NAIZ

Hego Euskal Herriko galeriek ateak itxiko dituzte BEZ murriztua aldarrikatzeko

Hego Euskal Herriko galeriek ateak itxiko dituzte otsailaren 2tik 7ra, artelanen salmentan BEZ murriztua aplika diezaietela eskatzeko. Egun %21ekoa da zerga, Europako herrialde gehienetan baino askoz handiagoa: Ipar Euskal Herrian %5ekoa da.

Bisitariak obrei begira, Bilboko galeria batean.
Bisitariak obrei begira, Bilboko galeria batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hego Euskal Herriko galeriak itxita egongo dira datorren astean, otsailaren 2a eta 7a bitartean, Estatu espainol mailan deitutako protesta baten baitan, artelanen salerosketan aplikatzen zaien %21eko BEZa murriztu dadila eskatzeko. «Horrek gizartearentzat ezinbestekotzat den jarduera bat geldiaraziko du: sorkuntza artistikorako sarbide librea eta jarraitua», ohartarazi dute Donostiako Arteko galeriatik.

Ohar bidez azaldu dutenez, «artista eta galerien artelanen salmenten BEZ-a murrizteko gure eskaerari gobernuaren ekintza eza eta erantzun eza ikusita» hartu dute astebetez ateak ixteko erabakia. Murrizketa horrek Europa mailan BEZ kultural murriztua duten beste herrialde batzuekin alderatuta duten «desabantailari amaiera ematea» ekarriko lukeela uste dute.

Izan ere, Hego Euskal Herriko galerietan %21eko BEZa aplikatzen den bitartean, Ipar Euskal Herrikoetan %5ekoa aplikatzen da, esate baterako. Italia %5ekoa, Portugalen %6koa eta Alemanian %7koa da salerosketa hauei aplikatzen zaien BEZa.

Gogora ekarri behar da 2012ra arte galeriek BEZ murriztua zutela eragiketa hauetarako, baina orduko Gobernu espainolak %21era igotzea erabaki zuen, atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko neurrien barruan. Aktibitatea berreskuratzearekin batera, kulturako zenbait alorretan BEZa jaistea erabaki zen, kontzertuen, zinemaren eta liburuen kasuan esaterako, baina bitartekarien bidezko artelanen komertzializaziorako zerga %21ean mantendu da.

«Astebetez, galeria guztiak publikoarentzat irekitako doako kultur espazio izateari utziko diote protesta modu gisa eta gure egoeraren berri emateko», ziurtatu dute, eta otsailaren 9tik aurrera hasiko dira berriro ere bisitariak jasotzen, «galeriak berriro irekiko baitira kulturaren bilgune gisa duten eginkizuna defendatzen jarraitzeko, gure aretoak zuekin guztiekin partekatuz».

Zehaztapen bat ere eman dute: publiko orokorrarentzat itxita egongo badira ere, hitzordu bidezko bisita pribatuak mantenduko dituzte.