NAIZ

Euskal Herria «ziurtasuna bermatzeko» proiektu gisa aldarrikatuko du EH Bilduk Aberri Egunean

Euskal Herria «herritarren bizitzetan segurtasuna eta mundu ziurgabearen aurrean ziurtasuna» bermatu dezakeen proiektu kolektibo bezala aldarrikatuko du EH Bilduk aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan legez, Iruñean ospatuko du, ‘Zazpiak bat egin’ lelopean. 

EH Bilduren manifestazioa iazko Aberri Egunean.
EH Bilduren manifestazioa iazko Aberri Egunean. (Jon URBE | FOKU)

Aurtengo Aberri Eguna, azken urteetan bezala, Iruñean egitea erabaki du EH Bilduk, eta bertan parte hartzeko deia egin die euskal herritar guztiei. Koalizio subiranistak aurreratu du «egitarau zabala» ari dela prestatzen. Urtero legez, 12.00etan Golem zinemetatik abiatuta manifestazioa egingo dute.

‘Zazpiak bat egin’ da EH Bilduk aurtengo Aberri Egunerako aukeratutako leloa. Hain justu, egungo nazioarteko testuinguruan, «ziurgabetasuna nagusi den garaiotan», proiektu kolektiboak inoiz baino «garrantzitsuagoak» direla uste du ezker subiranistak. Joan den urtarrilean nazioarteko egoeraren analisia egin zuen EH Bilduren Mahai Politikoak, eta orduan ere herritarrei ziurtasuna emango dien proiektu kolektiboen beharra azpimarratu zuen. «Euskal Herria da, hain justu, ziurtasuna eman dezakeen proiektu kolektibo hori», azaldu zuen, «erreferente antifaxista delako, eta justizia soziala eta bertako herritar eta gizarte sektore zabalen bizitzetan segurtasuna eskaintzeko gai dena».

Horrenbestez, Iruñean ospatuko duen Aberri Eguna Euskal Herriak irudikatzen duen proiektuarekin bat egiteko aukera izatea espero du EH Bilduk, «faxismoari aurre egiteko, euskal herritarren bizi baldintzak duintzeko eta eskubide sozialak bermatzeko, eta oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren aurrean euskararen biziberritzea aldarrikatzeko».

Donald Trumpen alderdikideek Idahon ikurrina debekatzeko asmoa agertu berritan, apirilaren 5ean ikur nazionala Iruñean astintzera deitu du EH Bilduk.