Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Intza Gurrutxaga eta Markel Adin
Euskal Herrian Euskarazeko kideak

«Esparru guzietan antolatu behar dugu, denetan baitaude zapalkuntzak»

Euskal Herrian Euskarazek agerraldi masibo bat eginen du larunbat honetan Baionan, 12.00etan Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren egoitzaren atarian (Platanes etorbidea, 4). «Euskaraz bizi nahi dugu» aldarria zabalduko dute, ostegunean epaituko dituzten EHEko lau kideak babestearekin batera.

Intza Gurrutxaga eta Markel Adin, EHEko kideak, NAIZekin elkarrizketan.
Intza Gurrutxaga eta Markel Adin, EHEko kideak, NAIZekin elkarrizketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herrian Euskarazeko lau lagun epaituko dituzte heldu den ostegunean Baionan, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren egoitzaren horman ‘Euskaraz bizi nahi dugu’ margotzeagatik. Horregatik, auzipetuei elkartasuna erakusteko mobilizazioa deitu du EHEk larunbat honetarako, 12.00etan Departamentuaren egoitzaren aitzinean. Intza Gurrutxaga eta Markel Adin kideekin mintzatu gara.

Larunbat honetan Baionan plazaratuko duzuen aldarrikapenak testuinguru zehatz bat du.

Intza GURRUTXAGA: Joan den irailaren 27an EHEko lau kidek Departamentuko egoitzaren horman ‘Euskaraz bizi nahi dugu’ idatzi zuten eta ekintza horren ondorioz, bi egunez atxilotuta eduki zituzten Gendarmeriaren komisaldegian. Apirilean beste ekintza bat egin zen eta hor zortzi orduz eduki gintuzten atxilotuta. Oraingoan asteburu osoa egon dira atxilotuta, gogortze bat egon da. Datorren ostegunean lau kideak epaituko dituzte. Egin zuten ekintzak bi aldarri nagusi zeuzkan: alde batetik, frantziar Estatuak ez diela euskalgintzako eragileei behar beste diru eta baliabide bideratzen salatzea; bestetik, Euskal Herrian euskaldunok bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituztela erakustea. Horren gainetik badago eraikitzeko eta aurrera jarraitzeko nahi bat, eta larunbateko mobilizazioak ere ‘Euskaraz bizi nahi dugu’ leloa izango du.

Agerraldi bat egin zenuten abenduan Baionako epaitegiaren atarian. Bertan, 2025ean euskaraz deklaratu ezin izan zuten pertsonek parte hartu zuten.

I. G: Bai, eta aldi berean 1984an lau euskal herritarrek euskaraz deklaratu ahal izan zutela oroitarazi genuen. Horrek adierazten du badaudela baliabideak, itzultzaile bat, ez da besterik behar; borondate politikoa falta da. Ez da soilik euskaraz deklaratzea debekatzen zaigula, baizik eta euskarak bere aitortza edukitzea. Ostegunean epaituko dituzten kideek euskaraz deklaratzea eskatu dute. Ez badiete uzten ez dute deklaratuko.

Batzuetan euskaldunoi kosta egiten zaigu hizkuntza-zapalkuntzak identifikatzea, ezta?

I. G: Orain justu Azterketak Euskaraz ekimenarekin dabiltza Ipar Euskal Herrian. Hor ere begi bistakoa da badaudela azterketak euskaraz zuzen ditzaketen zuzentzaileak. Frankismo garaian euskaraz egiten zuena zigortzen zen, bisualagoa zen zapalkuntza. Orain, aldiz, sotilagoa da. Baina badaude zapalkuntza eta eremu batzuk oso garbi ikusten direnak eta horiek bistaratzea garrantzitsua da.

 

Agenda politikoan dago euskararen gaia. Eta garrantzitsua da hori garaipen gisa irudikatzea. %100 borrokari esker izan da

 



Euskarak egoera aldekoena duen Euskal Herriko zatian ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, atzerapausoak ematen ari dira.

I. G: Ofizialtasun horrek ere ez gaitu babesten benetan babestu behar gintuzkeen bezala. Kontseiluak esaten du desofizializazio prozesu bat ari dela ematen oldarraldiarekin.

Markel ADIN: Orain arte politikoki ongi zegoen euskararen alde solastatzea, nahiz eta gero egiatan ez zen indarrik egiten hizkuntza politiketan, baina orain ez da erraten ere euskararen alde egitea ongi dagoela, konplexurik gabe aritzen ahal gara euskararen kontra eta ez da deus pasatzen.

I. G: Aurkari horiek antolatuta eta indartuta dabiltza, konplexurik gabe, eta euskaldunok gabiltza indar horren guztiaren aurrean konplexuekin.

Horregatik, Pizkundearen ekitaldian Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak antolatzearen garrantzia azpimarratu zuen.

I. G: EHEk ere hori dauka helburu: kontzientziak piztea eta antolatzea, antolatzen garenean beste indar bat daukagulako. Askotan oso bakarrik ibiltzen gara euskararen aldeko borrokan, baina kolektiboan horiek partekatzeko edo borroka konkretu batzuk pizteko aukera baldin badaukagu, beste indar bat dago.

M. A: Esparru guzietan behar dugu euskararen aldeko antolakuntza, zapalkuntzak esparru guzietan daudelako. Agian ez dira hain ikusgarriak eta identifikatzea kostatzen zaigu.

I. G: Identifikatzeko garrantzitsua da euskaldunok ahalduntzea. Feminismoan lortu da hori eta badauzkagu tresnak. Euskalgintzan ez dugu hainbeste garatu terminologia hori zapalkuntzak identifikatzeko.

M. A: Antolatzeak berak ematen dizkizu tresnak eta bideak zapalkuntzak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko.

 

Euskararen Errepublika behar dugu egiturazko zapalkuntza gainditzeko eta euskaraz bizi ahal izateko tresnak izateko



Sarri normalizatu egiten ditugu zapalkuntzak. Eremu batzuetan bereziki, ez dugulako espero ere hizkuntz eskubideak errespetatzea.

I. G: Oso inportantea da egoera horiek desnormalizatzea eta esatea gure herrian bertan arrotz sentiarazten gaituztela. Iparraldean behartuta daude frantsesa jakitera, eta Hegoaldean espainola jakitera. Baionara zoaz epaiketa batera eta egoera zaurgarri batean, zure burua defendatu behar duzunean, zure hizkuntzan egiteko eskubidea ukatzen dizute. Egoera txikiena ere desnormalizatu behar da. Milaka kasu dauzkagu egunero-egunero.

Desnormalizatze horretan, desobedientzia ekintzak eta jarrera intsumisoak indartzen ari da EHE.

I. G: Desobedientzia da azken batean egoera askotan euskara erabiltzea debekatzen zaigun une horietan ezetz esatea: euskaraz egingo dut. Helburua da desobedientzia jarrera horiek indartzea eta sakontzea, horrek ere kontzientzia bat sortzen duelako, begi bistan lagatzen du zein den desobeditzen gabiltzan egoera bidegabe hori. Aurreko apirilean bi kidek egin genuen pintaketa, orain lauk. Abenduaren 3an ere eserialdia egin genuen Baionako Euskal Museoan, Etxepareren liburuak hemen egon behar duela aldarrikatzeko.

M. A: Antolatzea bera desobedientzia ekintza bat da, etengabe ari garelako errepresioa jasaten antolatzeagatik.

Hori guztia Euskararen Errepublika ipar hartuta egiten duzue.

I. G: Euskararen Errepublika edo independentzia behar dugu egiturazko zapalkuntza gainditzeko eta egunero espazio guztietan euskaraz bizi ahal izateko beharrezko tresnak edukitzeko.

M. A: Hori gabe ezin dugu bermatu Euskal Herrian euskararen biziraupena.

I. G: Gure helburua da zentzu horretan mobilizatzea jendea. Argi izanik euskararen normalizazio gauzatze horretan tresna propio horiek garatu beharko ditugula.

Agenda politikoan dago euskararen gaia.

M. A: Eta garrantzitsua da hori garaipen gisa irudikatzea. Instituzioak ere hasi dira errealki euskararen eta Euskal Herriaren alde eragiten eta %100 borrokari esker izan da. Borrokarako deia egiten dugu, beraz, denbora osoan.

Bilboko Pizkundearen ekitaldiaren ondotik, hurrengo hitzordu handia Iruñean eginen da, ekainaren 13an.

I. G: Pizkundea hauspoa izan da. Komunitatearen baitan sumatu dugu, eta kanpoan ere bai. Euskaltzale batzuk hurbildu dira EHEra, Pizkundearekin motibatuta eta antolatzeko garaia dela ulertuta. EHEk horretarako espazio bat ematen du. Ekainaren 13koa handia izango da eta horra arte bide bat egin beharko dugu. Orain ofizialtasunaren gaia jarriko da erdigunean. Nafarroako Euskararen Legeak 40 urte beteko ditu aurten. Lege horrek jaioterriaren edo bizitokiaren arabera bereizten ditu nafarrak. Hori problematizatzeko eta hori gainditu behar dela adierazteko urtea izango da.

Zer moduz doa TindEHEr?

I. G: Ondo. Joan den asteburuan bi zita egin ziren: Arratiakoak Azkainera joan ziren, eta Tafallakoak Oñatira. Azkena falta da, bihar bertan Bermeon izango dira usurbildarrak. Horrekin lehenengo edizio honi amaiera emango diogu. Balorazio positiboa egiten dugu. 30 eragiletik gorak eman dute izena. Oso gustura gaude kopuruarekin, baina jende gehiagorengana iritsi eta inpaktu zabalago bat eduki dezake. Hortaz, gure asmoa da beste edizio bat egitea behintzat, ahal bada partaide gehiagorekin. Bestalde, Apirilaren 24 eta 25ean Euskaltzale Independentiston Topaketa edukiko dugu Azpeitian. Hausnartzeko eta saretzeko hitzordua izango da.