Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘7 urte’: thriller bat, bost aktore ezagun eta euskarazko bertsioaren aldeko apustua

«Luxu bat izan da», aipatu du pare bat aldiz Agurtzane Intxaurraga zuzendariak Basauriko Sozial antzokian ostiral honetan (urtarrilak 23, 20.00) estreinatuko duen ‘7 urte’ antzezlanaz mintzatzean. Roger Gual zinemagile katalanaren thriller kitzikagarria oholtzara eraman du, euskarara egokituta.

Xake jokoaren antza du antzezlanak.
Xake jokoaren antza du antzezlanak. (Miguel ARROSPIDE)

Duela hamar urte, 2016. urtean, estreinatu zen ‘7 años’ filma, Roger Gualek zuzenduta. Bulego batean eta gau batean, enpresa bateko bost kidek iruzur egin izanagatik hartu behar duten erabakiaren inguruko hartu-eman goraberatsua islatzen zen thriller hartan. «Zineman efektu bereziak baino gehiago eskatzen dutenentzat egokia. Pertsonaien arteko dueloak gaur egungo gizartearen miseriak jartzen ditu agerian», irakurri genuen orduko kritiketan. 

Handik pare bat urtera antzerkira eraman zuten –Daniel Veroneseren bertsioan eta, orain, 2026an, Vidania Teatroak euskarara eta gure antzerkira ekarri du, apustu ausart bat eginez: euskarazko bertsioa soilik prestatu baitu, ez bikoitza normalean egin ohi den bezala –«luxu bat», zuzendariarentzat–, eta lan talde sendo bat elkartuta.

Oholtzaren gainean Kandido Uranga (‘Heroiak’, ‘Maspalomas’), Jon Olivares (‘Patria’, ‘Altsasu’), Iñigo Gastesi (‘Gelditasuna ekaitzean’, ‘La infiltrada’), Dorleta Urretabizkaia (‘Hil Kanpaiak’) eta Aitor Beltran (‘Gelditasuna ekaitzean’). Zuzendari lanetan, Agurtzane Intxaurraga dramaturgo eta zuzendari beteranoa. Itzulpena ‘Txiliku’ Arangurenek egin du. 

Ostiral honetan Basauriko Social Antzokian estreinatu ondoren, Bergaran ikusi ahal izango da otsailaren 21an, Bermeon otsailaren 27an eta martxoaren 29an, aldiz, Hondarribian.

Zuk zer egingo zenuke?

«Kanon guztiak betetzen ditu lan honek», dio Agurtzane Intxaurragak. «Thrillerraren intriga du, lan talde potentea, gaia oso mediatikoa eta ezaguna da eta eta jendearentzat erakargarria da». Vidania Teatroaren ausardia azpimarratu nahi du Intxaurragak: «Aipagarria da bere bigarren ekoizpenean hartu duen erronka», dio. «Iñigo Gastesi aktorea Vidania Films ekoiztetxearen partaide da eta antzerkiari dion maitasunagatik sortu zuen Vidania Teatro. Berak aukeratu zuen testu hau eta aipatu zidan duela hiru urte».

Intxaurragak antzerkira eraman du istorioa. «Xake partida bat, non piezak aktoreak izango diren. Teknologia berrien enpresa arrakastatsu baten lau sozio fundatzailek iruzur egin dute. Gaia, beraz, oso gaur egungo da. Batzuetan goi mailetan bakarrik gertatzen dela dirudi, politikari edo enpresari handien artean, baina ez. Nik uste dut gizartearen arlo askotan ikusten dela gogo hori: Ogasunari iruzur egitearena. Eta gainera ematen du azkarragoa zarela hori egiten baduzu eta besteak, tontoagoak», dio.

Horrela hasten da antzezlana: «Abokatuaren dei bat jasotzen dute, esanez: ‘Ez zarete libratuko. Astelehenean hor duzue polizia judiziala. Eta ez da diru kontua edo diruarekin konponduko duzuen zerbait, jokoan zazpi urteko kartzela zigorra dago’. Beraien artean erabakiko dute, laurak kartzelara joan beharrean, batek erru guztia beregain hartzea, bera bakarrik joan dadin kartzelara, eta kitto. Bitartekari bat adostu dute [Kandido Uranga]. Baina badakite laurak direla errudun».

«Antzezlanak hitz egiten du azkenean etikaz, moralaz...», gehitu du Intxaurragak. Eta galdera zorrotzak plazaratzen ditu, esaterako: Zer egingo zenuke zazpi urteko kartzela zigorra ekiditeko? «Publikoak ondo pasatuko du, eta antzokitik aterako da galdera batzuekin buruan», amaitu du.