
Skimoko edo mendiko eskiko Munduko Kopak deialdi bikoitza izan du Pal Arinsaleko (Andorra) eski-estazioan. Hots, bi modalitate jokoan ziren: bertikala eta esprinta. Eguraldiak bi aurpegi erakutsi zituen. Bertikaleko proban eguzkia jaun eta jabe izan zen. Esprintekoan, aldiz, eguraldi oso-oso makurra. Horren ondorioz, hitzordu hori bertan behera geratu zen.
Aurreratu dugun bezala, bertikaleko proban hogei herrialdetako 90 eskiatzaileek (34 emakumezko eta 56 gizonezko) baldintza bikainak izan zituzten. 690 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean nor baino nor aritu ziren. 1.580 metroko kotan (Josep Serra teleaulkian) hasi ziren; amaiera, berriz, Xalet izeneko eremuan (2.300) izan zuten. Edizio honetan, gainera, tarte lau luzeago bat gehitu zioten lasterketa azkarragoa izan zedin.
Lehiari dagokionez, argi eta garbi geratu zen Axelle Gachet-Morallet eta Remi Bonnet disziplina horretako indartsuenak direla. Beste behin erakutsi zuten garaipena lortzeko erritmoa bikain menderatzen dutela. Emakumezkoen lasterketak déjâ vu ederra utzi zuen; izan ere, aurreko probako (Courcheval) podium bera izan zen. Lehen bost sailkatuen irudia ere berdina izan zen.
Gachet-Mollaretek egundoko maisutasuna erakutsi zuen. Hots, denboraldia oso-oso sasoiko hasi du. Eskiatzaile frantziarrak goitik behera kontrolatu zuen proba eta aise irabazi ere 31:44 denborarekin. Garaipen horren isla da bigarren sailkatuari, Emily Harrop herrikideari, ia minutu bateko aldea atera ziola. Sarah Dreier austriarra hirugarrena izan zen 32:57 kronoarekin.
Courchevaleko hitzorduak bezala, Andorrakoak ere euskal ordezkari bat izan zuen: Malen Osa. Eskiatzaile oñatiarrak zortzigarren postuan amaitu zuen 34 minutuko denborarekin. Protagonistak berak onartu du aurrera eraman zuen estrategia ez zitzaiola ondo atera: «Argi eta garbi geratu zait kirol honetan eskarmentuak berebiziko garrantzia duela. Nahiz eta zortzigarrena izan naizen, zapore mingotsa geratu zait; postu hobeagoa espero nuen. Lasterketaren hasieran sentsazio onak izan nituen, baina oso azkar ekin nion erasoari; izan ere, top 5a ziurtatu nahi nuen. Apustu horretan kale egin nuen, eta azken minutuetan hiruzpalau postu galdu nituen. Sailkapen hori alde batera utzita, ziur nago bide egokian nagoela. Lan gehiago egin behar dut, eta lehenago edo beranduago merezi dudan emaitza lortuko dut».
Bestalde, Bonnet izan zen gizonezkoetan azkarrena 27 minutu eta 21 segundoko denborarekin. Bitxia da suitzarrak erdietsitako garaipena; izan ere, egun batzuk zeramatzan hotzeriarekin. Paul Verbnjak austriarrak igoera oso sendoa zein iraunkorra egin zuen; Bonnetek hamar segundoko aldea atera zion. Matteo Sostizzo italiarraren eta Samuel Equy frantziararen artean lehia oso estua bizi izan zen. Esprint latz baten ondorioz, azken hamar metroetan italiarra aurreratu eta hirugarren postuarekin egin zen.
Bertikalaren biharamunean, berriz, esprinteko espezialistak lehiatu behar ziren. Baina Andorrako Pal Arinsaleko eski-estazioan eguraldi makurra egin zuen. Horrek prestatutako ibilbidean eragina izan zuen, eta, azkenean, antolatzaileek bertan behera utzi zuten hitzordua.
Euskal Kopa
Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek elkarrekin antolatutako Euskal Herriko Kopa Candanchun izan zuen denboraldi honetako lehen proba: Causiat Extrem. Oro har, esan daiteke eguraldiak hitzordu hori desitxuratu zuela. Bezperan zein lasterketaren egunean elurrak erruz bota zuen. Adibidez, Candanchura iristea zaila gertatu zen oso, eta horren ondorioz, izena eman zuten eskiatzaile batzuk-batzuk ez ziren bertaratu.
Eguraldi kaskar horrek erabat aldatu zuen lasterketaren panorama. Eskiatzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko, ibilbide alternatiboa prestatu zuten Zapatilla izeneko eremuaren ingurumarian.
Daniel Izquierdo azkarrena izan zen. Soriarrak solik hamaika segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari: Ander de Miguel nafarrari. Hortaz, lehen euskal eskiatzailea izan zen. Hirugarren postuan beste nafar bat sailkatu zen: Asier Labairu.
Emakumezkoen kategorian, berriz, Claudia Rodriguez nagusitu zen 1:13:16 denborarekin. Eskiatzaile asturiarraren atzetik, minutu batera, Uxue Loizu nafarra heldu zen. Chloe Fourmigue frantziarrak hirugarren postua sinatu zuen.
Bien bitartean, 18 urtez azpikoen kategorian, Ibai Hernani hirugarrena izan zen eta lehen euskal eskiatzailea. Aiur Hernanik irabazi zuen 14 urtez azpikoen mailan.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
