NAIZ

Urriaren 12ko auzipetuen absoluzioa eskatuko dute Gasteizen, hauen deklarazioak hasiko direnean

Astearte honetan hasiko dira Gasteizen urriaren 12ko gertakarien ondorioz atxilotu eta ikertuak izan diren pertsonen deklarazioak. Prozesu judizialaren hasiera salatzeko eta auzipetuen absoluzioa eskatzeko, elkarretaratzea antolatu dute 19.00etan, Andra Maria Zuria plazan.

Gasteizen egindako elkarretaratzea, Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko.
Gasteizen egindako elkarretaratzea, Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hiru hilabete igaro dira urriaren 12tik, noiz, Hispanitatearen egunean, Falange Española de las JONS alderdiak mobilizazioa egin zuen Gasteizen, ‘La unidad de España ni se vota ni se negocia’ lelopean. Horren aurrean, ehunka pertsona kalera atera ziren protesta egitera. Egun horretako gertakarien ondorioz, Ertzaintzak 19 lagun atxilotu zituen eta hamarnaka pertsona zauritu zituen.

Gauzak horrela, auzipetutako pertsonek jakinarazi dute haien aurkako prozesu judiziala martxan dagoela. Lehenengo deklarazioak, bihar, urtarrilaren 20an egingo dituzte atxilotuek zein lekukoek, baina hurrengo hilabeteetan deklarazio data gehiago aurreikusten dira.

Horren aurrean, astearte arratsalderako elkarretaratzea antolatu du Urriak 12 auzipetuen plataformak, 19.00etan, Andra Maria Zuria plazan.

Auzipetuek azaldu dutenez, Falangeren mobilizazioa Lakuaren eta Gasteizko Udalaren onespenarekin egin zen, eta, uneoro, Ertzaintzaren babes eta laguntza izan zuen. Testigantzen arabera, poliziak falangistekin batera kargatu zuen manifestarien aurka, eta esku-hartzea protesta antifaxista desegitera bideratu zen.

Falangeko kideak ez dituzte ikertuko

Halaber, azpimarratu dute Falangeko kideek makilekin eta piper-espraiarekin egindako erasoak inpunitate osoz gauzatu zituztela, Ertzaintza alboan zutelarik. Gainera, «Falangeko kiderik ez zela atxilotu ezta ikertu ere» salatu dute. Auzipetuek nabarmendu dute egoera honek «argi erakusten duela faxistek poliziaren partetik duten elkarlana eta inpunitatea».

Testuinguru horretan, auzipetutako pertsonek kritikatu dute «instituzioetako bozeramaileek faxisten probokazioak eta indarkeria gaitzetsi beharrean, antifaxisten aurkako kriminalizazio juridiko eta mediatikoa bultzatu dutela». Adibide gisa, aipatu dute Ricardo Ituartek Segurtasun Saileko sailburuordeak egindako deklarazioak, non, mugimendu antifaxista «faxista» bezala izendatu zuen.

Horrengatik guztiagatik, U12ko gertakarien harira auzipetutako pertsona guztien absoluzioa eta auziaren itxiera exijitzen dituzte, eta prozesu judizialak irauten duen bitartean antifaxisten aldeko elkartasuna adieraztera deitu dute herritar oro.

Ertzainak hasi dira deklaratzen

Urtarrilaren 9an, ordea, bederatzi ertzainek deklaratu zuten Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegian. Agenteek auzitegian biktima gisa deklaratu zuten, eta egindako adierazpenaren arabera, «antifaxistek taktika militarren bidez aurre egin zieten».

Ertzainek epailearen aurrean aitortu zutenez, «duela urte askotatik ez zuten indarkeria eta profesionalizazio maila hori ikusi». Bere aldetik, Jose Antonio Bitos Euspel sindikatuko abokatuak azpimarratu zuen «dena aurretik antolatuta zegoela». «Bazekiten non kokatu eta nola jardun ertzainei ahalik eta gehien zauritzeko», gaineratu zuen.

Euspelek eskatu zuen auzipetuen 4 urteko eta 6 hilabeteko espetxe zigorra, «desordena publikoen» delitua eta «agintaritzaren agenteen aurkako atentatua» leporatuta.