
Euskalgintzaren Kontseiluak helduengan euskara ezagutzeko beharra sustatzeko proposamena aurkeztu du ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan. «Lehenbailehen eta lehentasunez, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta baldintzetan jarri behar duzue arreta», azaldu diete politikariei Aize Otaño eta Joxerra Olano Kontseiluko Helduen Euskalduntze-Alfabetatze sektoreko ordezkariek.
Aldarrikatu dutenez, «helduen euskalduntze alfabetatzeak izan behar du datozen hamarkadetan herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza, Euskal Herri osoan, bizitzaren alor guztietan, euskara nagusi izatea badugu helburu».
Helduen euskalduntze-alfabetatzea bereziki bultzatu, indartu eta orokortu behar den jardunbidea dela defendatu dute. Agertu dutenez, honako ondorioak izanen ditu: «Herritar guztiek euskaraz jakitea; euskararen erabilera nabarmen areagotzea; euskaltzaletasuna eta euskal kulturaren ezagutza hedatzea eta handitzea; euskal kultur produktuen kontsumoa haztea; euskarazko irakaskuntza Euskal Herri osoan nagusitzea; euskararen aurkako jarrerak neutralizatzea; eta hizkuntza politika egokiak egitea erraztea».
Motibazio praktikoa eta afektiboa
Kontseiluaren proposamenaren funtsa honakoa da: herritarrak euskara ikasi ahal izateko dirurik aurreratu beharrik ez izatea; dohainik ikasten segitu ahal izateko gutxienez %75eko bertaratzea izatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu beharrik ez izatea; euskalduntze prozesu guztia doakoa izatea; ikasleak 2.000 orduko ikastordu kreditu muga izatea eta instituzioek herri ekimeneko euskaltegiek ematen duten zerbitzu publiko hori osorik finantzatzea.
Doakotasuna, baina, ez da baldintza bakarra. Euskara ikasteko beharra ere sustatu behar da, euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa dela transmititu. Horretarako bi motibazio-mota landu beharko direla azaldu du Kontseiluak, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko hautua egin dezaten: motibazio pragmatikoa eta afektiboa.
Agentzia bateratua
Agerraldian, egungo hizkuntza-politikaren koordinazio falta salatu du Kontseiluak: «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia dugu: agentzia bat». Agentzia horrek, honako egitekoak izango lituzke: ikasketen doakotasuna bermatzea, glotodidaktikan ikerketa egitea eta irakasleen prestakuntza hobetzea, material didaktikoa sortzea, azterketa batzorde bakarra sortzea hizkuntza-eskakizunen sistema gainditu bitartean, herritar orori euskara ikastea beharrezkoa dela pentsarazteko hizkuntza-politika koordinatzea, eta herritarrak euskara ikastera bultzatzeko komunikazio-kanpainak abiatzea.
Agentzia erakunde publiko eta herri ekimeneko ordezkariekin osatuko litzateke: Nafarroako Gobernua, Lakuako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.
Neurri zehatzak
Jorratutako proposamenean neurri zehatzak jaso ditu Kontseiluak helduen esparruan ezagutzaren unibertsalizazioa sustatzeko. Gainera, hainbat esparrutan neurriak hartzea planteatu du, horrek eragingo baitu helduek beren burua euskalduntzeko erabakia hartzea. Honako neurriak planteatu ditu: Langileei lanorduetan euskara ikasteko eskubidea aitortzea eta bermatzea, «denbora ere oztopo delako»; hizkuntza-irizpideak zehaztea eta aplikatzea, lan-hizkuntza euskara izango dela bermatzeko; eta euskara-gaitasuna baldintza izatea, hainbat eremutan lanean jardun ahal izateko.
«Ez dugu ahaztu behar euskaraz bizitzeko eskubidea ez dela soilik zerbitzu-hartzaileen eskubidea: langileak ere eskubide horren jabe dira. Eta eskubide horiek bermatzea botere politikoa duzuenoi dagokizue», nabarmendu dute Otañok eta Olanok.
Adostasun sozial zabala
Euskararen biziberritzerako askotariko eragileekin aliantza berriak eraiki behar direla deritzo Kontseiluak, eta aliantza horiek oinarri politikoa behar dute. Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluan askotariko eragileekin Batuz Aldatu izeneko prozesuari ekin dio etorkizuneko hizkuntza politikek izan beharko luketen helburua eta helburu horretara iristeko norabideak adosteko.
Prozesu horren emaitza izan da Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza. Askotariko eragile horiekin guztiekin etorkizuneko hizkuntza-politiketan helburu berria definitu du: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Eta helburu horri begira hizkuntza politikek hartu beharko dituzten bi norabideetako bat euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa litzateke, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Hau da, herritarren euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izanen da euskararen erabilera erosorako.
Ondorioz, eragile horiek guztiek azpimarratu dute ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta baldintzetan jarri behar dela arreta. Horretarako estrategikoa da helduen euskalduntzea doakoa izatea.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

