NAIZ

Durangon epaiketa bertan behera geratu da eta Donostian absoluzioa eskatu du Fiskaltzak

Gaztetxeekin lotuta, bi epaiketa ziren egitekoak astearte goiz honetan. Durangon, Igorreko Kiñu gaztetxearen aurkako epaiketa, eta Donostian, Guardetxeko kideen aurkakoa. Kiñu gaztetxearen aurkako epaiketa bertan behera geratu da, eta Donostiako kideen absoluzioa eskatu du Fiskaltzak. 

Kiñu gaztetxearen alde Igorren egindako mobilizazioa.
Kiñu gaztetxearen alde Igorren egindako mobilizazioa. (Kiñu Gaztetxea)

Astearte goiz honetan ziren epailearen aurrean esertzekoak Igorreko Kiñu Gaztetxeko kideak eta Donostiako Guardetxea gaztetxekoak. Durangoko epaitegian zen egiteakoa lehena, eta Donostian bigarrena, eta bi epaitegien inguruan gaztetxeen aldeko aldarriz bete dira goizean goizetik.

Kiñuren aurkako epaiketa bertan behera gelditu dela jakinarazi dute gaztetxeko kideek: «Epaiketa bertan behera geratu da, akordio batera heltzeko eta momentuz 60 egunez suspendituta egongo da prozedimendua eta gero ikusiko da zer gertatzen den».

Sabaldell bankuarekin - eraikinaren jabea denarekin- negoziazioak oraindik zabalik daudela argitu dute, eta negoziaketa horiek eman bitartean epaiketarik ez egitea «ondo ikusi dute» gazteek. 

Donostiako kideen absoluzioa eskatu du Fiskaltzak

Halaber, Donostiako epaitegian Guardetxearen aurkako epaiketa izan da. Donostiako Alde Zaharreko Gazteek (AZGA) ohar batean azaldu dutenez, «argi geratu da ez dagola auzipeturiko bi gazteak zigortzeko froga nahikorik. Hori dela eta, Fiskaltzak absoluzioa eskatu behar izan du».

«Orain sententziaren zain geratzen gara eta absoluzioa espero dugu. Kasu horretan, ez litzateke kaleratze agindurik egongo», adierazi dute, eta Donostiako Udalari Guardetxean martxan dagoen proiektua errespetatu dezala eskatu dute. 

«Azkenik Gaztetxe berriak okupatzera animatu nahi ditugu Euskal Herriko Gazte Asanbladak, bai eta kaleratze arriskuan dauden Gaztetxeekiko elkartasuna antolatzera ere!», gaineratu dute.