
Frantziako Alpeetako beste ingurumari batzuk ez bezala, Devoluyko mendigunea ez da oso ezaguna izotzean eta mistoan gogor estutzeko. Eskuarki, udaran ikuspegi ederrak eskaintzen ditu, baina neguan maiz ez da izotza osatzen. Urtaro hori heltzen denean, alpinista batzuk Saute Aure izeneko ur-jauzira begira jartzen dira. Aurten izotza izango ote dugu? Hori da espezialisten buruan txertatzen den galdera.
Bada, azken hilabeteotako hotzak ur-jauzi horri beste irudi bat eman dio. Urte berezietan izotzezko murru erraldoi bat egiten da, eta urte honetako hasieran egoera hori errepikatu egin da. Bou ingurumari horretan bizi da, eta bera izan da Saute Aure oso gertutik «zelatatu» duena.
Lehen hotz boladarekin batera, lehen aldiz ur-jauzi horren aurrean jarri zen. Murruaren lehen zatia, 80 metro, lagun batekin eskalatu eta balizko ibilbide bat asmatu zuen artesien artean izotzezko hodira iritsi ahal izateko. Irteera horretan erabat liluratuta geratu zen goialdean dagoen sabai erraldoiarekin. Hots, horizontalean hamar metroko eroria duena. Igotako metroak rappelatu eta helburua amaitzeko erronka gorde zuen hurrengo hotz boladarako.
Urte berriarekin batera, Kilian Monik eta Bouk izotzezko zirrikituak eskalatzen jardun zuten. Beroketa horiek egin eta denbora galdu gabe, zulagailua hartu eta Devoluyko ur-jauzi horretara abiatu ziren. Hil honen 6an, -17ºko tenperaturarekin, Bouk lehen luzea (4) eskalatu zuen. Monik, aldiz, bigarrena (M5). Bi sekzio horiek ez dute zailtasunean misterio handirik. Baina hirugarrena eta azkena geratzen zitzaien; proposamen berriaren giltza izango zena.
‘Piztia’
Bi alpinistok sabai erraldoiaren oinarrian zeuden. Metro basati horietan estalaktitak nagusi ziren, baita izotzezko «puñal» handi bat ere. Artifizialean ekipatzen hasi ziren, eta argi geratu zitzaien era askean igotzeko oso-oso zaila izango zela. Sabaiaren amaieran, izotzera igaro baino lehen, lanak amaitu eta jaitsi ziren.
Biharamunean ere, muturreko hotza egin zien: -18º. Bigarren irteera horretan Olbrecht batu zitzaien. Lehen bi luzeak arazorik gabe igotzeaz gain, bigarren luzea eta bilguneak parabolt batzuekin sendotu zituzten etorkizuneko errepikatzaileentzat erosoago egiteko.
Monik hirugarren eta azken luzean ardura hartu zuen. Mugimendu eta sekuentzia batzuk librean lotu zituen. Ez zitzaion batere erraza egin mugimendu horiek irakutzea, eta, gainera, igotzen ari zen bitartean harkaitza garbitzen joan zen. Baina helburua ez zen Monik luze hori kateatzea; ez, lesio batetik irten berria zen eta oraindik ez zegoen erabat sasoiko. Finean, Bouri lanak errazteko xedearekin igo zen.
Azken txapak jarri, izotzezko «puñalera» heldu, sabaia gainditu eta bilera antolatu zuen. Lan horiek bukatu bezain laster, soka gainetik, Bou era askean eskalatzen saiatu zen. Bere kideak igorritako informazioak asko lagundu zion, baina sabai erraldoi horrek muturreko zailtasuna erakutsi zion. Hodian atseden pixka bat hartu eta gero, hiru metro gehiago gainditu eta erorikoa izan zuen. ‘Saute Aure et god homme’ bideari puntu gorria jartzeko saialdia hor amaitu zen. Nahiz eta Bouk tarte basati hori ez zuen kateatu, adierazi du M11 maila duela.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
