Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Irantzu Idoate Funosas
Xilabako finalista

«Finalean Euskal Herri osoko publikoa izan arren, ez dut ahaztu nahi non garen»

Hazparne, 2005. Xilabako lehen Bertsolari Txapelketa du aurtengoa, eta baita lehen finala ere. Ilusioz bizi du larunbateko finala, eta hankak non dituen argi izan nahi du.

(Guillaume FAUVEAU)
Hankak lurrean jartzeko astirik izan duzu?

Bai, hankak lurrean jada, pasa den astean pozik eta ilusionatuta egon nintzen, nire buruari pozik egoteko eskubidea onartu nion eta hortaz gozatu nuen. Eta aste hasiera honetan jada burua larunbatera begira jartzen.

Lehendabiziko Xilaba, eta lehendabiziko finala. Nola bizi duzu bidea?

Azaroan hasi ginen eta azarotik hona ikasketa prozesu luze bat izan dela erranen nuke, lehen txapelketa bakarka, biziki ezberdina da aurretik bizi izandako formatuetatik, eta deskubritzen joan naiz zer den: nire buruak nola funtzionatzen duen formatu horretan lehia eta presioarekin… Elkarrizketa luzeak izan ditut nire buruarekin. Finala hori borobiltzera etorri da, kontent nago horrekin; beste esperimentazio bat dator.

Puntuazioei begira, guztietan txukun ibili zarela esan dezakegu. Baina baduzu ariketa gustukorik?

Puntuazioak eta nire sentsazioak ez dira bat etortzen ainitzetan. Maiteena, hamarreko txikia; beti izan da, eta Xilaba honetan esango nuke gehien gozatu dudan ariketa izan dela. Bakarka ere gozatzen dut. Eta gutxien maite dudana zortziko txikia da, agian ez da sobera nabaritu puntuetan, baina sufritzen dudan ariketa bat izan ohi da. Orokorrean, erregulartasuna mantentzen ahalegindu naizela uste dut, eta noizbehinka lortu ere egin dudala.

Prestaketak ere hartu ohi du pisua txapelketan, nola bizi duzu?

Hori ere ikasten, ez naiz bertso eskola zurrun eta asterokoen zalea izan inoiz [irri egiten du]; diziplina gutxi dut eta gutxiago nire buruari inposatzeko, eta, beraz, txapelketak aitzakia eman dit horretan gehiago aritzeko. Bertso eskolan normalean baino askoz gehiago ibili naiz, leku eta pertsona ezberdinekin, eta alde horretatik izan dudan laguntzarekin super eskertuta nago. Uste dut, hasi aitzin gure buruari zin egiten diogula egingo dugula lanketa bat, eta gero ez da hala izaten, egunerokoak aitzinera segitzen duelako. Koadernoko lanean ez naiz ainitz murgildu, eta hori nabaritu dut momenturen batean. Baina bakarkako Xilaba den hau taldean bizitzeko ariketa egin dugu, eta hori izan da aitzina egiten gehien lagundu nauena.

Lehia gogorra da, ezta?

Lehiaren zurrunbiloa bazen beldurra ematen zidan zerbait izena ematerakoan. Hala ere, uste dut lortu dugula ingurukoen artean horri buelta ematen; hein batean, publikotik datozen oharrak ez gehiegi entzuten eta lagunenak gehiago entzuten. Bereziki erranen nuke, Aitor [Servier] eta Nahiarekin [Sasco] bildu izan naizela, Josu [Txoperena] eta Iratirekin [Alcantarilla] ere bai, eta lortu dugu elkarrekin egiten aitzina, pozten bakoitzaren ongi eginengatik eta minetan ere hor egoten. Kontent nago lortu dugunarekin, eta ez naiz hain bakarrik sentitu, eta hori biziki garrantzitsua da.

Ipar Euskal Herriko bertsozaleekin konektatzeko nahia aipatzen zenuen aurkezpenean, konexio hori sumatu duzue txapelketan zehar?

Hasieratik izan du biziki harrera ona Xilabak, uste dut lau urtero egitearen horrek ekarri duela inoiz baino gogotsuago etorri dela jendea. Aitorrekin [Servier] aipatu izan dut anitzetan konektatzeko gogo hori. Askotan entzun izan dugu txapelketan jendeak bertsolariak ez dituela ulertzen, eta Ipar Euskal Herrian ere bada aski zabaldutako ideia. Eta uste dut gure ardura ere badela horri egokitzea, erreferentzien eta hiztegiaren aldetik adibidez, ahalik eta hurbilen izaten entzuleengandik. Ohartzen gara prestaketan badugula joera Hego Euskal Herrian erabiltzen diren erranaldiak hartzeko, baina Ipar Euskal Herriko entzuleriarekin konektatzeko ez dute balio. Saiatu gara egiten ahalegin hori, ez dakit guztiz lortu dugun, presioa, lehia, bat-batekotasuna... sartzen dira, eta dena ezin da egin. Baina hori buruan dut, eta finalean nahiz Euskal Herri osoko publikoa izan, ez dut ahaztu nahi non garen eta nondik kantatzen dugun, eta entzuleri hori ere hor dela. Eta gu garela haiekin konektatzeko bidea.

Erreferente izan dituzunekin kantatzea egokituko zaizu.

Giro oneko taldea iruditzen zait, ez dut presiotik bizi, ilusioa egiten dit haien ondoan kantatzeak.

Finalera zer egiteko asmotan joan nahiko zenuke?

Nire kasuan, finalera iristeak presio animalekoa kendu dit, eta bat-batean biziki arin sentitzen naiz, eta lortuko banu horrela iristea finalera on bakarrik ez lukeela eginen uste dut. Kideak sostengatu nahi ditudan bezala nire burua gehiegi ez erortzea nahi nuke, eta plaza eder hori baliatu.