Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Australiatik Txinara, munduari bira emateko bederatzi hilabete

Tour Down Underrek emango dio hasiera denboraldiari bihar. Bertan lehiatuko da Paula Ostiz debutaria, World Tourrean euskal ordezkari bakarra Movistarrekin. Lau egongo dira bigarren mailan Laboral Kutxarekin, baina elitearekin aritu ahal izango dira.

Udatik 'stagiaire' bezala aritu bada ere, Australian debutatuko du Paula Ostiz txapeldun nafarrak profesionaletan.
Udatik 'stagiaire' bezala aritu bada ere, Australian debutatuko du Paula Ostiz txapeldun nafarrak profesionaletan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Australiako uda beroak emango dio hasiera ordu gutxian, urtero legez, errepideko denboraldiari. Willungan irteera eta helmuga duen 137 kilometroko ibilbidearekin hasiko da World Tourreko munduko bira, eta Txinan amaituko da bederatzi hilabete barru.

Beste ohitura bati jarraituz, 2026a ere berrikuntzekin dator; antolakuntzan, egutegian, koloreetan eta, euskal zaleen kasuan, emozioetan ere bai, Tour Down Underrek Paula Ostizen txirrindularitza profesionaleko debuta ere ekarriko baitu. Lehen mailan bakarra da, baina errepidean Laboral Kutxako ziklistekin kointzidituko du Movistarreko nafarrak. Joan den denboraldian izandako errendimendu bikainari esker, euskal taldeak World Tourreko lasterketa guztietan parte hartzeko eskubidea izango du.

Talde bat gutxiago

Albiste bikaina, zalantzarik gabe, egoera perfektua ez bada ere. Laboral Kutxak egutegi osoan lehiatzeko aukera du, baina ez betebeharra. World Team mailako talde bilakatzea gero eta gehiago zailtzen duen exijentzia ekonomikoa ez du bere gain hartu beharrik. Baina, aldi berean, behartuta dago berriro emaitza handiak lortzera, datorren urtean baldintza hauei eutsi nahi badie.

Hartu beharreko arriskua da, elitean egotearen kostuak ordainezinak baitira. Horregatik ez da igo mailaz Laboral Kutxa eta horregatik dago iaz baino talde bat gutxiago World Team taldeen artean.

Roland Le Devoluyk hamabost onenetatik kanpo amaitu zuen iazko urtea eta bigarren mailari ere uko egin eta Kontinental mailan kokatu da. Ceratizitek, berriz, emaitza dezente hobeak eskuratu zituen arren, duela hilabete batzuk aurreratu zuen bere agurra, babesle nagusiaren alde egitearen ondorioz. Bere hutsuneak Volkerwesselsen igoera ahalbidetzen zuen, baina Herbehereetako taldeak ere bigarren maila profesionalean jarraituko du. Ez da harritzekoa, 2026an aurrekontuak are gehiago haziko baitira, taldeek World Tourreko proba bati bakarrik uko egin diezaioketelako eta gutxieneko soldatak gora egin duelako. Naiz Irratiari eskainitako elkarrizketan, Peio Goikoetxeak, Laboral Kutxako Kirol zuzendariak azaldu zuenez, World Tourrean lehiatzea hirukoizteraino garestitu da.

Gauzak horrela, bi jaitsieren aurrean, EF Education Oatly da igotzeko pausoa ematea erabaki duen bakarra. Edo igotzeko adina diru biltzea lortu duen bakarra.

Aurtengo urtetik aurrera, igoerak eta jaitsierak hiru urtean behin egingo dira, gizonezkoen txirrindularitzan gertatzen den bezala. Hala eta guztiz ere, horretan bezala, Picnic PostNLek 2026rako lizentzia bakarrik lortu du, babesle nagusien jarraipena ez baitauka ziurtatuta. Horregatik, eta plaza huts bat dagoelako, UCIk beste lizentziaren bat emateko atea ireki lezake urte amaieran.

Giroa, udaberrian

2026ko World Tourreko egutegiak ere baditu nobedadeak. Arautegitik hasita. Hiru itzuli handietan eta monumentuetan, puntu gehiago banatuko dira, gonbidapen kopurua haziko da eta lasterketek taldeei ematen dieten dirulaguntza handituko da.

Proba kopuruak ere gora egin du eta, kasuren batean, etapa kopuruak ere bai. Guztira, 28 lasterketa izango dira (12 itzuli eta 16 egun bakarrekoak). Dwars dor Vlaanderen (Flandrian Zehar) estreinatuko da. Gizonezkoen probaren egun berean korrituko da eta, honekin, lau izango dira Flandrian jarraian jokatuko diren lasterketak: Brujaseko Tourra, Middelkerke-Wevelgem, Dwars door Vlaanderen eta Flandriako Tourra, martxoaren 26tik apirilaren 5era bitartean.

Klasikoek markatuko dute udaberri hasiera eta Giroak emango dio amaiera. Egun bat irabazi du bederatzi etapara heltzeko eta datak aurreratu ditu. Aurten maiatzaren 30etik ekainaren 7ra jokatuko da, Tourretik aldenduz, iaz bien arteko tartea 13 egun eskasekoa izan ondoren.

Iaz ezustekoa eman ondoren, Tourra irabazteko faboritoa da aurten Ferrand-Prevot. (Julien DE ROSA/AFP)

Giroaren birkokatzeak mugimendu gehiago ekarriko ditu. Nabarmenenak Tour of Britaini dagozkio, ekainaren hasieratik abuztuaren amaierara pasatuko baita eta hazi egingo baita bost etapara iristeko. Suitzako Itzulia ere lau egunetik bostera handituko da eta astebete atzeratuko da, gizonezkoen probarekin bat eginez.

Etxean, Itzulia korrituko da maiatzaren 15etik 17ra bitartean, Espainiako Vueltaren eta Burgosko Itzuliaren artean eta Giroa hasi baino 15 egun lehenago. World Tourreko gure errepideetako proba bakarra izango da eta hurrengo mailan beste hiruk jarraitzen dute. Eibarko Sari Nagusia udaberrira itzuliko da eta apirilaren 19an jokatuko da, berriz ere parte-hartzean eragina izango duen lehia handiarekin –Amstel Gold Race egun berean izango da eta hiru egun geroago Fleche Wallonne–. Maiatzaren 13an Nafarroako Klasikoa korrituko da eta sei egun geroago, Durango-Durango.

Maiatzaren 15etik 17ra korrituko den Itzulia izango da World Tourreko proba bakarra gure errepideetan. Maila bat beherago, Eibarko Sari Nagusia apirilean itzuliko da, berriro ere lasterketa handiekin lehian, eta Nafarroako Klasikoa eta Durango-Durango maiatzan izango dira, Itzuliaren aurretik eta ondoren

Heldu berriak

Ibilbide onenek gutxirako balio dute, benetako protagonistak falta badira. Euskal txirrindularitzaren kasuan, argazkia lasterketenaren antzekoa da: korrikalari bat lehen mailan, eta lau, maila bat beherago, Laboral Kutxaren maillotarekin.

Ane Santestebanek erretiroa hartu zuen, Eneritz Vadillok txirrindularitza utzi du eta Naia Amondarainek, Idoia Erasok eta Usoa Ostolazak jarraitzen dute. Irati Aranguren batu zaie. Euskadiko ziklo-kros txapelketa irabaziz ospatu zituen 18 urteak, bide batez arrakastaz betetako denboraldiari ginga jarriz, eta orain profesionaletan debuta egingo du etxeko taldearekin.

Paula Ostiz ere 2007koa da, baina aste honetan bertan 19 urte bete ditu. Gure kiroleko protagonista nagusietako bat izan zen 2025ean. Gazte mailan, ostadar maillota, erlojupeko munduko zilarra eta Europako bi urreak eskuratu zituen bere etxean. Tour Down Underrek ongietorria emango dio txirrindularitza profesionalera –ofizialki, udatik stagiaire gisa aritu baita–, eta World Tourrean lehiatuko da Movistarren maillotarekin, 2028ra arteko kontratua sinatu ondoren. Ostizi dagokiona baino itxaropen handiagorik ez dago, baina nafarrak, anbiziorik falta ez bazaio ere, argi dauka «izugarri hobetu beharra» daukala. «Orain hiru urte ditut pixkanaka-pixkanaka  pausoak emateko», onartu zuen denboraldia hasi aurretik ZAZPIKAn argitaratutako erreportajean.

Gaztea izanik ere, Usoa Ostolazak badu nahikoa eskarmentu bere indargune eta ahuleziak ezagutzeko. Bere taldeak bezala, bere lekua ere lortu du tropelean. 2025 bikaina burutu zuen, arantzak geratu bazitzaizkion ere; hala nola Vueltako erorikoa edo Giroan azken egunean ihes egin zion mendiko maillota. Kirolari ona denez, aurten beste urrats bat egitea espero du.

Lehia

Egia esan, edozein lasterketa irabaztea oso zaila da. Maila oso handiko korrikalari asko daude. Eta, ziurrenik, onena da hainbat taldetan banatuta daudela, horrek errepideetan lehiakortasun handiagoa izatea baitakar.

Gizonezkoen txirrindularitzan ez bezala, aurtengo neguan ez da mugimendu askorik egon; akaso, Mavi Garciak bere azken denboraldia UAErekin korritzeko sinatu duen kontratua eta Lizzie Deignanen erretiroa (Armitstead, ezkondu aurretik).

Lehen lerroko ziklistek, oro har, iazko tokian jarraitzen dute, eta, beraz, ziurrenik, FdJ, Worx, UAE, Lidl-Trek, Canyon, Movistar eta Visma izango dira berriz ere sailkapeneko lehen zazpi postuetan, nahitaez ordena berean ez bada ere.

Vollering handiak poltsikoratu zuen Itzulia. (Gorka RUBIO/FOKU)

FdJk lehen postuan amaitu zuen urtea, hein handi batean Demi Volleringen etorrerari esker. Tourrak ihes egin zion, baina Vuelta eskuratu zuen eta, hamaika garaipenen artean, Itzulia ere poltsikoratu zuen. Frantziako taldeko liderra izango da berriro.

UAEk ere bete-betean asmatu zuen Elisa Longo Borghiniren fitxaketarekin, bere historiako lehen itzuli handia eman baitzion. 2026an, italiarra ez da konformatzen Giroan garaipena errepikatzearekin eta Tourra gehitzea du amets. Pronostikoen kontra, Pauline Ferrand-Prevot izan zen Tourreko erregina, bost urteren bueltan errepidera itzuli eta garaipenik handiena lortuz. Bere helburu nagusia hori izango da berriro ere, Giro menditsuarekin batera. Bere ondoan, beste helburu batzuekin bada ere, Marianne Vosek jarraituko du, Van de Breggen herrikideak bezala 'erretiro' hitza gustuko ez duen ziklista.

Worxek Volleringen eta Marlen Reusseren irteerak gainditu zituen. Ez zuen hiru handienetako bat ere irabazi, baina ez zuen behar izan. Eta 2026an ere ez du beharko, Lorena Wiebesek mailari eusten badio eta Van der Breggenek berriz frogatzen badu adina zenbaki bat baino ez dela.

Worx utzi eta denboraldi bikaina sinatu zuen Marlen Reusserrek Movistarrekin; Vuelta eta Giroko podiumak eta aurkako munduko titulua eskuratu zituen, besteak beste. Talde nafarreko liderra izango da berriz ere, baina itxaropen handia dago Cat Fergusonek eskain dezakeenarekin ere.

Zalantza gehiago sortzen dituzte lehenengo multzo horretako gainontzeko bi taldeek. Lidl-Trek trantsizio-etapa batean murgilduta dagoela dirudi eta Canyonek korrikalari onak ditu baina errematatzeko puncha-a falta omen zaie.