NAIZ

Eskirozek hartuko du Mariezkurrenaren lekua Binakako Txapelketako azken jardunaldian

Berriozarko atzelariak eskuin eskuko makorra apurtu zuen ostiralean eta, ondorioz, Eskiroz arituko da Larrazabalekin Atano III.eko hitzorduan Altuna eta Ezkurdiaren aurka. Atzelari nafarra hiru aldiz iritsi da Binakako Promozio eta B Serieko finalera eta birritan gailendu da, behin Larrazabalekin.

2023an Binakako Promozio mailako txapelketa irabazi zuten Larrazabalek eta Eskirozek.
2023an Binakako Promozio mailako txapelketa irabazi zuten Larrazabalek eta Eskirozek. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Eskuin eskuko makorra hautsi zuen Jon Mariezkurrenak Zornotzan eta ikusteko dago Binakako Txapelketa honetan Berriozarko atzelariak gehiago jokatzerik izango ote duen ala ez. Larunbat honetan Iosu Eskirozek beteko du bere lekua Larrazabalen bizkartzain lanetan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan Altuna III.ak eta Ezkurdiak osatzen duen bikoaren aurka.

Lan txarrak egokitu zaizkio Makirriain-Ezkabarteko 27 urteko atzelariarentzat, uneotan dagoen atzelari jotzaileenetako bat ordezkatu beharko baitu. Esan gabe doa Larrazabalek hartu beharko duela zapatuan bikotearen ardura, baina ez da erraza izango hori Amurrioko aurrelariarentzat kantxa kaiola bihurtzen duen bikote baten aurrean aritzeko.

Play-offetara begira Donostiako partidak badu zeresanik, gainera. Izan ere, hirugarren postuan den Zabala-Martija bikotearen eta seigarrenak doazen Jaka-Iztuetaren artean partida bakarreko aldea dago. Are gehiago, laugarren, bosgarren eta seigarren postua osatzen duten hiru bikoteak seina garaipenekin berdinduta daude. Uneotan Larrazabal eta Mariezkurrena dira laugarren, +11ko tanto aldea dutelarik; bosgarrenak dira Altuna eta Ezkurdia, +6rekin; seigarren lekuan, -20rekin, Jaka eta Iztueta. Ondorioz, azken asteburu honetan ez dira bikote hauek barkatzeko egongo.

Eskarmentua elkarrekin

Bere txarrean, Larrazabalek eta Eskirozek elkar ondo ezagutzen dute. Atzelari nafarraren palmaresean Binakako Promozio Mailako bi txapel daude, 2020an Agirrerekin lortu zuena –finalean 22-20 nagusitu ziren Peña Ii.a eta Erasunen aurka— eta 2023an Larrazabalekin berarekin jantzi zuena, finalean Zabala eta Gaskueri 16-22 irabazi eta gero. 2024an, aldiz, finalera iritsi ziren berriz ere arabarra eta nafarra, baina Agirre eta Iztueta gainetik pasa zitzaizkien finalean, 22-6 izan baitzen azken emaitza.

Bestalde, Iñaki Artola Alegiako aurrelariak hautsitako hatza osatzen jarraitzen du. Ostiral honetan Peña II.ak hartuko du bere lekua Seguran, Imazekin batera, Zabala-Martijaren aurka jokatzeko. Nolanahi, neurketa honek ez du ezer erabakiko Pena II.a eta Imazentzat, ez dutelako play-offetara sailkatzeko inolako aukerarik.

Ordezkapen hauen ondorioz, ostiral honetan, Naiaran Serie B txapelketan, Landak Eskiroz ordezkatuko du, eta larunbatean, Donostian, Agirrek Peña II.aren lekua hartuko du. Gainera, Bakaikoak Senarren ordez jokatuko du, Ataungo aurrelariak eskuetan arazoak dituelako.