Mina Espazio, oroimenaren meategi

Bilboko Labayru kalean zegoen Mina Espazio gune artistikoaren historia berreskuratu du Libe Estebaranzek, izen bereko obrarekin. Publikoak bere egiten duen antzezlana sortu du, norberak bere Mina propioa eraiki dezan. Bihar, hirugarren aldiz zabalduko ditu bere ateak Mina Espaziok Pabellón 6-en.

Mina Espazio, oroimenaren meategi

Loading player...
Ander Lipusen artxibo irudiak. Ezkerrean, Alicia Durán Mina Espazioko atean 1997an. Eskubian 'Barkatu, Ama' gehigarriko azala
Ander Lipusen artxibo irudiak. Ezkerrean, Alicia Durán Mina Espazioko atean 1997an. Eskubian 'Barkatu, Ama' gehigarriko azala (Mina Espazio)

Txikitatik izan du Libe Estebaranzek (Bilbo, 2000) Mina Espazioren berri. Irala auzokoa da antzerkigilea eta askotan pasa da Labayru kaletik etxera bidean. Gurasoak Likiniano elkarteko kide izan ziren eta beraz, 1997an sortutako arte eta kultura espazio alternatibo eta multidisziplinarraren inguruko kontuak entzunak zituen. «Ander Lipusek Utopia izenek kolektibo bat zuen. Lehen bilera Likiniano elkartean egin zuten. Nire gurasoek asko hitz egin izan didate horren inguruan; kuriositatea nuen, espazioa oso hurbil baitago nire etxetik». Orokorrean informazio falta zegoela sumatu zuen eta beraz, ikertzen hasi zen aktore eta zuzendaria.
 
Bizitza laburra izan zuen Mina Espaziok. 1997an urriaren 3an Guggenheim museoaren inaugurazioarekin bat eginez zabaldu zituen bere ateak. Ez zen ausazko erabakia izan. 22 eta 26 urte arteko gazte artisten artean kudeatu zuten espazioa, autogestioaren bitartez arte espresio anitzei etxe bat eskainiz 2000. urtera arte. Gazte horien artean zeuden Ander Lipus, Alex Gerediaga, Nerea Castro edota Jesus Pueyo. «Mina Espazioko kide guztiei idatzi nien. Azaldu nien proiektu dokumentala eta harreman-antzerkian oinarritutako pieza bat egin nahi nuela horren inguruan. Orokorrean hiper jatorrak izan ziren nirekin, oso eskertuak zeuden. Hainbat elkarrizketa egin genituen. Gehienetan bikoteka egin nahi zituzten, espazioko beste kide batekin.  Orduan, modu oso informal eta polit batean hasi ginen batzen, tabernetan eta etxeetan besteak beste. Abentura bat izan da».
 
Poetika anitzen espazioa
 
Elkarrizketa horien bitartez bere susmoak berretsi zituen Estebaranzek. Mina Espazio egitasmo labur baina oso emankorra izan zen. «Orokorrean ez zuten konpainia moduan lan egin, bakoitzak artea ikusteko bere bisio propioa zuen. Nahiz eta inguruan jende asko zuten, kolektiboan edo asanblada motorrean hamar lagun biltzen ziren gutxi gorabehera. Bakoitzak esperientzia eta interes desberdinak zituen. Adibidez, Jesus Pueyo artista audiobisual eta teatrala zen, Nerea Castrok zinema ikasi nahi zuen... Bakoitzak Mina bere eremuan ikertzeko erabiltzen zuen eta norbere poetika aurkitzeko modua izan zen». Mina «mineroen» bizimodua bihurtu zen: «Egunak eta egunak pasatzen zituzten bertan. Haien bizitza hori zen, espazioan lan egitea. Horrez gain, egon zen maitasuna, laguntasuna, festak, gatazkak... Haientzat oso esperientzia pertsonala izan zen, haien bizitza eta artea betirako aldatu zuelako. Norberak bere bidea jorratzeko espazio bat izan zen, beste gauza askoren artean».
 
Norbere esperientzia bitaletik harago, zilarrezko museoaren hiria bihurtuko zenean arrakala bat zabaltzea lortu zuten. «Guggenheim museoarekin aldi berean inauguratu zuten espazioa, nahita izan zen, mezu bat zutelako emateko: ‘kultura horrek ez gaitu ordezkatzen, gu beste underground kultura bat gara, sortzeko beste modu batzuk bilatzen ari diren benetako gazteak. Eta espazio bat eman ez diguzuenez, guk geuk sortuko dugu’». Garaian arteak eta artistek aukera gutxi zituztela azpimarratu du Estebaranzek eta beraz, «haiek sortu zuten haien oportunitatea. Haien espazioa eta haien arauak».
 
Bi urte laburreko bizitza izan zuen Mina Espaziok. Zuzendariari ez dio harritu horrek. «Horrelako potentzialitatea ezin da mantendu hainbeste urtetan». Kideen egoera zein den ere nabarmendu du: «kontuan hartu behar da gazte hauek haien gurasoen etxean bizi zirela, ez zutela sarrera ekonomikorik... Espazioa bizirik jarraitzen zuen, baina haien bizitzak etenda zeuden». Horrelako gune artistikoak «esperimentuak» direla gehitu du eta beraz, gutxi luzatzen direla denboran.
 
Memoria esperientzia aktibo bat
 
Mina Espazioren historia berreskuratzeko izen bereko antzezlana sortu du Estebaranzek. Memoria ariketa bat da, lehenik eta behin. «70. hamarkadan jaiotako euskal sortzaileen esperientzia alternatibo eta kolektiboa berreskuratzen duen pieza dokumentala da». Iragana eta orainaren ekuazioaren artean sartzen da ikuslea. Ikusleak berak ere eraikitzen baitu obra. «Orokorrean egitura berdina da, baina sortzaile moduan bakarrik proposatzen ditugu instrukzio batzuk eta esperientzia aktibo bat publikoarentzako». ‘Site-specific’ edo ‘in situ’ metodo artistikoaren funtsa sortutako artefaktua edo pieza artistikoa lokalizazio baterako pentsatua egotean datza. «Espazioaren arkitekturak zerbait ematen digu kasu bakoitzean eta ondorioz, premisa poetikoa ezberdina da aldi bakoitzean. Obra publikoa aktibatzen duen esperientzia da». 25 urte eta gero Mina Espaziok berriz zabaltzen ditu ateak. Horixe da obra ikustera, obra eraikitzera, gerturatuko direnen abiapuntua. Hortik aurrera, jarraibide batzuk jaso eta ibilbide kolektibo bat egingo du bertaratutakoak Mina berrira iristeko. «Audioen bitartez kontatzen da pieza, hori da molde narratiboa, baina horra arte». Espazioaren ateak zabaltzen diren unean, interpreteen zein publikoaren ekintzak aktibatzen dira, «Mina agertzen hasten da eta bakoitzak bere mina topatzen du».
 
Antzezlanak badu bigarren funtzio bat, «bi belaunaldi artistiko ispilura begira jartzen» baititu. Behin bakarrik oholtzaratu, edo hobe esanda, kaleratu da pieza. Pasa den urteko maiatzaren 10ean Bilboko El Nidon Mina Espazio berri bat sortu zen. Emanaldira, gainera, Minako kide ohiak ere bertaratu ziren. «Zerbait benetan magikoa gertatu zen. Mineroak eta gu ispiluaren bestaldean jarri ginen. Eta hori ez da berriz gertatuko. Hori da politena». Finean, horixe da harreman-antzerkiaren muina. Obra ez baita publikoa begiratu edo jasotzen duen zerbait; antzezlana topaketa bat da bere horretan. Parte-hartzea funtsezkoa da, baina Estebaranzen ustez «lasaia da. Ez da intrusiboa, ez da biolentoa».
 
Zuzendariaren iritziz Euskal Herrian halako korronteak antzerkigintzan ez daude aktibatuta. Badira antzerkigileak modu horretara lanean, «baina orokorrean publikoa ez dago ohituta». Desabantailan baino, abantailak ikusten dizkio horri zuzendariak: «nire ustez ez da handicap bat, baizik eta gauza hiper magiko bat». Madrilen ikasi zuenean ezagutu zuen harreman-antzerkia gertutik, eta onartu du publikoa ohituagoa dagoen arren, «askatasun hori» ez dela «hain lehiala». «Han jendeak badaki gutxi gorabehera nondik norako obrak diren, baina hemen. «ez. Orduan askatasun hori ikustena oso polita da. Jendeak benetan egiten du nahi duena. Nidon kaosa izan zen. Askatasun hori oso serio hartu zuten. Jendeari mugitu behar zela esan, adibidez, eta batek erantzun ez zuela inora joan nahi. Anarkia totala izan zen! Asko gustatu zitzaidan»

Mina Espazioko lantaldea Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian
Mina Espazioko lantaldea Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian
Lagun-minak

Mina Espazion publikoarekin bat egiten du elenkoak, eta beraz, El Nidon, minero bi belaunaldik egin zuten topo. Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Maider Mulone eta Ander Santxez dira aktore lantaldea. «Dena da keinu poetiko bat» dio zuzendariak. «Aktore guztiek 22 eta 26 urte bitartean izan behar zituzten. Metafora bat bilatzen nuen, guk Mina Espazioko kideen adin bera izan behar genuen. Hori mantendu behar zen». 2000. urtean desagertu zen Mina; urte berean jaio zen Estebaranz. Adinaz gain, interesak partekatzea ere nahitaezko baldintza izan da: «Nik lan egin nahi nuen Mina Espazio berri bat sortu nahiko genukeen jendearekin, halako espazio alternatiboen istorioak miresten dituztenekin». Horrez gain, izaera antzekoak bilatu zituen eta, nahigabean ere, lotura emozionalak sortu dira aktore eta kide ohien artean: «Nerea Lizarraldek Miriam K. Martxanteren ahotsa egiten du. Biak dira oso punki eta errebeldeak. Eta gainera, Miriam Nerearen irakaslea izan zen txikitan».
 
Material grafikoa esperientzian lagungarri da. Garaiko argazki eta irudiak, besteak beste. Baina soinuak du pisu handiagoa. Ane Zugaza soinugilearen lana izan da. «Nire lanaren pareko egin da berean, modu horizontal batean ikusten dira. Biak izan gara zuzendari, Anek ere sortu du pieza. Audioak hain-hain-hain garrantzitsuak dira kasu honetan... Bere iruditeriak eta egiteko moduak asko eragin du, berak eman dio forma piezari». Estebaranz eta Zugazarekin batera aritu dira lanean Victoria Ladrón de Guevara jantziterian eta Joanes Altxu diseinu grafikoan. Obraren alderdi kolektiboa azpimarratu du zuzendariak. Antzerkiaren mundua orokorrean «nahiko indibidualista» dela aitortu du eta proiektu honekin kolektibitate bat eraikitzen saiatu direla, «sare bat. Ez soilik gure artean lana lortzeko, baita gure artean zaintzeko ere».