NAIZ
Bilbo

Euskal komunitatea «trinkotzea» helburu duen ‘Herritu’ eragileei aurkeztu die Gure Eskuk

‘Herritu’ izeneko ekimen berria aurkeztu die Gure Eskuk gizarte eragile nagusiei ostegun honetan. «Euskal komunitatea trinkotzea» helburu duen honen bitartez «norberaren euskal herritartasuna» erakusketeko aukera emango da.

Bilbon egin du ‘Herritu’ ekimenaren aurkezpen soziala Gure Eskuk.
Bilbon egin du ‘Herritu’ ekimenaren aurkezpen soziala Gure Eskuk. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

‘Herritu’ ekimena aurkeztu die Gure Eskuk euskal jendartearen eragile nagusiei ostegun arratsalde honetan Bilboko Kalderapeko aretoan egindako ekitaldian. «Norberaren euskal herritartasuna adierazteko tresna» den honek «euskal komunitatea trinkotzea helburu», azaldu dute.

Ekitaldian alor anitzetako eragileetako ordezkariek parte hartu dute. Besteak beste, Eusko Ikaskuntza, ELA, LAB, EH Bildu, Ikastolen Elkartea, AEK-Korrika, Agirre Center eta Ipar Hegoa fundazioa, Bilgune Feminista, EGI edota Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua

Oinarrizko euskarria herritartasun hori adierazteko txartel bat da, Euskal Herriko armarria duen pin bat ere badu, eta dena karpeta batean bilduta. Horrela, «karpeta eskuratzen duenak oinarrizko adierazpenarekin bat egingo du, zeinak jasotzen baitu Euskal Herria zazpi lurraldez osaturiko nazioa dela eta euskara duela berezko hizkuntza, euskal herritarrok guri dagozkigun gai guztiez libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugula eta, horrez gain, gaur egungo erronkei heltzeko burujabetza tresnak behar ditugula, eta herritar guztien eskubideak bermatu beharra dagoela Euskal Herrian bertan zein munduko beste edozein lekutan».

«Komunitatea gara. Orainaldian etorkizuna eraikitzen ari den komunitate bat. Zer nahi dugu? Jauzi egin. Jauzika ibili. Herri libre bat: herritar librez osatutako herri libre bat. Burujabeak izan nahi dugu: eragiten diguten eta axola zaizkigun gai guztiez erabaki nahi dugu. Demokrazia gehiago nahi dugu. Eskubide gehiago nahi ditugu. Bizimodu duina bermatu nahi diegu pertsona guztiei. XXI. mendeko erronkei heldu nahi diegu arduraz. Solidarioak izan nahi dugu gainerako herriekin. Finean, herri eta mundu hobea eraiki nahi dugu. Elkarrekin», adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak.

Gure Eskuko kideek azaldu dutenez, herrietako taldeak martxan jarri dira ‘Herritu’ sozializatzeko; furgoneta bat herriz herri ibiliko da datozen asteetan, «herritzeko» tokiak izango dira Euskal Herriko herri eta auzoetan, eta eragileekiko lankidetzaren bidea ere jorratuko da ekimena sustatzeko.