Andoni Arabaolaza

Neguko eskaladak gogor txertatu dira Alpeetako mendilerroan

Billon, Jean, Oddo eta Fouillade laukoteak bide berria sortu du Grandes Jorassesen, «Basique». Duboulozek neguko trilogiaren bigarren etapa osatu du: «Gamma» (Barre des Ecrins). Babicz eta Gajewski «Allain-Leininger» (Petit Dru) bidean jardun dira.

Babiczek eta Gajewskik balentria egin dute Petit Drun.
Babiczek eta Gajewskik balentria egin dute Petit Drun. (O. Gajewski)

Urtearen amaiera oso mugitua izan da Alpeetan. Herritarrak ospakizunak prestatzen ari ziren bitartean, alpinista zaildu batzuek “ihes” egin zioten ardura horri eta gogor estutzen ikusi ditugu mendi eta horma ezberdinetan. Leo Billon, Nicolas Jean, Enzo Oddo eta Amaury Fouillade frantziarrak, adibidez, ia ez ziren iritsi etxera urtea agurtzeko.

Laukotea Grandes Jorasses-eko iparraldeko murruan izan da jarduera luze eta gogor bat egiten. Abenduaren 26tik 30era, «Basique» bidea (V+, A2+, M5) sortu zuten. Hain zuzen ere, Whimper gailurrean (4.189 m) amaitzen dena. Lau egun eta hiru bibak, hamaketan zintzilik, 1.100 metroko bide bat marrazteko.

Protagonistek aurreratu dute bidearen lehen zatia japoniarren korridoretik egin zutela eta segituan “Eldorado”-ren eskuinean dagoen ukitu gabeko eremu batean sartu zirela. Tarte hori gainditu ondoren, lerro berriak “Directe de l’Amitié”-ren sekzio batekin bat egiten du. Marra hori zeharkatu eta berriro eremu berritik Whimper tontorrera heldu ziren.

Billonek, Jeanek, Oddok eta Fouilladek ondo ezagutzen dute Grandes Jorasseseko iparraldeko murrua. Laukote horretan Billon da beteranoena, eta haren eskarmentuak gazte horiek jarduera zorrotz batera eraman zituen: «Nik egin nien proposamena. ‘Directe de l’Amitié’ eskalatzen ari nintzen bitartean, ohartu nintzen lerro horren alboetara arrokaren kalitatea ona zela eta, nolabait esateko, ageriko ibilbide bat ikusi nuen. Onartu behar dut aldats batzuk dituela eta aukera dagoela une jakin batzuetan beste bide batetik ihes egiteko. Baina lauron asmoa lerro tenteagoa sortzea zen, eta, hortaz, ‘Eldorado’ eta ‘Directe de l’Amitié’-ren artean, sigi-saga eginez, murru pikoenak bilatzen jardun genuen. Nahiz eta ibilbide berria den, argitu nahi dugu hainbat sekziok marra horiekin bat egiten dutela».

Esan den bezala, zailtasun tekniko nabarmenak gainditu zituzten Grandes Jorasseseko hormarik laiotzenean, hotz handiarekin eta egun laburrekin. Hau da, negu gorrian. Alpinista frantziar horien gaitasuna eta motibazioa ikusita, argi dago laster batean, kondizio egokiak baldin badaude, berriro hormatzar horretan ikusiko ditugula beste helburu bat biribiltzen saiatzeko. Protagonistek beraiek onartu dute “Basique” bidea era askean igotzeko asmoa dutela. «Gure lehen erronka zen murru enblematiko horretan proposamen berri bat sortzea. Eta horregatik, oro har, ez gara saiatu librean igotzen. Igo ditugun zailtasun teknikoak ikusita, laurok bat gatoz honako hau baieztatzerakoan: ‘Directe de l’Amitié’ baino gogorragoa izan daiteke».

Azken bide horri dagokionez, gogoratu behar dugu joan den azaroan Esteban Daligault, Virgile Devin eta Simon Martinet frantziarrak gai izan zirela puntu gorria jartzeko. Proposatutako zailtasun gorena: M9+, alegia. Bada, laukote horrek aurreratu du “Basique”-k ziur aski maila bereko luze bat duela.

Erronka erakargarri horrek forma hartzen duen bitartean, aipatu alpinistok esan dute lau eskalada egun horietan kondizio oso gogorrak izan zituztela. «Iragarri ziguten laugarren egunean haizete indartsuak (70 km/h) altxatuko zirela. Horrenbestez, egun bakoitza oso luzea izan zen. Horrekin esan nahi dugu goiz hasten ginela eskalatzen; amaitu, berriz, berandu. Lehenbiziko bi gauak ez ziren batere erosoak izan, eta horregatik hirugarrenean, asko motibatzeaz gain, den-dena eman behar izan genuen tontorra zapaltzeko. Izan ere, haizeteen mamua gainean genuen. Zorionez, abenduaren 30ean Whimper tontorra zapaldu genuen, eta ziztu bizian jaitsi ginen», alzadu dute.

TRILOGIA

Bien bitartean, Charles Duboulozek aurrera darama esku artean duen proiektua. Hots, neguko bakarkako trilogia. “Divine Providence” estilo horretan eskalatu ondoren, bigarren etapa zain zuen. Alpeetatik irten gabe Barre des Ecrinsen (4.102 m) izan zen. Laumilakoaren hegoaldeko isurialdean dagoen “Gamma” bidea izan da bigarren helburua. Baina lehenbizikoan ez bezala, sokakide batekin eskalatu du, Antoine Bouqueretekin.

Bada, bikote horrek lau egun behar izan zituen sona handia duen ibilbide hori eskalatzeko. Arestiko alpinistak bezala, Bouqueret eta Dubouloz urtearen amaieran jardun ziren: abenduaren 28tik 31ra. Trilogiaren protagonistak ez du zorterik izan kondizioekin: «Noir glaziarrera Antoinekin joan nintzen. Pic sans Nom zen nire helburua; hots, bakarka igo nahi nuen mendia. Baina eguraldi eskasarekin egin nuen topo, eta beste plan bat aztertu nuen. Ekialdeko Ailefroide izan zen B plana. Baina hormak elur asko zuen. Elur-jausien arriskuengatik xede hori bertan behera utzi nuen. Egoera hori ikusita, bururatu zitzaidan aurpegi atseginago bat aukeratzea: Barre de Ecrinseko hegoaldeko murrua perfektua zen».

Sona handia duen Ecrinseko horma hori igotzeko “Gamma” bidea hautatu zuen. Udaran 1.100 metroko bide horrek gehienez 6b+ maila du, baina neguan egoera irauli egiten da: «Arrokaren kalitatea oso txarra denez, uda sasoian gutxi eskalatzen da. Neguan, aldiz, izotzak eta elurrak harkaitz horiek sendotzen dituzte. Alabaina, banekien ibilbide hori bakarka igotzeko ez zela aukera egokiena. Horregatik aurreko egunetan nirekin egon zen Antoineri proposamena egin nion bide hori elkarrekin eskalatzeko».

Kordada hori abenduaren 28an jarri zen martxan. Bi alpinistek bi eguneko eskalada aurreikusi zuten, baina lau behar izan zituzten ibilbide hori (36 luze) gainditzeko. Duboulozek ez du xehetasunik eman eskalada horren inguruan, baina badirudi izotz sekzio zailekin eta hiru bibak oso hotzekin borrokatu behar izan zutela.

Trilogiaren bigarren etapa amaitu bezain laster, protagonistak honako hausnarketa egin zuen: «Azken hiru asteotan bi horma ezberdinetan zortzi bibak egin ditut. Nekatuta nago, eta nire buruak indarra behar du azken etapa egiteko. Pirinioak zain ditut. Aurreko xedeetan bezala, bizikleta hartu eta mendilerro horretara abiatu naiz. Trilogiaren egitasmoak betidanik lekua izan du alpinismoan. Belaunaldi batzuk, adibidez, Alpeetako hiru horma esanguratsuenak negu batean igotzen jardun dira. Baina nire herrialdeak hiru mendigune handi ditu: Mont Blanc, Ecrins eta Pirinioak. Eta horregatik sortu zitzaidan egitasmo hori».

Eta gidoia ez aldatzeko, azken protagonistek ere urte amaiera aukeratu zuten ginga jartzeko. Abenduaren 31n, Filip Babicz eta Olivier Gajewski alpinistek ekarpen berria egin zuten Petit Dru (3.733 m) mendian. Bikoteak “Allain-Leininger” bidea igo zuen, baina kutsu berezi batekin.

1935ean Pierre Allainek eta Raymond Leiningerrek iparraldeko murru mitiko horretan egun klasikoa den lerro hori (900 m) sortu zutela. Babiczek eta Gajewskik era askean (M7+), egun bateko eskaladan eta neguan igo dute. Hori egiten lehenak izan dira. Babiczek esan du egun luze eta gogorra izan zela: «Hormaren inguruan bibaka egin eta gero, urtearen azken egunean oso goiz, lauretan, eskalatzen hasi ginen. Hamaika ordu beranduago, gailurrean ginen. Igoera ia osoan asko sufritu genuen. Batez ere, haizea oso hotza zelako. Oso eraginkorrak izan ginen, eta erritmo oso onean eskalatu genuen».