Trumpen polizia pribatu bihurtu da ICE, Minneapolisen ikusi denez

«Not if, but when» esan ohi da ingelesez: kezka ez da zerbait gertatuko ote den, noiz izango den baizik. Zortzi auto gidariri egin diote tiro ICEko agenteek irailetik, eta horietako bat hil Chicagon. Haurra eskolan utzi berri zuen mexikarra zen Silverio Villegas Gonzalez. Bederatzigarrena, Renee Good 37 urteko emakume zuri estatubatuarra izan da, eta hilketaren irudiak daude.
Jonathan Ross ICEko agenteak Renee Good hiru tiroz hil eta gutxira, Donald Trump Etxe Zurian zegoen “The New York Times”-eko kazetariekin. Venezuela, Groenlandia eta beste gai batzuk zekartzaten berriemaileek presidenteari galdetzeko. Harro (noski), energiaz beteta eta indartsu zirudien Trumpek, hilabete askoren ostean, Caracaseko kolpeak Jeffrey Epstein pederastarekin izandako harremanaren presioa arindu zion aspaldiko partez.
Beste gaiak galdetegian beherago jarrita, kazetariek Minneapolisen gertatu berri zen hilketarekin ekin zioten elkarrizketari. Gidoia ordurako idatzita zeukan Etxe Zuriak, Kristi Noem barne idazkariak zehatz adierazita: biktima ezker muturrak erradikalizatutako «terrorista» zen, autoa arma bezala erabiltzen saiatu zen eta ICEko poliziak bere burua defendatzeko egin zuen tiro. Trumpen fantasian, Goodek agentea «bortizki, berariaz eta era basatian harrapatu» zuen. «Sinestezina da bizirik irtetea, baina orain ospitalean errekuperatzen ari da», gaineratu zuen ICEko pistolariari buruz; ordurako sare sozial eta telebista guztietan agertu zen arren Ross arazorik gabe oinez Good hil eta gero, aurpegiko estalkia are gorago igotzen.
Benetako nagia ematen du bideoan nabarmen ageri dena azaldu beharrak, Trumpen eta bere lekaioen gezurrak eta narratibak baliogabetzeko, begi-bistakoa azaleratzeko. “The New York Times”-ek lau minutuko bideo argigarri baten jaso du asteazkenean Minneapolisen gertatutakoa. Hiru planotatik hartutako bideoen analisi horrek erakusten du biktima agentearengandik urruntzeko maniobra egiten zebilela, eta ez hura harrapatzeko asmoz. Agerian uzten du halaber Rossek pistola aurretiaz atera zuela, eta autoak ez zuela agentea behin ere ukitu, irudiaren lerro berean eta sakontasunik gabeko planoan hala dirudien arren.
“The New York Times”-eko kazetariek bideoa jarri zioten Trumpi, abiadura motelean, argi utziz bideoak «ez zuela erakusten ICEko agente bat harrapatu zutela». Trumpek lasai jarraitu zuen, segundo batzuk lehenago nabarmen geratu zen gezurretik milimetrorik urrundu barik. «Bueno –esan zuen– Nik ikusten dudan moduan… eszena izugarria da, gorroto dut hori ikustea». Kazetariek ez zuten etsi, ICE urrunegi joan ote zen galdetu zioten. Beste askotan bezala, gaitik irten eta Joe Bidenen Gobernuraino jo zuen, immigrazioaren egoera leporatzeko.
Irudiak argiak dira, baina gerra kulturalaren araberako marra ezarri du trumpismoak, aurrez aurre jarrita ere egia zer den eta gezurra zer den ebazterik ez balego bezala. Trumpek «nik ikusten dudan moduan» esaten duenean, esan nahi duena da berak ikusi nahi duena ikusten duela, eta bide batez zer ikusi behar duten esaten die jarraitzaileei.
AEBko telebistetan polizia askotako agente, agente ohi eta hezitzaileak pasa dira egunotan. Denak datoz bat: mugimenduan dagoen auto bati ez zaio tiro egin behar («agentearen kontra doanean da salbuespena», hortik Etxe Zuriaren tema bertsio horretan), ezta ihesi doanean ere, inguruan daudenentzako arrisku egoerak eragozteko. Matrikula idatzi eta beranduago atzeman daiteke gidaria.
ICE mugako polizia, baina, neurrigabe hazi den indar berezi bihurtu da, ezein trebakuntzarik gabe sarri, baina ondo armatuta eta buruan ideologia ultra erabat txertatuta. FBI, CIA eta beste agentziei baino askoz diru gehiago bideratu diote ICEri. Herritar askok hormetatik kendu arren, metro eta autobus geltokiak ICEn sartzeko lan eskaintzaz beteta daude. 2021eko urtarrilaren 6ko matoi faxisten lanerako aterabide bihurtu da, Trumpen polizia pribatu bihurtzeraino.
Asteazkeneko hilketa duela bost urte George Floyd hil zuten lekutik lauzpabost bloketara dago. Orduko protestetan, manifestariei tiro egiterik ote zegoen galdetu zuen Trumpek Etxe Zurian («besterik ezean, hanketara»). Orduan ezetz erantzun zioten. Orain, gustura erantzungo diote baietz. Renee Gooden kriminalizazioak argi utzi du, «barne terrorismoa» da. Minnesotako agintari demokratek hilketa ikertu eta Ross pistolaria auzipetu nahiko lukete, baina orain eta hemen, akusatuen aulkian egoteko baino aukera gehiago du Etxe Zurian domina jasotzeko. JD Vancek ostegunean esandakoaren arabera, ICEk «erabateko immunitatea» dauka. Ez da egia legeari lotuta, baina inpunitatea esan nahi zuen.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
