NAIZ
Gasteiz

Ertzaintzaren «km0 labeldun eraso bat» salatu du Iraultza 1921-ek, zaleei bufandak kendu ostean

Mendizorrotzako segurtasun indarrek, «Ertzaintzaren menpeko agintarien ekimenez», Alaveseko zaleei Iraultza 1921-rekin lotutako bufanda eta arropak konfiskatu zizkietela salatu du elkarteak. «Lasaitasuna eta ordena nagusi ziren lekuan kaosa sortu dute, suhiltzaile piromano baten antzera».

Protesta de Iraultza 1921 contra los horarios de La Liga.
Protesta de Iraultza 1921 contra los horarios de La Liga. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azken jardunaldian, Alavesek Betisen aurka berebiziko garrantzia zuen garaipen bat lortzen zuen bitartean, segurtasun indarrek hainbat zaleri bufandak eta arropak konfiskatu zizkietela salatu du Iraultza 1921 elkarteak, honekin lotutako ikurrak zeramatzatelako.

Jakinarazi dutenez, neurria harmailetako hainbat gunetan aplikatu zen, ikusleen profila bereizi gabe: gazteak, adinekoak, haurrak eta familia osoak miatu zituztela baieztatu du jarraitzaile taldeak. Neurri hau azken urteotan elkartearekin lotuta hartutako beste debeku eta murrizketen testuinguruan kokatu dute: «muralen zentsura, pankarten debekua, Iraultza 1921 aipatzen duten mezuak estadio barruan erakusteko debekua, eta jarraitzaileek bidaietan jasandako kontrol eta jazarpenak».

Oraingoan, gainera, neurriak ez ziren estadio barrura mugatu: zenbait kasutan, irteeran ere ikusleen aurkako esku-hartzeak izan zirela salatu dute zaleek. Segurtasun-arduradunek hartutako erabakia «Ertzaintzaren menpeko agintarien ekimenez» gauzatu zela adierazi dute. 

«Halako egoeren aurrean futboleko mafia zuzentzen duen deabruaren abokatu izendaezinaz hitz egitea topikoa bada ere, kasu honetan zuzenagoa da esatea km0 labeldun eraso baten aurrean gaudela. Mendizorrotzako segurtasunaren ardura duten Ertzaintzako agintariek eurek erabaki dute legezkotasun zalantzagarriko jazarpen hau martxan jartzea eta aurrera eramatea. Lasaitasuna eta ordena nagusi ziren lekuan kaosa sortu dute, suhiltzaile piromano baten antzera», nabarmendu dute.

Legez erregistratuta 2012tik

Honen aurrean, gogora ekarri dute elkartea 2012tik dagoela legez erregistratuta, nortasun juridiko propioarekin. Elkartearen ordezkariek salatu dutenez, ez dute «inolako jakinarazpen ofizialik jaso» elkartea «legezkotasun zalantzagarriko» zerrenda batean sartuta dagoela esanez, «ezta neurri horien oinarri juridikoari buruzko azalpenik ere». Halaber, azpimarratu dute ez zaiela aukerarik eman beren defentsan alegazioak egiteko.

Neurri hauen ondorioz, estadio barruan debekatuta geratu dira elkartearen izena edo sinboloak daramatzaten elementuak, eta horrek «zale askoren ustez adierazpen-askatasunaren eta elkarte-eskubidearen urraketa dakar». Gainera, elkartearen izena osatzen duten «zortzi letra eta lau zenbakiak espazio publikotik desagerrarazteko ahalegin gisa» ulertzen dute egoera.

«Tamalez beraientzat, ez da horrela izango. Debekatutako zortzi letrak eta lau zenbakiak eta harrotasunez ordezkatzen dituzten pertsonak Mendizorrotzan jarraituko dute egoten, beraien etxea eta alaveszale guztiona baita», adierazi dute.