
Egun berezia da gaurkoa. Duela 50 urte hil zen Agatha Christie. Eta Igela argitaletxeak urteurrena aprobetxatu du «hilketaren erreginak» idatzitako ‘Hilketa bat iragartzen da’ liburuaren itzulpena aurkezteko.
Inazio Mujika Iraola editoreak Donostian eskainitako agerraldian azaldu duenez, 50 zenbakiak garrantzi handia dauka, izan ere, direla 50 urte Christie hil zela, eta ‘Hilketa bat iragartzen da’ liburua idazle britaniarraren 50. lana izan zen, 1950. urtean argitaratu zena.
Liburuaren argumentuari dagokionez, tituluak ondo laburbiltzen du irakurleek topatuko duten istorioa. Abiapuntua egunkari batean agertu den iragarki bat da. Zehazki, hilketa bat iragartzen da; noiz gertatuko den, data eta ordua agertzen da bertan.
«Herriko bizilagunek jolas makabrotzat hartzen dute, eta irakurlea jokoan jartzen du, denak sumagarriak bihurtuz», adierazi du Mujikak, eta eleberriak gerra osteko Ingalaterraren deskribapena eskaintzen duela nabarmendu du.
Badira arrazismoarekin lotutako arazoak, baita genero rolekin harreman zuzena duten gakoak ere. «Indarra du eta zorionekoak dira liburu honen bitartez Christie ezagutuko duten gazteak», azpimarratu du editoreak, eta Amaia Gurbindo itzultzaileak egindako lana goraipatu du.
Gurbindok itzultzen duen lehen eleberria
Gurbindok hitza hartu du ere gaurko prentsaurrekoan. Ohartarazi duenez, itzultzen duen lehen eleberria izan da ‘Hilketa bat iragartzen da’, eta berezia izan da, bere gurasoak Agatha Christieren zaleak direlako. «Baditugu liburu pila bat etxean».
Zailena liburuan agertzen diren hitz jokoak itzultzea izan dela aitortu du, eta argi utzi du arretaz eta «mimoz» irakurri behar den liburua dela.
«Lehenengoz irakurtzen dutenek pentsa dezakete azkar irakurri daitekeela, esaldiak oso luzeak ez direlako eta elkarrizketa ugari daudelako, baina informazioa galtzeko arriskua dago. Izan ere, Christiek ez ditu agerikoak diren gertakarien bidez adierazten liburuaren gakoak. Lerro artean irakurri behar da eta arreta handia jarri behar da elkarrizketetan dauden hitz joko txikietan», gaineratu du.
Amaitu aurretik azpimarratu du bere helburua dela «euskaraz gustura irakurtzea, modu errazean». Eta jakinarazpen bat eman die irakurleei: «Asko aldatzen dira hasieratik amaierara bitartean pertsonaiekiko dugun irudia eta haien arteko harremanak».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes


