«Bikaintasuna birdefinitu beharko litzateke, zientzia bizigarria egin»
Olatz Arbelaitz Gallego EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea da; Alaitz Rekondo Garin, Cidetec-eko talde arduraduna; eta Nerea Casado, Polymat-eko ikerlaria. Emakumeak Zientzian egitasmoko kideak dira eta zientzia egiteko eta, oro har, bizitzeko bertze era bat aldarrikatu dute.

Olatz Arbelaitz Gallego Emakumeak Zientzian ekimeneko koordinazio taldeko partaidearen bulegoan antolatu dugu solasaldia. EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da aspalditik. Aldapa ikerketa taldeko ikertzaile nagusia da. Urte aunitz daramate bertan ikasketa automatikoaren teknikak ikertzen, eta une honetan teknika horiek egokitzen ari dira osasun arloan aurreratzeko, batez ere neuroendekapenezko eritasunetan.
Bi kimikari izanen ditu solaskide Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren atarian. Ez dute elkar ezagutzen, eta zein ongi eginen duten bat; aho batez mintzatuko dira hirurak behin eta berriz. Alaitz Rekondo Garin talde arduraduna da Cidetec zentro teknologikoan eta Emakumeak Zientzian ekimeneko ekintzak aitzinera eramaten ditu zentroan. Nerea Casado, aldiz, Polymat-eko ikertzailea da. Doktoretza egin zuen material polimerikoetan eta polimero berriak garatzen lan egiten du, energia gailuetan erabiltzeko adibidez, beraien ezaugarriak hobetzeko. Beti gustatu izan zaizkio Emakumeak Zientzian-eko jarduerak eta urtero saiatzen da parte hartzen.
Emakumeak Zientzian ekimena sortu zenean bost ikerketa zentro zeuden horretan: DIPC, Nanogunea, Polymat, CIC biomagune eta Materialen Fisika Zentroa (CFM). Informatika Fakultatea 2020. urtean batu zen. «Guk aspaldi daukagu identifikatua genero arrakalarekin sekulako arazoa daukagula, eta ekimenean sartu ginen saretzeko, marea bizi horren parte bat izanez eragin handiagoa izateko», azaldu du Arbelaitzek.
Cidetec duela lau urte atxiki zen. «Duela urte dezentetik langileen %60 baino gehiago emakumeak gara. Gure esperientziatik ekarpena egitea eta eredu izatea da asmoa, badakigulako oraindik arrakala asko daudela», erran du Rekondok. «Egia da ardura postuetan ez dela 60-40 hori mantentzen, baina aldatzen doa eta ez dut sentitzen gurean eragozpen bat denik emakume izatea karrera profesionala garatu ahal izateko».
Zergatik ez goaz gora?
Polymaten kasuan, Casadok doktoretza egin zuen garaian emakume eta gizon kopuruak antzekoak ziren, baina goiko postuetan gizonezkoak zeuden. «Hamar urte hauetan eboluzio bat ikusi dut, gauzak egin dira berdintasuna bultzatzeko, eta orain emakume gehiago daude ikerketa-buru, %30-40 inguru».
«Anbizioa zertarako, izen bat edukitzeko, kargu bat? Karguak zer ematen dizu? Egia da, orokorrean, emakumeok ez dugula horren beharrik»
Informatika Fakultatean, Arbelaitzek ikasi zuen sasoian berdintsua zen emakumezko eta gizonezko kopurua ikasleen artean. «Erakunde publiko batean bizi gara eta teorian ez dago oztoporik, baina tradizio bat badago, irakasle osoak zein diren begiratzen duzu eta ni bakarra naiz emakumeen artean. 15etik bakarra. Eta irakasleen proportzioa parekatuagoa da; %40 emakumeak eta %60 gizonak. Lanbidearen barruan zergatik ez goaz gora?», bota du galdera.
Berak aurrerapausoa ematea erabaki zuen, baina argi du bere zoriontasuna ez dagoela horren mende. «Ez du esan nahi ez garenik anbiziotsuak, baizik eta gure anbizioak ez direla horiek. Nik anbizioa daukat zoriontsu izateko», esplikatu du. Rekondok galdetu du ea zer ulertzen dugun anbizio gisa. «Anbizioa zertarako, izen bat edukitzeko, kargu bat? Karguak zer ematen dizu? Egia da, orokorrean, emakumeok ez dugula horren beharrik». Goi-karguetan dagoen desorekaren arrazoi bat hori da, bere ustez.
Amatasuna
Bertze motibo bat da guraso izateko garaia iristen denean zer desberdintasun dagoen oraindik ere aitak edo amak familia eta lan bizitza bateragarri egiteko. «Oro har amak dira murrizketa gehien hartzen dutenak. Eta soldatan murrizketa bat dago, baina lanean eta arduran askotan ez. Orduan, pagotxa da enpresarentzat ama askok hartzen duten murrizketa, lantokian denbora gutxiago pasa bai baina lan berdina egiten dutelako gutxiago kobratuta», azpimarratu du Cidetec-eko langileak.
«Soldatan murrizketa bat dago, baina lanean eta arduran askotan ez. Orduan, pagotxa da enpresarentzat, lan berdina egiten dutelako gutxiago kobratuta»
Casado erabat ados dago. «Nik amatasuna beldur horrekin bizi izan nuen. Kimikaria naiz, haurdun gelditu nintzenetik jada ezin nintzen laborategian sartu. Gero amatasun baimena hartu nuen. Hor parentesi bat egon zen. Baina ondo joan zen dena. Gero beste ume bat ere izan dut eta ikusi dut ama eta ikertzaile izan naitekeela. Amatasunak ez du esan nahi nire ibilbide zientifikoa gelditu behar dudanik».
Nahiz eta gauzak aldatzen ari diren, oraindik sumatzen ditu aurreiritziak emakume eta gizonak konparatzeko orduan edo haurrak izateko adin tarte horretan izaten dituzten lan aukeretan.
Zientzia merkantilista
Informatikariaren iritziz, hagitz modu merkantilistan ikertzen da. Produkzioari erreparatzen zaio eta presio handia dago. Emakumeak Zientzian ekimenaren baitan, hamargarren urteurrenean, manifestu bat kaleratuko dute asteazken honetan, otsailak 11, eta gogoeta hori ere jasotzen du: zer zientzia mota egiten den, zer abiaduratan, eta zeri ematen zaion balioa.
Horrekin lotuta, Rekondok pandemiaren ondotik egin zen hausnarketa oroitu du: «Denak etxean gelditu ginenean argitalpen zientifikoak ikaragarri ugaritu ziren eta emakume eta gizon egileen artean sekulako aldea egon zen. Hor argi ikusi zen zein lan mota egin zuen bakoitzak».
Testuinguru horretan, Cidetec-ekoaren ustez, emakumeok badugu zer errana. «Gauza asko instituzioetatik aldatu behar dira, baina gure esku dago oso barneratuak ditugun jokabide asko aldatzea. Kosta egiten da, naturalizatuta dauzkagulako».
Lehenagoko ohituretako gizonen arlo batean egotea tokatzen zaionean, sentsazioa du txiki sentitzen dela edo haiek ez dutela kontuan hartzen emakumea delako. Arbelaitzek ere inguruan ikusi du batzuek erraten zutenak aunitzez pisu handiagoa zuela bertze batzuek erraten zutenak baino, eta batzuk horiek, ehuneko hagitz handian, gizonezkoak ziren. «Badaude gizon batzuk ere beraiek esaten zutenak nik esaten nuenak adinako pisua zuena. Baina tradizioz, urte askotako inertzia horren ondorioz, testuinguru askotan gure ahotsari kaso gutxiago egin zaio. Ile urdinak batzeak ere ekartzen du jaramon gehiago egitea. Gazte brillanteak daude mila buelta ematen didatenak, eta ongi etorriak; beren iritziak pila bat balio du. Baina emakume gazteen ahotsak pisu gutxiago eduki du».
«Pandemian, denak etxean gelditu ginenean, argitalpen zientifikoak ikaragarri ugaritu ziren eta emakume eta gizon egileen artean sekulako aldea egon zen»
Rekondok kontatu du hamarkada honetan aunitz aldatu dela kongresu eta bilera inportanteetako janzkera. «Lehen trajea, gorbata eta maletatxoa eramaten ziren jakituriaren erakusgarri. Jada jakituria ez dago itxura bati lotuta. Eta horrek pixka bat gehiago parekatzea ekarri du. Niri tokatu zitzaidan gazteagoa nintzenean trajedun gizon batekin joatea bere idazkaria banintz bezala. Rol horiek markatuagoak zeuden eta gaur egun ez».
Arbelaitzek gogoratu du informatika kongresu batera joan zen lehen aldian zur eta lur gelditu zela jendea alkandora hawaiiarrekin eta galtza motzetan ikusita. Baina, janzkera erabat informala izan arren, neskatxo moduan ikusten zuten.
Aukera erreala
Emakumeak Zientzian sortu zenean, orain dela hamar urte, Nerea Casado tesia amaitzen ari zen eta emakume zientzialarien erreferenteen berri jaso zuen. Aitzinerago, inguruko ikerketa zentroetako bertze emakume batzuk ezagutu ditu. «Ekintza asko egiten dira. Aukera izan dut gaztetxoei kimika erakusteko eta saioetan parte hartzeko, eta oso interesgarria iruditzen zait».

Alaitz Rekondori kontzientzia hartzeko balio izan dio ekimenak, baita kimika eta materialen munduan, Euskal Herrian bereziki, zenbat emakume dauden jabetzeko ere. «Testigua hartzea dagokigu. Gu gara eredu, eta ardura horretatik posible dela esatea eta erakustea dagokigu. Zientziak zure lan bizitza aberastu dezake, eta zure bizitza osoa ere bai. Emakumeak Zientzian-ek hori eman dit, emakumeok zer aukera dugun ikustea. Aukera erreala da. Begira zenbat lan egiten ari garen...».
«Lan bikoitza!», sartu da Olatz Arbelaitz irri artean. «Gure lana egiten dugu, gehi beste hauek. Emakumeak Zientzian-ek gizarteari ekarpen handia egiten dio, eta pertsonalki ere gauza askotan lagundu digu. Saretzea eta jende pila bat ezagutzea ekarri dit. Kontzientzia hartze bat ere bai, nahiz eta gauza berdinengatik borrokatzen garen egoerak oso ezberdinak direla jabetzeko. Nik unibertsitate publikoan lan egiten dut eta daukagun lanpostua ez dago egiten dugun ikerketaren mende, ikerlari gazteen artean salbu. Baina ikerketa zentro puruetan egoera askoz ere tentsoagoa eta latzagoa da».
40.000 pertsonatik gora batu dira hamar urteotan ekimenera. Aurten 70 ekintzatik goiti eta 34 zentro dira. Marea handiagotzen doa.
Bikaintasuna
Arbelaitzek bikaintasuna birdefinitzea nahiko luke, zientzia bizitzarekin bateragarri egitea. «Hau nire lana da, asko ematen diot, baina bizitza beste gauza asko ere bada: zaintza, aisia...». Hirurek aho batez aldarrikatu dute bikaintasuna birdefinitzea hagitz ona litzatekeela jendarte osoarentzat. Zientziak, gainera, plurala izan behar du, denontzat. Egileak erabat baldintzatzen duelako zer zientzia egiten den. «Adibidez, antisorgailuak zergatik dira emakumeentzat eta ez gizonentzat?».
Hiruretatik batek ere ez zuen garbi zientzialari izanen zenik eta bizitza joan da bidea egiten. Beren ustez, garrantzi sobera ematen zaio zer ikasi argi edukitzeari eta ohikoena da ez jakitea. Bertzetik, neska ugarik gradu biosanitarioetan sartu nahi izaten du eta 12tik gorako nota eskatzen zaie. Horren ondorioz, «antsietate batean egoten dira, denean 9ak edo 10ak atera nahian».
Sistemak sartzen gaitu gurpil lehiakor horretan eta osasun mentala hagitz gaizki dago, baieztatu dutenez. Gainera, emakumeok autoexijentzia handiagoa dugu. «Perfektuak izan behar dugu... eta hemen gaude gu, horren froga», adierazi dute umorez.

Haurdunaldiarekin batera ondutako disko berria iragarri du Izarok abendurako

Revolución tecnológica en el deporte: la influencia de la IA
Arrosatik Idauze-Mendira, 30 urteko ondareari bide eginez

Artemis II impulsa el regreso del humano a la Luna con una misión más ambiciosa y «sostenida»

