
Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) %3,1 igotzeko proposamena eta hilean 1.221 eurotan kokatzeko proposamena baztertu egin dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaldek. Sindikatuion ustez, zenbateko horrekin «ezinezkoa da duintasunez bizitzea Hego Euskal Herrian, are gutxiago etxebizitzaren edo elikagaien prezioek azken urteetan izandako gorakada kontuan hartuta».
Ohar batean gogoratu dutenez, azken hilabeteetan bi bide landu dituzte gutxieneko soldata bertan erabaki dadin: alde batetik, Herri Ekimen Legegile bat Gasteizko eta Nafarroako parlamentuetan, eta bestetik, lanbide arteko akordio bat Confebaskekin EAEn eta CENekin Nafarroan. Herri Ekimen Legegilearen kasuan, ia 140.000 sinadura bildu ziren, baina legebiltzarrek proposamena eztabaidatzeko aukera bera ere ukatu zuten. Patronalek, berriz, negoziatzeari uko ekin diote.
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalderen iritziz, gutxieneko soldata «funtsezko tresna da gizarte kohesiorako, eta lan baldintza prekarioak dituzten milaka langile pobreziatik ateratzeko ere balio dezake». Hego Euskal Herrian 1.500 eurotik behera kobratzen duten 300.000 pertsona baino gehiago daudela kalkulatzen da, horietatik erdia baino gehiago jardunaldi osoan eta «zuzenean onuradunak izango liratekeenak». Gainera, LGSaren igoerak «soldaten igoera orokorra ekarriko luke, eta horrek langile askoz gehiagori eragingo lieke» sindikatuon esanetan.
2026an, «beste behin ere», gutxieneko soldata Madrildik ezarriko dela deitoratu dute, «Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin».
Egoera honen aurrean, ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek «irmoki» babesten dituzte martxoaren 17ko greba orokorraren aldarrikapenak eta euskal alderdiei exijitu diete «lanean jar daitezela gutxieneko soldata propioa helburu». Ildo horretan, espainiar Gobernuaren proposamenaren aurrean, aldarrikatu dute 2026rako 1.500 euroko LGS propioa «funtsezko tresna» dela eta, horregatik, «langile klase osoaren inplikazioa ezinbestekoa» dela.

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
