
«Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua» proiektua aurkeztu du ostiral honetan Iruñeko Udalak. Urtean zehar eginen den jarduera-programaren bidez euskal pilota sustatzearen aldeko apustua nabarmendu dute Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Maider Beloki Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Mikel Armendáriz Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko lehendakariak.
Ehun lagun inguru bertaratu dira Iruñerako proiektu estrategikoa aurkezteko ekitaldira. Pilotazaleen klubetako, erakundeetako eta kirol horrekin eta hainbat modalitatetako pilotariekin zerikusia duten eragileen ordezkariak elkartu dira Pompelo Civivoxean.
Aurkezpenari hasiera emateko, Santiago Lesmesek sarrera antzeztu bat egin du, eta ekitaldian zehar Duguna taldeko dantzariak eta Julio Soto eta Bittori Elizalde bertsolariak ere aritu dira. Gainera, euskal pilotaren munduko hiriburuari buruzko bideo bat proiektatu dute.
«Pilota, guztion ondarea»
Joseba Asiron Iruñeko alkateak euskal pilota «hiriko apustu» eta kiroletik haratago doan izaeraren elementu gisa aldarrikatu du, giza harremanerako eta «hirian bizitzeko» modu bat dela iritzita, sustrai historikoekin eta etorkizuneko proiekzioarekin.
Asironek adierazi duenez, pilota «ez da soilik kirol bat», baizik eta «paisaia emozional kolektiboaren zati bat» da; sakearen aurreko isiltasuna, frontiseko kolpearen soinua edo jokoan esekitako oihartzuna gogora ekarriz, eta Erdi Aroan egiten zela gogorarazi du. «Pilotak eboluzionatu egin du, baina ez da inoiz desagertu», azpimarratu du.
Testuinguru horretan kokatu du alkateak proiektu hau. Azaldu duenez, berau «tradiziotik sortutako ekimena da», baina «etorkizunera begiratzen du» eta Nafarroako lurralde osorako elementu komun bihurtu nahi du.
«Ondare hori ez da inorena, guztiona baizik», gaineratu du, eta klub, pilotazale eta federazioen zeregina nabarmendu du, baita Udalak jasotako Napike proiektuaren hasierako bultzada ere.
Asironek azpimarratu du «oinarria eta erakundeen babesa indartu» behar direla pilota haurrengana iristeko eta garai berrietara egokitzeko, «esentzia galdu gabe», eta eskolen, kluben eta Federazioaren aldeko apustu irmoa defendatu du. «Pilota frontoietatik ateratzea nahi dugu, gero indar handiagoz itzul dadin», zehaztu du.
Ildo beretik mintzatu da Andrea Lusarreta Nafarroako Euskal Pilota Federazioko presidentea, eta ohartarazi du pilota ez dela «apaindura hutsezko elementu» bihurtu behar, baizik eta kultura partekatu baten egiturazko pieza. «Ez da iraganari begiratzeko postal bat, oraina eta etorkizuna baizik», adierazi du.
Lusarretak erakundeen babes handiagoa eskatu du, eta «behetik gorantz eraikitzea» defendatu du, pilota ezagutzera emateko eta bere pultsu soziala berreskuratzeko, Labrit pilotalekua bezalako eszenatoki handien arrakasta puntualetik haratago. Bere ustez, kirol honen alde «egunero lan egiten dutenak» dira bizirik mantentzen dutenak, eta Iruñea «pilota sentitzeko eta bizitzeko» lekua izango dela aurreratu du.
2026ko agenda
Hala, hainbat ekimen antolatu dituzte 2026rako, hala nola nazioarteko kongresua, interpretazio-zentroaren lanak abiatzea, energia-efizientzia hobetzeko obrak egin ondoren Labrit pilotalekua berriz irekitzea eta euskal pilotaren inguruan produktu turistiko bat eratzea.
Erakusketarekin batera, aurten, pilotazaleen mundua bultzatu eta sustatuko duten askotariko jarduerak eginen dira Iruñean. Urriaren amaieran, Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarra eginen da, Iruñea kirol horren epizentro gisa kokatzeko, kirolaren joerak, erronkak eta aukerak aztertuta pilotaren etorkizunari buruzko eztabaida irekitzeko, bai eta pilotaren inguruko produktu turistiko berria ezagutzera emateko ere.
Era berean, Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroaren lanak aurten abiatzea aurreikusten da, zezen-plazaren atzeko aldean dagoen orubean. 2025eko urrian ebatzi zen ideia-lehiaketa, eta O Arquitectura SLP enpresaren ‘Pareten Mintzoa’ proiektuak irabazi zuen.
Beronek ‘L’ itxurako eraikin bat izanen da, sinbolikoki pilotaleku bat iradokitzen dituen bi pareta izanen ditu eta bolumen bakarrean eginen da, sotoaz eta beheko eta lehenengo solairuez osatuta. Harresirantz irekitako plaza bat izanen du, topagune eta egonleku gisa, eta Labrit eta Jito Alai pilotalekuekin elkarrizketan egonen da.
Horrez gain, udaberrian Labrit pilotalekua irekiko dute berriz, hainbat hilabetez energia-efizientzia hobetzeko lanak egiteko itxita egon ostean. Iruñeko Udala 1.045.000 milioi euro inbertitzen ari da instalazio termikoa berritzeko, estalkia berritu eta iragazgaizteko eta energia berriztagarria ekoiztea ahalbidetzen duten beste jarduketa batzuetarako. Aditzera eman dutenez, berriz irekitzeko ekitaldia pilota kalera aterako duten jarduera-programa batekin baliatu nahi da, ekitaldi berezi horren inguruan jai egun bat antolatzeko.
Euskal pilota erakargarri turistiko gisa sustatzea da 2026ko beste jarduketa-ardatzetako bat. Iruñeko Udalak euskal pilota apustu turistiko jasangarri baten erdigunean kokatu nahi du, eskaintzaren urtarokotasuna hautsita eta berezko ondare immateriala balioan jarrita. Horretarako hainbat ekimen jarriko dituzte martxan, besteak beste, pilotaren historiari buruzko bisita gidatuak, esperientzia-bisitak, gastronomia, erremonterako gune bat eta kirol horren inguruko eskaintza turistiko berri bat.
Azkenik, oinarrizko pilotari, harrobiari eta kirol horren etorkizunari laguntzeko jarduera bat egitea aurreikusten da: Pilotaldia proiektua, Iruñeko Udalak babesten duen Nafarroako Euskal Pilota Federazioaren ekimena.
Amaitzeko, talde-argazkia atera ondoren, Pompelo Civivoxean estreinatu den Iruñeko tradizio pilotazaleari buruzko erakusketa ibiltaria bisitatu dute. Hamahiru panelen bidez euskal pilotaren askotariko aspektuak ezagutzera ematen dira, esaterako, Iruñearekin duen lotura, historia, pilotak dituen diziplina eta modalitateak, emakumeen papera eta pilotalekuak topagune gisa duen garrantzia. Edukiak Santiago Lesmes historialariak prestatu ditu.
Hilaren 26ra arte, erakusketa Pompelo Civivoxean bisitatzko aukera izango da. Ondoren, erakusketa hiriko gainerako civivoxetan barna ibiliko da, euskal pilotaren mundua hiriko auzo guztietara eramateko.
Beñat Apezetxea, Aspera
Bestalde, Aspe enpresak Beñat Apezetxea aurrelaria profesionaletara igo du, datozen bi urteetarako. 21 urteko goizuetarrak oraindik ez daki noiz debutatuko duen, baina datozen hilabeteetan egingo du. Apezetxea, El Diario Vasco, Soroa Oroitzarrea eta Antiguako Torneoko txapelduna da.
«Profesionaletan debuta egitea txikitatik nuen ametsa betetzea da», aitortu du Apezetxeak. Bere anbizioak oso apalak dira, nolanahi. «Pixkanaka hobetzen joan nahi nuke, maila ona eskainiz eta kantxan gozatuz», adierazi du.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
