NAIZ

Sorturen Nazio Kontseiluak aurkezturiko hautagaitzaren aurreko alternatibarik ez da agertu

Sortu gidatzeko Nazio Kontseiluak aurkezturiko hautagaitza (Xabi Iraola buru duena) azaldutako bakarra izan da, epea amaituta. Bozketa hurrengo astean izango da, hilaren 21etatik 23ra, Kongresuaren amaieraren atarian.

Xabi Iraola, Plaza Hutsa ekimenaren ekitaldi batean.
Xabi Iraola, Plaza Hutsa ekimenaren ekitaldi batean. (Marisol Ramírez | Foku)

Nazio Idazkaritzarako hautagaitza alternatiboak aurkezteko epea amaitu da asteazken honetan eta ez da inor aurkeztu, Sortuk jakinarazi duenez. Aurreko astean jakitera eman zen hautagaitza hori, eta Xabi Iraola Larraia du Arkaitz Rodriguezen lekukoa hartzeko zerrendaburu.

«Urtarrilaren 7an aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak zortzi emakumez eta zazpi gizonez osatutako hautagaitza. Xabi Iraola Larraia da koordinatzaile orokorrerako proposatutako pertsona; hura izango da belaunaldi eta herrialde ikuspegitik orekatua
den taldearen gidaria –ekarri du gogora Sortuk ohar baten bidez–. Urtarrilaren 8tik atzora arte izan dute Sortuko afiliatuek euren zuzendaritzarako hautagaitza proposamenak aurkezteko aukera. Halakorik egon ez denez, Sorturen Nazio Kontseiluak aurkeztutakoa izango da urtarrilaren 21etik 23ra arteko bozketetan Nazio Idazkaritzarako hautagaitza bakarra».

Egun horietan bozkatuko dituzte Kontrol eta Berme Batzordea eta Kontuen Batzordea ere, oroitarazi du. Eta biharamunean, hilaren 24an, emango dio amaiera Sortuk IV. Kongresuari, Irungo Ficoban egingo duen batzar-ekitaldian. «Ehunka kide elkartuko dira bertan, baita Euskal Herriko zenbait eragiletako ordezkariak eta nazioarteko hainbat gonbidatu ere», iragarri du.

IV. Kongresua urtebetez aurreratzea erabaki zuten Sortuko kideek 2025eko ekainaren 28an, Abadiñon egindako 8. Nazio Konferentzian. Askapen prozesuaren egungo fase politikorako egonkortasuna bilatzeko helburuz ebatzi zuten aurreratzea: «Hego Euskal Herrian 2027ko udaberrian udal eta foru hauteskundeak izango direla aintzat hartuta, 2027ko urtarrilean egitekoak ginen Sorturen IV. Kongresua aurreratzea erabakitzeko aski arrazoi badela ondorioztatzen dugu».

Ondoren, irailaren 11n Donostian egindako Nazio Batzarrean onartu zituzten Sortuko kideek kongresurako araudia, kronograma eta Berme Batzordea. Urriaren 22an aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak ‘Herri gogoa’, eztabaidarako oinarria izan den ponentzia. Ostean, 150 herri batzar baino gehiago eta ia 2.000 lagun bildu ditu kongresu prozesuak bi hilabetetan. Abendu amaieran bukatu zuten lehen fasea, hilaren azken asteburuan egindako bozketekin.