Amaia EREÑAGA
BILBO
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUAREN LEHEN «PIZKUNDEA», BILBON

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

«Euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du gizarte aldaketa handi bat: eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona», nabarmendu du Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Bilbo Arena bete duen euskararen komunitatearen aurrean. Aro berri baten hasiera aldarrikatu dute bildutako herritarrek, zaharra «agortuta» baitago.

Ekitaldiko parte hartzaileen «familia argazkia».
Ekitaldiko parte hartzaileen «familia argazkia». (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, gizartea aktibatu. Paradigma aldatu dezagun, gizartea piztu dadila. Horrela laburbildu daiteke atzo Bilbon Euskal Euskalgintzaren Kontseiluak deituta egindako “Pizkundea” ekitaldiaren mamia.

1997an sortua, gaur egun euskalgintzako 31 gizarte eragile garrantzitsuk osatzen dute Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen aldeko bilgune nagusia. Besteak beste, AEK, Elkar, Elhuyar, Jakin edota Bertsozale Elkartea daude bertan. Kezka handia sortzen du euskal hiztunen komunitatean gure hizkuntzaren egoerak, mugaren bi aldeetan, azken hamarkadetan normalizazio linguistikoak aurrerapen handiak izan dituen arren, azken garaiotan prozesua geldotu eta atzeraldi dinamika betean sartzeko arriskuan dagoelako.

Hizkuntza politiketan «paradigma aldaketa bat» behar dela nabarmendu zuen atzo Kontseiluko zuzendaritzak Miribillako Bilbo Arena pabiloiko oholtzatik. «Minorien babeserako ikuspegiarekin egindako politika publikoak atzean utzi eta euskara herritar guztiengana hedatzeko, gizartean orokortzeko, anbizioa duen hizkuntza politika ausarta. Hori da egungo munduan euskarari etorkizuna bermatzeko bidea», nabarmendu zuen Aize Otañok (AEK) Kontseiluaren izenean. Horretarako, datozen hilabeteetan proposamenak egitetik haratago, euskal hiztunen komunitateri antolatu dadila eskatu zitzaion.

Bide horren lehendabiziko urratsa atzoko ekitaldia izan zen -6.000 bat lagunek hartu zuten parte- eta, bertan, hitzordu berri bat iragarri zuten: datorren ekainaren 13an, Iruñean, «berriro ere elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko...».

«ASKO DAGO JOKOAN»

Siadecok UEMArentzat egindako proiekzio demolinguistikoaren arabera, egungo hizkuntza politiketan ezer aldatu ezean, 2036. urterako euskararen arnasguneak desagertzeko arriskuan daude. «Nahiko genuke gauzak ondo doazela esatea, gaurko bilgune hau biziberritzean aurrera goazela ospatzeko izatea. Baina hori geure burua engainatzea litzateke; geure komunitateari gezurra esatea; gizarteari iruzur egitea. Euskararen etorkizuna jokoan dago!», gogorarazi zuen atzo Lorea Agirrek, “Jakin”-eko zuzendariak.

Pizkunde berri baten premia gizarteratzea eta hizkuntza politiketan jauzia emateko adostasun soziopolitikoa bultzatzea izan zuen helburu, beraz, Miribillan egindako ekitaldiak. Baita, Ane Elordik (Korrika) eta Goiatz Urkijok (Euskaraldia) gogorarazi zuten bezala, «egon eta badagoen mugimendu hori ikusaraztea eta hauspoa ematea».

Oholtzaren gainean hainbat partaide: aktoreak -Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Itziar Ituño, Edurne Azkarate, Olaia Aguayo-, musikariak -Gorka Urbizu, Gontzal Mendibil, Maia Iribarne, Miren Narbaiza Mice, Joseba Tapia, Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia Benizze, Julen Goldarazena Flako Fonki- eta bertsolariak -Ane Labaka, Sustrai Colina-. Harmailetan, alderdi politikoetako ordezkariak (EH Bildu eta EAJ), bai eta hainbat erakundeetako ordezkariak ere, tartean Ibone Bengoetxea, EAEko lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, zeinak euskararen etorkizunerako ahalegin kolektiboaren beharra nabarmendu zuen, «euskarak aliantza zabalak» eta «batasun handiagoa» behar dituela azpimarratuz.

«EUSKARAREN INGURUAN ANTOLATU GAITEZEN»

Aldaketa hitza maiz erabili zuen Idurre Eskisabelek Miribillako oholtzatik. Baita pizkunde, arnasgune, neke, kezka... hitzak ere. Azken hilabeteetan euskal komunitatetik neke eta bakardade sentsazioa jaso dutela aipatu zuen. «Elkarguneen premia dago -adierazi zuen Eskisabelek-. Elkarguneak erabileraren eta gaitasunen apaltzeak edota erronka berriek sorturiko kezkak partekatzeko. Euskararen aurkako oldarraldiak eragiten dien minaz hitz egiteko. Hiztun gisa, herritar gisa, jasaten ditugun eskubide urraketak isilean gorde ordez lasai adierazteko».

«Euskara minorizatutako hizkuntza bat da. Aspalditik, mendeetan», gogorarazi zuen . Eta XXI. mendean are gehiago, mundua bizitzen ari den olatu erreakzionarioagatik. «Horregatik -jarraitu zuen-, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du gizarte aldaketa handi bat: eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona. Tira, euskarak baino, euskal hiztun komunitateak, euskaldunok. Hizkuntzak ezer gutxi baitira abstrakzioan. Hizkuntzak gugan gorpuzten dira, hizkuntza hiztunak dira; euskara gu eta beste milaka eta milaka herritar gara».

Aldaketa sakona eta iraunkorra izan dadin, ezinbesteko jo zuen oinarri sozial zabal baten bultzada izatea. Bide horretan doa azken bost urteetan egindako lanaren ostean Euskal Herri osoko eragileekin sinatutako “Itun soziopolitiko berrirako eskaintza”; funtsean, hizkuntza politikan eragiteko itun soziopolitiko berri baterako oinarri nagusiak finkatzen dituen ituna. Euskara erdigunean jarriko duena. «Erabil dezagun, ikas dezagun, eman dezagun gure gaitasuna indartzeko urratsa, transmititu dezagun, lehenetsi dezagun euskaratik eta euskaraz egindako kultura… Baina, baita ere, adieraz ditzagun gure kezka eta deserosotasunak: esaterako, bozka erabaki aurretik irakur ditzagun alderdiek hizkuntza politikaz egiten dituzten proposamenak… Ez gaitezen isilik geratu, antolatu gaitezen, eta elkarrekin isiotu ditzagun han eta hemen euskaltzaletasunaren txinpartak, euskarari berriro ere pizkunde bat emateko. Euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko», aldarrikatu zuen Eskisabelek.