NAIZ

‘Morgenster’ belaontzi erraldoia etorriko da Pasaia Itsas Festibalera

48 metroko luzera du, ehun urtez arrantza-ontzi izan zen, gero Rotterdameko irrati pirata baten egoitza eta orain bela-entrenamendurako prestatutako belaontzia. ‘Morgenster’ izango maiatzean egingo den Pasaia Itsas Festibalaren IV. edizioaren baitan bisitatu ahal izango den ontzietako bat.

‘Morgenster’ ikusgarriak historio luzea du.
‘Morgenster’ ikusgarriak historio luzea du. (PASAIAKO ITSAS FESTIBALA)

‘Morgenster’ izango da Pasaia Itsas Festibalaren IV. edizioaren baitan publikoak bisitatu ahal izango duen tamaina handiko ontzietako bat. Garai batean arrantza-ontzia izana eta, gaur egun, belaontzi bergantin bihurtua, Pasaiako badian izango da, maiatzaren 14tik 17ra. 

Bi urtean behin egiten den euskal kostaldeko itsas eta kultura-ekitaldi garrantzitsuena da Pasaia Itsas Festibala. Mundu osoko egurrezko ontzi tradizionalak biltzen ditu, itsas ondareari, kulturari eta tokiko gastronomiari balioa emanez. 

Edizio honetan parte hartuko duten ontzi guztien artean ‘Morgenster’ handiena izango da: 48 metroko luzera du, 6 metroko zabalera eta bere bi mastak 29 metroko altueraraino altxatzen dira.

48 metroko luzera du ‘Morgenster’-ek eta jaialdi honetan Pasaiako badian lehorreratuko den ontzirik handiena izango da

1919ko ekainean, Alphen aan den Rijneko (Herbehereak) Boot ontziolan uretaratua, De Vrouwe Maria izenez bataiatua izan zen. H. den Dulk ontzi-konpainiarentzat Scheveningenetik abiatuta jarduten zen bela hutseko sardinzar-ontzi moduan aritzen zen.

Ipar Itsasoko zilar aberastasunaren bilaketan, haizea aprobetxatzeko diseinatua, lan gogorrerako, baldintza txarretarako eta itsasoko bizitzarako eraikia izan zen. Ia hamarkada bat belaz nabigatzen eman ondoren, 1928an modernizatu zen, 8 zilindro eta 240 HPko La Meuse motor bat instalatuta. Horixe izan zen bere etorkizuna definituko zuten aldaketa ugarietan lehena.

Bere garaiko itsasontzi asko bezala, Wehrmacht alemaniarrak konfiskatu zuen Bigarren Mundu Gerran. Bere historia luzeko aro hori, aldaketa berri batekin amaitu zen. Bake garaian, 1947an, 7,11 metro luzatu zuten, eta 48 metroko luzera du, gaur egun. 1948an, bere motor zaharra 4 zilindro eta 240 CVko motor industrialagatik aldatu zioten eta, horri esker, gerraosteko arrantza-ontzien artean lehiakortasunez mantendu zen.

1959an, ‘Morgenster’ (Goizeko izar) izena eman zioten eta Ipar Itsasoan jarraitu zuen arrantzan, 1970era arte. Itsasontziak bizitza berri bati ekin zion kirol-arrantzako itsasontzi gisa, asteburuetako zaleei itsas bizitzaren lagin bat eskainiz. Garai horretan, 8 zilindroko eta 380 CVko Scania motor bat jarri zioten eta horrek inoiz baino indartsuago bihurtu zuen.

Arrantzaran urte luzeak eman ditu itsasontsi honek. (PASAIAKO ITSAS FESTIBALA)

 

1979an, ‘Morgenster’-en istorioak ustekabeko bira eman zuen. Rotterdamgo abeslari baten eskuetara igaro zen eta hark irrati pirata bat sortu zuen hiriko artistei estaldura mediatiko handiagoa emateko. Ondoren, Gobernuak konfiskatu egin zuen, itsas zabaleko pirateriarako prest zeukatelakoan. Musikaria absolbitu egin zuten, baina ‘Morgenster’ itzalean geratu zen, norbaitek noiz berreskuratuko zain.

1983tik aurrera, Harry eta Marian Muterrek itsasontzi tradizionalekiko duten ikuspegi eta pasioari esker, ‘Morgenster’ itsasontzia gaur dena izatera eraman duen zaharberritze sakon bat hasi zen. Hainbat urtetan egindako hobekuntzen artean, azpimarratzekoa da Urk uharteko Balk ontziolan egindako kroskoaren berregokitzea, 200 metro karratu baino gehiagoko estaldura eta saihetsak ordezkatu baitzizkioten. Halaber, lema norvegiar bat ere jarri zitzaion.

2006 amaieran, Den Heldergo Oude Rijkswerfera lekualdatu zen. Holandako iparraldean dagoen ontziola historikoak azken zaharberritzerako esparru ezin hobea eskaini zion. Ibilbide berria 2008ko udaberrian hasi zuen, Den Helder portuan finkatuta.

Bere berpizkunde handiaz geroztik, ‘Morgenster’ ikur nabarmena bihurtu da bela entrenamenduen alorrean eta itsas ekitaldietan. Tall Ships Races txapelketan lehiatu da, Herbehereetako Errege Itsas Armadarako errekluta berriak entrenatu ditu eta, Windseeker ekimenaren bitartez, EBko gazte-trukeetan parte hartu du. Sail Training Ireland eta hainbat itsas eskolarekin ere lan egin du, datozen belaunaldiek nabigazioaren artea onenen eskutik ikasiko dutela bermatzeko.