Fosilismo yankiarekin apurtu
«Bizirik irauteko inportatutako petrolioaren mende dagoen nazioa basailu bihurtzen da»; hori idatzi du, Venezuelaren aurkako erasoaren eta Trumpen apustu fosilaren harira, Bill McKibben ekintzaileak. Abiapuntu horretatik, Euskal Herria ere basailu den galdetzen du egileak.

Latinoamerikaren zainak ireki dira berriro. Odol beltza darie. Venezuelako kolpea petrolioak bakarrik azaltzen ote duen zalantzan jarri dute zenbait autorek, argudiatuz arrazoi ekonomikoek ez dutela ondo justifikatzen gertatutakoa (AEB dagoeneko esportatzaile handiena da, Venezuelako azpiegituren egoerak beharko lukeen inbertsioa, eta abar)... Eta Trumpek behin eta berriro fokua hor jartzeak agian susmorako eman dezake kontrakorako baino -arreta Epsteinen auzitik eta barne tentsioetatik desbideratzea, showaren eta “blitz” mugimenduen errentagarritasun politikoa, 2026ko midterm-ak, araubideak lehertzea...-. Xan Lopezek esan duenez, «lehen demokraziaren defentsa baldin bazen petrolioa kontrolatzeko aitzakia, orain petrolioa da demokrazia amaiarazteko aitzakia». Arrazoi politikoez gain, geopolitikoak: alegia, ahaztu gabe, noski, Venezuelak hamarkadak daramatzala AEBren interbentzioa pairatzen, Monroe Doktrina eta Trumpen korolarioaren bidez Txina kanporatzea eta «atzeko patioaren» kontrola berreskuratzea. Izatez, Txinak urteak zeramatzan Venezuelari petrolioa erosten dolarra erabili gabe. 2024an Venezuelaren petrolio esportazioen %84 Txinara bideratu ziren.
Ember energia analistak esana du XXI. mendeko gerra energetikoa gas natural likidoaren (GNL) eta energia berriztagarrien artekoa izango dela, petroestatua edo elektroestatua aukeratzea. AEB ezin da teknologia elektrikoan Txinarekin lehiatu eta Trumpen bidez apustua “drill, baby, drill”-ean eta adimen artifizialean egina du. Baliteke Venezuelako interbentzioa ez izatea petrolio eskasiagatik, petrolioa sobran egongo den mundu batera goaz-eta, baizik eta testuinguru horretan Trumpen AEBk argi duelako bere norabidea: ez du kapitalismo fosila hiltzen utziko.
Beraz, zaila da ukatzen petrolioak pisu ideologiko eta ekonomiko nabarmena duela AEBn. Venezuela da erreserba handienak dituen munduko herrialdea (narkotrafikoak baino fosilen trafikoak garrantzi handiagoa du) eta Nigeria (Afrikako erregai fosilen ekoizle handiena) ere bonbardatu zuten joan den urtean, besteak beste. Erregai fosilak dentsitate handiko baliabide oso preziatuak dira, erraz kontrolatu eta metatu daitezkeenak. Jeff Colganen ikerketaren arabera, «petroestatuek» aukera bikoitza dute nazioarteko gatazken parte bihurtzeko. Kontzentratuta daude (herrialde eta toki zehatz batzuetan) eta menpekotasuna sortzen dute: munduko 50 herrialdek baino gehiagok beren energiaren erdia edo gehiago inportatzen dute erregai fosilen forman. Berriztagarriek, aldiz, munduko herrialde guztietan ematen dute burujabetzarako aukera.
Menpekotasunaren prezioa
«Zergatik gorrotatzen ditu Trumpek hainbeste eguzki energia eta energia eolikoa? Beren kontroletik eta edonoren kontroletik kanpo daudelako. Bere oparotasuna petrolioan oinarritzen duen nazio bat helburu estrategiko bihurtzen da; bizirik irauteko inportatutako petrolioaren mende dagoen nazio bat basailu bihurtzen da» idatzi du, Venezuelakoaren harira, Bill McKibben klima ekintzaile ezagunak.
Eta Euskal Herria ere basailu al da? 40 urte betetzen dira aurten herri honen gehiengoak NATOri ezetz esan zionetik. Venezuelaren aldeko elkartasun nabarmena ikusi da berriki, manifestazio deialdiak NATOren aurka eta, adibidez, Gobernuak AEBrekin apurtu beharko lukeela entzun da. Baina, badago paradoxa bat: ideologikoki inperialismo yankiaren aurka egiten badugu ere, praktikan haiei erosten diegu erregai fosila.
Izan ere, ziurrenik Estatu Batuak dira Euskal Herriaren gas eta petrolio hornitzaile nagusia, eta goranzko joera sendoan. Espainiako datuak hartuta, 2024-2025ean petrolio gordin hornitzaile nagusia izan zen herrialde iparramerikarra. Kontuan hartu Muskizeko Petronorren findegia dela estatuko handiena, eta, gainera, AEBtik datozen petrolio- eta metano-ontzientzat portu aproposa da bere kokapen geografikoagatik. Gas inportazioetan ere lehenak izan ziren estatubatuarrak 2024an (urtetik urtera aldatzen da, Aljeriarekin lehia estuan). Bahia de Bizkaia Gas da estatuko zazpi birgasifikatzaileetako bat eta, adibidez, AEBtik etorri zen 2025 hasieran jaso zuen 1.000. metano-ontzia, arreta handirik jaso ez zuen mugarria. Nagusiki fracking bidez erauzten da gas hori, Araban aurkakotasun bizia eragin zuen teknikaren bidez. Beraz, euskal autoen depositua betetzen edo gure dutxako ura berotzen duen erregaiaren zati handi bat yankia da gaur egun. Izatez, hidrokarburoak dira EAEren inportazio gai nagusia (%90eko energia menpekotasuna).
AEBtik etorri, Euskal Herrian findu edo gasa Bermeo pareko Gaviota biltegian gorde, eta bertan kontsumitu edo esportatu. Europara sartzen den gasaren zati handi baten atea ere bagara eta. Espainiar Estatuak bi interkonexio ditu kontinentearekin eta bi-biak Euskal Herrian daude, Pyrinees VIP deiturikoa osatuz: bata, Iruneko Euskodur gas-hodia, eta bestea, Otsagabi ingurutik Zuberoako Larrainerekin konektatzen dena. Eta horiek ere AEBren estrategian lagungarri izan dira, itxura guztien arabera, Ukrainako gerraren harira gauzatutako jokaldi energetikoaren testuinguruan: Europak gas merkea ekartzen zuen gas-hodien bidez Errusiatik. AEBren fracking bidezko gasaren ekoizpen oso handia izaten hasi ziren azken urteetan, baina Errusiakoa baino garestiagoa zen, tartean GNL (gas natural likido) moduan bidali behar zelako Europara. Baina Nord Stream 2 gas-hodi errusiarraren «egile gabeko» leherketa gertatu zen Ukrainako gerraren testuinguruan. Zigor eta jokaldi horiek tarteko, 2019an munduko GNL esportatzaileetan hirugarrena ziren iparramerikarrak orain lehenengoa dira. Eta diru sarreren (30.000 milioi dolar) erdiak Europarako esportazioei dagozkie. Muga-zergen mehatxuen testuinguruan, Europar Batasunak berriki onartu die 2028rako 750.000 dolar petrolio eta gas erostea. Duela gutxi, Naturgy-k Venture Global estatubatuarrarekin 20 urteko kontratua sinatu du GNLa ekartzeko.
Inperialismoarekin hausteko bidea
Dependentzia latz horiek kontuan izanik, mezua sinplea da: egin behar diren protesta eta borroka kulturalez gain, inperialismo yankiarekin hausteko, erregai fosilekin hautsi behar dugu. Borroka antinuklearrean, Lemoizko materialari boikota egin zitzaion Bilboko portuan; zergatik ez boikota petrolio-ontziei? Eta boikot onena, noski, petrolio eta gasik behar ez izatea da. Jada 100 herrialdek baino gehiagok fosilen inportazioak gutxitu dituzte berriztagarriei esker.
Ez da aski hornitzailez aldatzea. Horra Errusiaren adibidea, edo, nola iaztik ez den Venezuelako petrolio gordinaren inportaziorik sartzen Espainian, Estatu Batuek hala aginduta. Fosilak amerikarren joko-zelaia baitira. Gainera, Europan Trumpen terminal ideologiko diren ultraeskuindarrak goranzko joeran daude herrialde gehienetan, faxismo fosilaren defentsa sutsuena egiteko prest. Azpiegitura aldatu behar dugu eta burujabetzarako aukera baliatu. Bandoa aukeratzea dagokigu. Edo, hobeto esanda, bandoz aldatzea.
AEB dekadentzian dagoen XX. mendeko inperioa da eta hegemonia aldaketaren interregno horretan sortzen dira munstro bortitzenak. AEB garailea arriskutsua izan da, baina AEB galtzailea zer den ezagutuko dugu mende honetan. Bill McKibbenek dioenez, matoiari boterea kentzea zaila bada ere, egin dezakeguna zergatia kentzea da, ahultzea, fosilak baztertuz. Izan ere, «zailagoa da eguzkiaren argiagatik gerrak egitea».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»

Una multitud se moja en Bilbo por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

EH Bildu pregunta por qué, habiendo informes, no se arregló antes el muro de Ondarreta

