«Lehen finala izanen da helburu bezala dudana txapela irabaztea»
Hendaia, 1985. Seigarrenez abestuko du Xilabako finalean, badu eskarmentua. 2021ean buruz burukoa jokatu zuen eta aurten txapelari begiratuko dio. Bertsoarekin harmonian harrapatzen du aurtengo finalak.

Nola metatzen dira finalak gorputzean? Beti da lehenengoa balitz bezala?
Ez nuke erranen hori. Egia da bat eta bakoitza berezia dela, hastapenekoetan ez nintzela sobera kontziente, gero bi txapelketatan ez nuen parte hartu, eta, itzuli nintzelarik, bai kontzienteago egin nuela itzulera. Dena den, aurtengoa niretzat berezia da. Bost urte pasa dira azkenekotik eta sekula baino leku gehiago du bertsoak nire bizian. Hau izanen da egiazki gogo bereziz hartzen dudan lehen finala.
Maila handiko txapelketa izaten ari da eta finala halakoa espero da.
Ikusi da hastapenetik. Finalera sailkatu diren bertsolariek egin dituzten saio denetan izan dira perla ederrak eta pentsatzekoa da finalean maila ona egonen dela.
Seikote berezia. Bost emakume eta gizonezko bat.
Betikoa da, azken erakusleiho horretan ikusten da emazteen presentzia, baina gero behar da pentsatu 24 bertsolari ginela izena eman genuenak eta bederatzi zirela emakumezkoak. Horietatik bost finalean, bada gogoeta bat aurrera eramateko modukoa. Baina ikusten da bertso eskolek egin dutela haien lana, feminismoak eta bertsolaritzaren barruan den mugimendu feministak egin dutela beren lana. Hau pentsaezina zen duela hogei urte.
Finaletan gero eta emakume gehiago ikustea normalizatzen ari gara.
Bai, ari gara normalizatzen eta ez bakarrik kopurua, baizik eta nik uste orain gai garela emakume bakoitzarengan bertsolari bat eta bertsolari horren berezitasunak ikusteko. Belaunaldi desberdinak elkarrekin ikusten ari gara oholtzan eta hori garai batean ezin zen ikusi Iparraldean, eta pozgarria da.
Xilaba bertso eskolek egiten duten lanaren erakusleihoa da. Bertsolaritza osasuntsu dagoela dirudi.
Bai, hori adierazten du final honek. Irantzu eta nire artean hogei urtetik gorako aldea dago. Horrek esan nahi du batzuek irauten dugula, berriak badatozela eta horrek sortzen duela bertsotarako espazio bat, belaunaldi artekoa, eta hori ikusi ahal izatea xantza da.
Finaleko hitzorduari begira, zein da zure erronka?
Lehen finala izanen da helburu bezala dudana txapela irabaztea eta badaezpada agur batekin iritsiko naizena oholtzara. Oroitzen dut azken finalean, buruz burukora pasa nintzenean, Ametsek [Arzallus] esan zidala «badaezpada pentsatu txapeldunaren agurra». Hark ere bazekien ez nuela pentsatua izanen. Eta sekulako sustoa eman zidan. Aurtengoan, gerta liteke agurra ez kantatzea, baina prestatua eramango dut badaezpada eta nahi nuke nire buruari baimena eman azken unera arte borrokatzeko. Gero beste norbaitek irabazten badu, ba bihotz-bihotzez zorionduko dut.
Lehen aipatu duzu bertsoak une honetan pisu berezia daukala zure bizitzan. Nondik sortzen zaizu sentipen hori?
Uste dut nire nerabezaroan eta gaztaroan nire inguruko bertso giroa ez zela niretzat bizigarria, atsegina... Zinez bertsoa maite nuelako izan nintzen hor. Gero kanpora joan nintzen eta bertsoa albo batera utzi nuen, eta itzuli nintzen berriz ikusi nuelako mugimendu bat, emazteen arteko saretze bat, bertsoa niretzat gozagarri egin zezakeena, espazio atsegin bat sortu zezakeena, eta horregatik itzuli nintzen berriz bertsotara. Bidean beste lehentasun eta interes batzuk izan ditut, nahiz eta bertsoa ez dudan inoiz utzi, beti hor izan delako. Azken urteetan plazetan gozatzen ari naiz, ikusten dut nire bizitzan hori atxiki nahi dudala, eta, gainera, aitzinurrats bat eman nahi dudala, koska bat gainditu. Nire buruari erronka hori eman diot eta txapelketak momentu horretan harrapatzen nau.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes


