Aktualitateko erredaktorea

Egoitz Bijueska skater euskaldunak ‘skateboarding park’ mailako lehen postutik ekin dio 2026ari

Urte oparoa sinatu zuen Egoitz Bijueska skater bilbotarrak 2025ean, Munduko Kopa irabazi baitzuen Italian. Hori gutxi balitz, lehenengo postuan hasi da 2026. urtea, ia 90.000 puntu bilduta. Hamabost urte ditu Bijueskak.

Egoitz Bijueska, artxibozko argazki batean.
Egoitz Bijueska, artxibozko argazki batean. (IREKIA)

Egoitz Bijueska (Bilbo, 2010) munduko skater onenetarikoen artean kokatu da soilik 15 urterekin. Munduko Kopako txapelduna bihurtu zen iaz Ostian (Italia) park modalitatean, Tony Hawk’s Vert Alert txapelketan Utahn (AEB) hirugarren postua eskuratu zuen eta podium-era igo zen Vertbattle txapelketan, Brasilen.

Gainera, Munduko Kopako finalera sartzeko txartela eskuratzeaz gain, marka guztiak hautsi zituen bilbotarrak. Final-erdietan, World Skateren historian inoiz lortutako puntuaziorik onena lortu zuen, 95,83ko puntuazioa lortuta.

Garaipen horien ondorioz, 2025. urtea ranking-aren bigarren postuan amaitu zuen skater bilbotar gazteak. Haatik, datuak eguneratu ondoren, lehenengo postuan kokatu da 2026 hasieran, 89.168 puntu poltsikoratuz. Atzean utzi du aurreko liderra, eta bigarren postura jaitsi da hura, 83.869 punturekin.

Erronka handiak ditu Bijueskak aurretik. Ortzimugan, 2028an Los Angelesen izango diren Olinpiar Jokoak, esate baterako. 2020. urtean hasi ziren skate probak antolatzen Olinpiar Jokoetan, aurrenekoz.

Bijueskaren garapena kritika eta zaleak aho zabalik uzten ari da. Hain zuzen ere, 2023ko Munduko Kopan gonbidapen-txartel batekin lehiatu zen 12 urteko zituelarik. Final-laurdenetara iristean denak harritu zituen, eta, harrezkeroztik, nazioarteko mailan interes handiarekin jarraitutako kirolari bihurtu da.