Aktualitateko erredaktorea

Erori, baina beti zutik erori

Athleticek azken urteetako porrot mingarrietako bat jaso zuen Saudi Arabian. Bartzelonak aurretik eraman zuen talde bilbotarra lehenengo zatian lau gol sartuz. Jarrera eta harrotasuna, Bilbon gutxienez exijitzen dena, ez zen nabaritu lehoiengan. Gauzak horrela, zaletuen kezkak areagotzen ari dira.

Ligako partida baten argazkia, Espanyolen aurkako porrota.
Ligako partida baten argazkia, Espanyolen aurkako porrota. (Marisol Ramírez | FOKU)

Superkopa batean erdietsitako gol-kupuru handiena eman zen Saudi Arabian asteazken gauean. Egun, talde katalanak beste kirol batera jokatzen du. Atsedenaldira, 4-0 irudikatzen zuen markagailuak. Partida erabakita. Okerrena, ordea, izan zen Bartzelonak mendean hartu zuela Athletic izerdi askorik isuri gabe. Demako emaitza: 5-0. Alarmak pizteko modukoa, batez ere emandako irudiagatik.

Dena den, urtea amaitu zen ildo beretik ekin dio 2026ri talde zuri-gorriak. Ourenseren aurka larri-larri ibili zen hirugarren mailako talde galiziarra kanporatzeko, Celtak aurrenekoz irabazi zuen Balaidosen lehoiak mendean hartuz, eta Espanyolek hiru puntuak eskuratu zituen urteko azken hitzorduan San Mamesen.

Datuek errealitate gordina islatzen dute: Athleticek 13 porrot jaso ditu denboraldiko lehen 27 partida ofizialetan, historiako markarik txarrena berdinduz. Superkopatik umiliatuta itzuli dira Bilbora eta Kopan arazo handiak izan zituzten hurrengo kanporaketan egoteko. Ligan bederatzi porrot jaso dituzte datara arte, pasa den denboraldian, aldiz, sei galdu zituzten, guztira. Txapeldunen Ligatik oharkabean pasatzen ari da talde zuri-gorria, eta mirari bat beharko du hurrengo fasera igarotzeko.

Hala eta guztiz ere, atzo, zaletu bat baino gehiagok itzaliko zuten telebista dema amaitu orduko. Ez da gutxirako, Hansi Flicken taldeak baloiaren jabetza monopolizatu zuen, eta bigarren zatiko uneren batean % 81 izatera heldu ziren. 

Desastre hutsa

Aitortu beharra dago lehenengo hamar minutuak positiboak izan zirela talde zuri-gorriarentzat, arerioa tinko eutsiz eta haren zelaira iritsiz. Haatik, lehoiak Bartzelonako jokalarien itzalak jarraitzen pasa ziren gainontzeko minutuak. Lehenengo golarekin Bartzelonaren festa lehertu zen, eta Athletic erabat hondoratu zen.

Hortik aurrera, talde katalanak birrindu zuen Athletic. Jostailu apurtu bat zirudien. Arima barik, energia barik, planteamendurik gabe, energiarik gabe. Laburbilduz, atzaparrik gabeko lehoi bat. Ez zen ezta amorrurik ikusi ere lehoien aurpegiengan, eta txartel horia ikusi gabe eta soilik zazpi falta eginez amaitu zuten norgehiagoka. 

 

Vivian eta Paredes, baloi bat errekuperatzeko nahian.(RFEF)

Fisikoki zein mentalki guztiz erori den taldea da Athletic, eta, ez du ematen Valverdek egoera irauli ahalko duenik. Zalantza eta kezka ugariz beteriko itsaso batean urperatuta dago ‘Txingurri’. Zertara jokatzen du taldeak? Ez dira beste alternatibarik bilatuko? Ez da sistema aldatuko? Zergatik ez da Lezaman fidatzen? Gol falta ikusita, zer gertatzen da Izetarekin? Zergatik jokatzen du Nicok lesionaturik?

Ukaezina da Valverdez hitz egiten ari garenean, Athleticeko historiaren entrenatzaile inportanteetariko batez hitz egiten ari garela. Baina, ezinbestean, futbola ez da iraganetik bizitzen.

Lerro guztiak ahulduta

Gezurra dirudi arren, pasa den denboraldian Europa Ligako final-erdietara eta Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu zuen talde bera da Athletic. Sasoi honetan, ordea, erori da maila lehiakorrari dagokionez, eta ezagutezina bihurtu da talde zuri-gorria.

Sasoi honetan, ordea, erori da maila lehiakorrari dagokionez, eta ezagutezina bihurtu da talde zuri-gorria

Eraso-lerroan, gol bat sartzeko arazo erraldoiak izaten ari dira taldeko aurrelariak. Izan ere, estatistikak hor daude: Guruzetak 5 gol sartu ditu, Navarrok 4, Nicok 3, Berenguerrek 2 eta Sancetek eta Iñaki Williamsek bana.

Atzeko-lerroan, pasa den denboraldiko sendotasuna galdu dute lehoiek. Are, Ligan gol gutxien jaso zuen taldea izan zen Athletic. Sasoi honetan, bost gol sartu dio Bartzelonak, lau Borussiak, beste lau Bartzelonak ligan, hiru Madrilek eta hiru Realak. Hori gutxi balitz, Simonek beste akats larri bat egin zuen Superkopan, Osasunaren aurka bezala.

Bartzelonaren kontra emandako irudi lotsagarriaren ondoren, Iñaki Williamsek, Sancetek eta Vivianek barkamenak eskatu zizkieten zaletuei. Valverdek, ordea, hurrengoa bota zuen prentsa-aretoan: «Nik ez dut barkamenik eskatzen, ez zaidalako gustatzen».

Era berean, aste bat atzera, Williams kapitainak, ahoan legarrik gabe, adierazi zuen oso desegokia dela Superkopa hain urrun jokatu behar izatea. Egia esan, hitz gogorragoak erabili zituen Superkopa deskribatzeko. Valverdek, aldiz, taldeko kapitaina zuzendu zuen eta aitortu zuen ez zirela izan «hitz egokiak». «Hauxe da dagoena, eta errespetatu egin behar dugu», leporatu zion Williamsi. Adostasunik ez aldagelan, erreakziorik ez 2026 honetan.

Urte berria, balore zaharrak: Pasioa da hemen exigitzea zilegi den gutxieneko hori.