 1961) ekoizle, antzerkigile eta zuzendariak hauspotuta –Tanttakaren beste ‘hanka’ da, Mireia Gabilondorekin elkarlanean–, Arriagan hiru egunetan egongo den antzezlana ‘josi’ dute.

Testua Maria Goirizelaiari (Bilbo, 1983) eskatu diote, egun gurean eta Estatu mailan izen handienetakoa duen dramaturgoa eta ‘Altsasu’ edo ‘Yerma’ (La Dramatica Errante) lanen egilea. Hau ez da Bernuesek eta Gabilondok makroprozesuan egin duten lehen ‘murgilketa’, izan ere, ‘Egunkaria auzia’-n oinarritutako ‘Los papeles de Sisifo’ antzezlanaren zuzendaria izan baitzen Bernues eta aktore lanak egin zituen Gabilondok.

Harkaitz Canoren testu batean oinarritutako lan hura 2020an estreinatu zen, Atzerkizek –hau da, Arriagak, Gasteizko Principal antzokiak eta Donostiako Victoria Eugeniak osatzen duten elkarteak– eta Madrilgo CDN-ek (Centro Dramatico Nacional) ekoiztuta.

‘Desobedienteak 18/98’ Tanttakaren ekoizpen propioa da. Osagai desberdinak jarri dituzte koktel-ontzian: memoria, gazteak, injustizia... Eta abiapuntua Joxemi Zumalabe fundazioa izan da, erabat paradigmatikoa. Ehunka herritar eta hainbat enpresa eta elkarte –AEK, Joxemi Zumalabe fundazioa bera, ‘Egunkaria’ eta ‘Egin’ egunkariak...– 2005ean epailearen aurrera eraman zituzten. Euskal kulturari eta herri ekimenari ekarpen eskerga egin zien lagun baten izena duen 1996an sortutako fundazioak, helburua herri mugimenduen ekarpenak jaso eta aurrera ateratzea zuen, baina Baltasar Garzon epaileak sortu zuen 18/98 izena hartuko zuen auzian, desobedientzia zibilarekin «ETAren jarduna osatu nahi izan zuela» eragotzi zitzaion fundazioari.

«Kontatu egin nahi genuen, jende askok ez dakielako ezer horri buruz, edo gazteak direlako, edo ez dakit zergatik. Eta interesgarria iruditzen zaigu, are eta gehiago gaur egun», dio Mireia Gabilondok 

«Gehiago izan ziren auziperatuak, baina gu batez ere zentratu gara Joxemi Zumalaberen kasuan, zeren oso nabarmena da: ‘Dena ETA da’ aitzaki horrekin hamar urte izan zituzten zain, eta badakizu zer den hori? Hamabost egunero joan behar zuten Madrilera sinatzera, gero ezin ziren kanpora atera, familia arteko beldurrak eta hainbeste gauza zeuden ere... Eta nahiz eta gero libre atera, guzti hori pasa duzu, eta hori oso gogorra da», gogorarazten du Mireia Gabilondok. Latza izan zen, baina gizartearen memoria, askotan, likidoa da. «Kontatu egin nahi genuen, jende askok ez dakielako ezer horri buruz, edo gazteak direlako, edo ez dakit zergatik. Baina azken garaiotan, honi buruz mintzatzean, ohartu gara jende askok ez duela hau buruan. Eta interesgarria iruditzen zaigu are eta gehiago gaur egun egitea», jarraitzen du.

Abiapuntuan, emakume gazte bat: Ainhoa (Miren Arrieta, gaztelaniazko bertsioan; Aiora Enparantza, euskarazkoan), berriki Politika Zientzietan doktoregoa lortu duen gaztea, bere doktorego-tesia defendatzen ari da auzitegi akademiko baten aurrean. Bere tesia lantzeko lau pertsona izango ditu lagun –bertsio guztietan berdinak: Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai aktoreak–, historian zehar desobedientzia zibilari esker lortu direnak erakusteko, Martin Luher Kingetik Lemoizera, Nafarroako Arostegitik pasata.

Antzerki dokumentalaren generotik asko duen lan honek fikzioa eta errealitatearekin jolasten du. «Fikzioa egin dugu, nahiz eta oso oinarrituta dagoen gertatu zenarekin. Izenak aldatu ditugu, gauzak libreago sentitzearren», argitu du zuzendariak. Baltasar Garzon epailea, gaur egun ‘askatasunaren defendatzaile’-tzat hartua dena, fikzioan Baltasar Lizon da. Zumalabe, Joxerra Zabaleta: «Aspalditik zeukan Fernandok honi buruz hitz egiteko gogoa. Eta urteak pasatu dira, buruan bueltaka zuen –nondik hartu, nondik jo...– eta hiru-lau urte izango dira honekin jarri zela, batez ere bera. Zumalabe fundazioko jendearekin jarri zen harremanetan eta elkarrizketa eta enkontru batzuk izan zituzten. Lagunak ere baditugu bertan, eta orduan bilera batzuk egin genituen. Hurrengo pausua zen erabakitzea ea nork idatziko zuen testua eta Maria Goirizelaiarengan pentsatu genuen. Fernandok jarritako iritziekin lehenengo testua idatzi zuen eta, behin testua idatzita zegoenean, hor sartu nintzen ni, Fernando eta biok zuzendari lanak egingo genituelako», argitu du Mireia Gabilondok.

Uztailean hasi ziren entseguekin eta, geldialdi baten ostean, azaroan berriz heldu eta «orain, ba hementxe gaude estreinaldi atarian», diosku. Eta ze harrera espero dute? Estatu mailan egoera ez dago gozoa. Euskal Herrian 40 emanaldi dituzte lotuta dagoeneko eta, urtarrilari dagokionez, 16an Eibarren, 23an Zarautzen eta 29tik otsailaren 1era Donostiako Dferian ariko dira.

«Hor programatzaileei erakusteko aukera edukiko dugu, eta gero ikusiko da zer iruditzen zaien eta zer egiten duten iruditzen zaien horrekin», dio zuhur Gabilondok.