Xilabak txapeldun berria du: Maddi Ane Txoperena hendaiarra. Eta lehen aldiz, emakume batek lortu du artzain makila eta txapela Xilaban. Hasierako agurretik adierazi du irabazteko grina eta ariketaz ariketa lana majo eginda lortu du buruz burukora pasatzea, Maddalen Arzallusekin batera. Saioko azken partean gora egin dute biek eta azkenean txapela Txoperenarentzat, oso dotore jositako ganbarako ariketa baten ondotik.
Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan elkartu dira 1.800 bertsozaletik gora eta benetan giro aparta izan da, nahiz eta tenperatura hotza izan. Sei finalistek izan dute gozatzeko eta gozarazteko tarterik, denek lortu dute uneren batean plaza aupatzea eta pozik ospatzeko moduan dira. Lehen bost sailkatuek, gainera, aurten jokatuko den Txapelketa Nagusirako txartela ere lortu dute, txartel preziatua zalantzarik gabe. Elixabet Etxandi izan da Euskal Herrikotik kanpo geratu dena.
Txoperenaren erabakitasuna
“Bideek bidea”, aurtengo Xilabaren leloa. Maddi Ane Txoperenak zuzen egin du txapelerako bidea txapelketa osoan zehar. Finalaren aurretik eta finalean hasierako agurrean bertan erabakitasun irmoz esan du makila eta txapela zituela helburu. Ariketaz ariketa lana majo eginez erdietsi du buruz burukora pasatzea Maddalen Arzallusekin batera. Ordurako, buruz burukorako, abantaila zeukan puntutan Txoperenak eta azken ganbarako bikain batekin lortu du txapela janztea.
Maialen Hiribarrenek jantzi dio txapela, euskararen eta bertsoaren aldeko lanean itzaletik ibiltzen diren ezinbesteko horien ordezkari. Eta txapelaren eskaintzan odoleko eta hautatutako amatxiak izan ditu gogoan txapeldunak. «Elena etxekoandre, Anttoni hemen neskato/ gaur ere zenbat datozen hona lanera eskapo/ ta aldi berean Paristik zenbat kolono gisako/ gure hizkuntza ta lurrekin juxtu ez direnak gisako/ hamaika Bizkarsorotan botatako mila malko/ lore joko eta errientsek egin baitzieten planto/ txapela odolezko ta hautuzko amatxiendako/ zuek ezina guk eginaz hain harro zaudetelako/ zuek ekina guk eginaz hain harro zaudetelako».
Txoperenak maila ona eman du ariketa guztietan eta oso goian amaitu du finala. Buruz burukoan bikain aritu dira eskuz esku Arzallus eta Txoperena. Seiko motzean, zoragarri, emakumeen gorputzen inguruko hausnarketa ederra josi dute. Eskolako lagunen azalean, igerilekuko aldageletan kokatu ditu gai emaileak, gorputz biluziei begira. «Nerekin aldagelara/ gustura etorri zara/ baina agian aldatu behar duzu begirada/ nik ere zurea hara/ ongi ikusi dut jada/ aldi berean berdinak eta desberdinak gara», bota dio Txoperenak. Eta Arzallusek, «Hori dute erakusten/ baina eskemak zaizkit hausten/ ideia hoiek nere barruan joan dira zapuzten/ etzazu segi ikusten/ Maddi Ane ez dizut uzten/ ispilu aurrean ere ez banaiz gustura biluzten».
Buruz buruko ganbarakoan ere bikain aritu dira biak, oso bide desberdinetatik. Gaia zehatza zen, baina asmatu dizkiote noranzko propioak. Hauxe, gaia: DNA probaren emaitza iritsi da. Emaitza argia da. Arzallusek adoptatua dela deskubritu du. Oso sinesgarri eta dotore aritu da.
Baina Txoperenaren azken ariketa izan da arratsaldeko gailurra markatu duena. «... aldi berean sentitzen ditut poza, tristura ta pena / ADNa aurkitu dute gure birraitatxirena / hogeita hamaseigarren urtean ahanzturan utzi zutena», ireki du bidea lehen alean. «Auzolanean abiatu zen baina gure abentura/ ta Aranzadi hor izan genun beti eskutik eskura/ arkeologia mundu bat baita sortzen duena lilura/ eta eskerrak eman dizkiet eta gainera gustura/ gu bezalako batzuengatik ez dagolako ahanztura/ baina oraindik martxan dauzkate kartzela eta tortura/ ai birraitatxi hila baitago ta bizirik diktadura», bigarrena. Goian amaitu du txapeldunak saioa.
Buruz burukora kinielak oso irekiak
Finaleko lehen partea amaituta, ez zegoen erraza buruz burukorako bi izenak esaten. Txoperena goitik sartu da puntutan, baina Arzallus eta Artetxe berdinduta iritsi dira. Epai irizpideen arabera, Arzallus pasatu da. Eta Servier ere gertu, bi puntu eta erdi eskasera. Horrek erakusten du berdindua izan zela finala, denek eman dutela beretik ariketaren batean.
Esanda bezala, Miren Artetxe izan da hirugarrena. Oso saio ona egin du. Hamarreko txikian, adibidez, une ederra piztu dute Maddalen Arzallusek eta biek. Drogarekin arazoak izan eta terapian topatu dute elkar gai emaileak aginduta. «Nahiz ta zalantza egin dudan nirekiko/ nahiz eta sabelean gaur egin ximiko/ terapiara nator lotsaz baina tinko/ nahiz eta drogak utzi ustetan betiko/ behin adikto egin zena beti da adikto», ireki du bidea Artetxek.
Eta Arzallusen erantzuna, perla ederra: «Beti ibiliko da bilintza balantza/ eta beti barruan kezkaz kezka dantza/ nahiz nik ere ekarri ohi dudan zalantza/ Miren etzazu galdu arren esperantza/ bizitza hola baita erori ta altxa».
Ganbarakoan ere lan ederra egin du Artetxek, torturatua izaten ari denaren azalean. Hauxe zuten gaia: «Gaur lehen aldikotz zeure buruari aitortu diozu ez duzula arrazoin». Artetxeren bigarrena: «Ideia finko ta irmoekin sartu nintzen borrokara/ hasieratik nahiz izan nuen beti torturen ikara/ ohituak ginen, trebatu ginen, irauteko teknikara/ baina sartua nago jadanik gaur egiazko ziegara/ ta dagoeneko onar dezadan ezin dut gehiago jada/ pentsatzen nuen, sinisten nuen, ta uste nuen kontrara/ borrokan iraun dezadan bide bakarra etsitzea da».
Aitor Servier izan da sailkapenean laugarrena. Bere lehen finalean gustura egoteko moduko saioa osatu du, erraz iritsiz bertsozalearengana. Hamarreko txikian une polita josi dute Irantzu Idoatek eta biek, adinean aurrera egin duten bi adiskideren azalean. Herriko plazan banku batean eserita jarri ditu gai emaileak eta bizitzari kantatuz modu pausatuan aritu dira. Honela ireki du bidea Servierrek: «Ez goaz urrutira nahiz ta jin urrundik/ jadaneko ez dugu museko lagunik/ laurogei urteak ai beteak ditut nik/ eta Irantzu adin huntarat heldurik/ errazu ba al duzu ezeren damurik». Ederra izan da bi gazte horiek adin nagusiko bi pertsonaren azalean hain sinesgarri irudikatzea.
Irantzu Idoate izan da bosgarrena. Finaleko gazteena zen Hazparnekoa eta bere 20 urteekin bertsozalea konkistatu du une askotan. Benetan saio ederra osatu du eta aurten jokatuko den Txapelketa Nagusirako txartela lortu du. Bereziki nabarmentzekoa ganbarako lanean osatu duen ariketa. Lagun taldean ondo tratatua ez den nerabearen azaletik jardun du. Hauxe, hirugarrena: «Beti ez dira ongi konpontzen burua eta gorputza/ nekez daiteke indarrik gabe norbera aurrera bultza/ ta pentsatu dut nahiz ta zaila den aurkitzen minen hizkuntza/ joan nahi badut goruntza/ beldurrak ditzadan uxa/ erranen dut ez naiz untsa/ nork bere akatsak onartzea da aitzinatzearen funtsa/ beldur gehiago sortzen dit baina eskatuko dut laguntza».
Seigarrena Elixabet Etxandi izan da, bere kantaerarekin eta ideia zuzenekin plaza goratu duena behin baino gehiagotan. Oso final txukuna osatu du, pena bakarra da Txapelketa Nagusirako txartelik gabe geratu dela, bost txartel baino ez zirelako. Baina finala ikusita, segur aski etorkizuneko txapelketetan ikusiko dugu Etxandi kantuan.
Hauxe, amaierako puntuazioa:
1132 MADDI ANE TXOPERENA
1106,5 MADDALEN ARZALLUS
684,5 MIREN ARTETXE
682 AITOR SERVIER
664 IRANTZU IDOATE
606,5 ELIXABET ETXANDI

Solicitan testimonios de personas que pudieron ver a Josu Zabala ‘Basajaun’ con vida en Bilbo

Dos jóvenes condenados a 14 años de cárcel por violar a una chica inconsciente en Bilbo

ETA, porrazos proporcionales y un balón de playa: cierre de filas tras las cargas de El Sadar

Denuncian el derribo de un molino del siglo XVI en la localidad vizcaina de Berango

