Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Unibertsitate publikoek jasandako «zabarkeria» salatu du EHUk

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak bere agintaldiaren lehen urteko balantzea egin du astearte honetan. Azpifinantzaketaren arazoa mahaigaineratu du berriro, eta salatu du espainiar Estatuko baita Europako unibertsitate publikoek jasandako «zabarkeria».

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak.
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Unibertsitate-autonomiak finantza-nahikotasuna eskatzen du. Hala nabarmendu du astearte honetan Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak Gasteizko Campusean, bere agintaldiaren lehenengo urtearen balantzea egiteko antolatutako agerraldian.

Bertan hitz egin du EHUk pairatzen duen azpifinantzaketari buruz, eta onartu du arazo honek espainiar Estatuko eta Europako beste unibertsitateei eragiten diela ere. Izan ere, Bengoetxeak unibertsitate publikoek jasandako «zabarkeria» salatu du.

«Gure ustez, gure unibertsitateak eta gure erakundeek aitzindariak izan beharko lukete joera horri buelta emateko, unibertsitate publikoaren aldeko apustu sendoa egiten», gaineratu du, eta onartu du Lakuarekin hitz egiten ari direla helburu hori lortzeko. «Uste dugu borondate partekatua dela, eta hori lortzeko lan egingo dugu», gaineratu du, eta akordio batera heltzeko marko bat adostu beharko dela azpimarratu du. 

Era berean, onartu du «tentsio» uneak badirela Juan Ignacio Perez Iglesias zuzendutako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako Sailarekin. «Tentsio hori momentu puntual batzuetan areagotu egiten da eta beste batzuetan leundu, baina adostasuna lortu arte tentsio puntuak egongo dira».

Dena den, bere ustez «horrek ez gaitu desbideratu behar helburu nagusitik», adostasuna lortzea EHUk udazkenean argitaratutako diagnostikoan jasotako beharrei erantzuteko eta duela hilabeteak iragarritako paralisia saihesteko.  

Ordezkoen auzia konponduta

Bengoetxeak azpifinantzaketari buruz hitz egin du iaz betetako konpromisoak laburbildu ondoren. Haien artean azpimarratu du ordezkoen auzia konpondu dutela. «Esan genuen posible zela eta lortu dugu lehenengo urtean kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea eta bereziki ordezkoen lan saria osatzea», esan du.

Halaber, promozioan dagoen itxaron zerrenda askatzeko araudi ez baztertzailea eta legez atera daitezkeen plaza guztiekin EPEa onartu dela goraipatu du, eta kontziliazioa hobetzeko neurri berriak direla ere. Gainera, doktoretza aurreko ikerlariei 2024ko lehen sei-hilabeteko soldata igoera ordaindu zaie, eta ikerlari irakasle figurarako promozioa desblokeatu egin da.

Gobernantzari dagokionez, martxoaren 16an bozkatuko da hurrengo bi urteetarako plan estrategikoa eta apirilaren 21ean Klaustrora helduko da Estatutuak berritzeko proposamena. Arlo akademikoan, gradu eskaintza gehitu da, eta aliantza sortu eta indartu dira Boise State University-rekin eta UPPArekin.

Campusak hobetzeko neurriak hartu dira ere. Gipuzkoan ikasleen egoitza berria eraikitzeko proiektuaren diseinua abiarazi da, 200 plazatik gora eskainiz; Araban, zaintza integraleko zerbitzuaren proba pilotua abiarazteko hitzarmena sinatu eta espazioa atontzeko lana hasi dira; eta Bizkaian Klinika Odontologiko Soziala Bilboko erdigunean ezartzeko hitzarmena sinatu da Udalarekin. 

Arlo sozialean, palestinar ikerlari doktoreek egonaldia egiteko diru laguntzak onartu dira; Arrakasta eta gizarte inklusiorako programak zabaldu; eta ebaluazio inkestetan 3. generoa sartu du, «eskaera historiko» bati erantzun emanez.

Gainera, Agora Digitala sortzeko prozesua abian da, Ehup! ikasleen jaia izatetik unibertsitatearen jaia izatera pasako da, eta EHU marka eraberritua «landu, inplementatu eta gizarteratu da». Eta Ehunenekoak abestia sortu da, «ereserki izateko anbizioarekin».

Elkarbizitza sustatzeko protokolo bat prestatzen ari direla aipatu du errektoreak, eta laster aurkeztuko dutela iragarri. 

Egindako lana gogoratu ostean, unibertsitate publikoaren aldeko apustu sendoa eskatu die politikariei, eta apustu hori EAEko Unibertsitate Lege berrian jaso beharko dela adierazi du.