
JOVENTUT BADALONA 76 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 63
Galtzea beti da posible kirolean, baina nahikoa tamalgarria izan da Lointek Gernika Bizkaiak Badalonan igande eguerdian jokatu duen norgehiagoka. Azken bost minutuetara arte, Joventuten eskuetan jostailua bailitzan ibili da talde bizkaitarra eta neurketa erabakita geratu den arte, bizitza aztarnarik ez du erakutsi ia.
Eskerrak eman beharko talde katalanari azkenean 13 puntuko aldeaz bakarrik irabazi duelako, aurrez 26 puntu aurretik ere izan baita. Alabaina, behar baino arinago erlaxatu da etxeko taldea eta egoera horri behintzat etekina atera dio Gernikak, neurketa aspalditik erabakita egon arren.
Aurreneko laurdenean eta hirugarrenean bekatu berbera egin du Lointek Gernika Bizkaiak: lo kantxaratu da. Hasieran 6-8 aurretik izan dira bizkaitarrak, baina 18-5eko partziala erori zaio gainera aurreneko laurdena amaitzerako. Laura Piera antolatzailearen eskutik, zernahi egin du Joventutek Gernikaren kontura eta kale egin duen apurretan ere, errebotean nagusi izan da etxeko taldea.
Bigarren laurdenean apur bat suspertu delako itxura eman du Gernikak. Hirukorik sartu ez badute ere –20 saiakeratik 4 saskiratu dituzte bizkaitarrek, guztiak ere bigarren erdian–, laura Westerik eta Jankovicen indarrak Joventuten aurrean aurkaririk bazela sinetsarazi du une batez.
Atsedenalditik bueltan, ordea, usteak ustel. Markagailua 42-29 dela iritsi da atsedenaldira eta akordatzerako 9-0ko partziala sartu dio Joventutek Gernikari. Ebo, Howard eta Dembele jaun eta jabe izan dira saskipe bietan eta erantzuteko gaitasunik gabe aritu dira Lucas Fernandezenak.
Handik aurrerakoa, markagailua txukuntzeko ariketa soila izan da. Salvadores edo Bessoir ahalegindu dira taldeari zerbait eskaintzen, baina partida ordurako joana zen. Izan ere, 40 minutu jokatzea eskatzen dute norgehiagoka hauek, ez azken bost minutuak bakarrik.
PARTIDAKO FITXA
JOVENTUT: Piera (9), Ebo (11), Howard (16), Lamana (8) eta Dembele (23) –hasierako bostekoa–, Santibañez (3), Ramette (5), Brewer (1) eta Cotano.
GERNIKA: Ane Olaeta (7), Joy Adams (4), Masa Jankovic (14), Angela Salvadores (13) eta Aaronette Vonleh (6) –hasierako bostekoa–, Laura Westerik (14), Emily Bessoir (2), Esther Castedo (3) eta Ester Matarranz.
Epaileak: Lezcano, Domingo eta Calvo. Egotzitakorik gabe.
Partzialak: 24-13, 18-16, 26-17, 8-15.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

