
Alain Robert frantziarra bakarka integraleko eskaladetan espezialista handia da. Duela hiru hamarkada erakutsi zigun maisutasun handiarekin nola igotzen zituen sokarik gabe ibilbide ezagunak. Ondoren, mundu zabaleko hiriburuetako etxe orratzak edo dorreak eskalatzen hasi zen. Horiek guztiak isilean egiten zituen; izan ere, jarduera horiek debekatuta daude. Horren ondorioz, maiz atxilotu dute.
Roberten eskalada ikusgarri horien lekukoa oso eskalatzaile gutxik hartu dute. Alex Honnold dugu azkena. Azken urte luzeotan estatubatuarrak bakarkako estiloan (sokarik gabe) eskaladaren mugak desafiatzen jardun du. Kapitain, Half Dome, Moonligth Buttress eta beste hormatzar batzuk Honnolden «jolastokiak» izan dira. Oraindik gogoan ditugu ‘Free Solo’ dokumentalaren irudi zirraragarriak zein beldurgarriak. Ekoizpen hartan estatubatuarra Kapitaneko ‘Freerider’ bidea (7c, 900 m) sokarik gabe eskalatzen ikusteko parada izan zen.
Heldu den ostiralean, hilaren 23an, berriro ere antzeko jarduera bat egingo du, baina, Robert frantziarrak bezala, etxe orratz batean. Bi eskalatzaileon arteko alde bakarra da Honnolden eskalada zuzeneko emanaldi batean eskainiko dela. Hain zuzen ere, Netflix plataforma da irudiak emango dituena. Hots, aurrekaririk ez duen emanaldia izango da.
Protagonistak Taiwanen kokatu du erronka hori. Taipei 101 izeneko dorrea sokarik gabe eskalatzen saiatuko da. Hots, munduko eraikin garaienetakoa: 508 metro. Jakina, etxe orratz horren ezaugarriek ez dute Yosemiteko marrekin inolako antzekotasunik. 101 solairu ditu, eta etxe-aurrea helduleku metalikoekin eta kristalezko erlaitzekin osatuta dago.
Jakina, ezaugarri horiek ondo baino hobeto kudeatu beharko ditu, eta horretarako azken asteotan etxe orratz hori aztertzen eta probatzen izan da. Bide batez, sare sozialetan gogor entrenatzen ikusi dugu, baita katu-oin bereziak probatzen ere.
Ezaugarriak
Dorre horren ezaugarriei dagokienez, Honnoldek jakin badaki eraikinaren lehen 90 metroak samurrak direla. Baina hogeigarren solairutik aurrera panelak askoz ere bertikalagoak dira eta blokeko hainbat sekzio gainditu beharko ditu. Dorrearen gailurrera heltzeko, patroi hori 92 alditan errepikatzen da. Estatubatuarra eskalada monotono batean murgilduko da, baina aurreratu behar da eskalada oso erreala izango dela.
Gutxi gorabehera 90 minutuko eskalada aurreikusi du, eta denbora horretan ondo baino hobeto kudeatu beharko ditu kontzentrazioa eta nekea. Bakarka integraleko beste jarduera batzuetan bezala, badirudi horren guztiaren inguruan ez duela arazorik izango.
91 eta 101 solairuen artean, eskalatzaile honek beste sekzio berezi bat igo beharko du. Estua izateaz gain, haizea egiten badu arazoak izan ditzake. Amaiera, berriz, orratz txiki batean izango du. Ondoren, maila batzuk deseskalatu eta igogailura helduko da. Eskaladaren zailtasunaren inguruan Honnoldek esan du Yosemiteko ‘Rostrum’ bidearekin (6c+) antza duela.
Azken hilabeteotan estatubatuarrak entrenamendu oso espezifikoak egin ditu Taiwaneko helburu horretarako. Rokodromoan zein harkaitzean. Eta aurreratu dugun bezala, azken egunotan Taipei 101 dorrea ondo baino hobeto aztertu du.
Aldaketarik ez badago, ostirala izango da Honnolden D eguna. Lilura, zalantzak, beldurra, miresmena… Denetarik jasotzen du eskalatzaile horren jardueraren koktelak. Batzuek ‘Panem et circenses’ esaldiarekin (ogia eta zirkoa) lotuko dute Honnolden eskalada. Beste batzuek, aldiz, emozioarekin eta antzeztutako errealitatearekin. Eta, jakina, badira esaten dutenak ikuskizun bat baino ez dela, egungo gizarte honek eskaintzen duena.
Horren guztiaren inguruan NAIZeko irakurleak iritzia emateko aukera izango du, baldin eta Netflix plataforma baduen eta aurrekaririk ez duen Honnolden zuzeneko eskalada hori ikusi nahi duen. Emanaldia goizeko 2:00etan (Euskal Herrian) hasiko da.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
