
Langileen egoera ez dela haien eskumena; horrela erantzun du Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintzako Foru diputatuak herrialdeko hainbat etxebizitza komunitario eta zahar egoitzatan LAB sindikatuak argitara eman duen lan esplotazio sareaz galdetu zaionean. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako batzarkideak egindako galderari erantzuteko egin ditu adierazpenok Antxustegik. Aurretiaz ere EH Bilduk Gizarte Ekintza Batzordera eramana zuen gaia da De Madariagak astelehen honetan mahaigaineratu duena.
Elkarrekin Bizkaiako batzarkideak adierazi du konfirmatzekotan, «erabat larria» ez ezik, egoera lan gatazka baino askoz gehiago dela, «zaintza sistemaren porrota», alegia. Era berean, azaldu du ez duela ulertzen nola luzatu daitekeen horrelako egoera bat hainbeste, ikuskaritzak neurririk hartu gabe. Izan ere, argi ikusten du enpresari honek kudeatzen dituen era honetako egoitza guztietan jarraitzen dela patroi bera.
Elkarrekin Bizkaia, EH Bildu eta Alderdi Popularra baieztapen batean ados jartzea lortu du Antxustegik, hiru taldeetako eledunek adierazi baitute lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea estu lotuta daudela eta beharginek deskribatutako baldintzetan ez dagoela adinekoak behar bezala artatzerik.
Antxustegik, ordea, adierazi du Gizarte Ekintza Sailaren ardura dela zaintzaren kalitatea bermatzea, baina ez dela haien eskumena lan egoerari erreparatzea. «Kontatzen ari zaren gertaerak Lan Ikuskaritzari dagozkio», gaineratu du, eta ziurtatu du ez dutela inongo kexaren berririk izan, «hedabideetan baino ez».
Mendekotasuna duten pertsonen senideak batzen dituen Babestu elkarteak urtarrilaren 22an jarritako salaketarekin kritiko agertu da, jarraian. Leporatu die salaketa egiteko «datu edo informazio zehatzik» baliatu ez izana.
De Madariagari erantzunez, azaldu du enpresaburu honek kudeatzen dituen etxebizitza komunitarioetan eta zahar etxeetan ikuskaritzak ez duela «hutsune larririk» aurkitu, euste neurrien baimenik gabeko erabilerak eta espazioaren egoeraren ingurukoak baino ez.
Era berean, gaia desbideratzeko saiakera argia eginez, ikuskaritzan dabiltzan funtzionarioen lana goraipatu du, gainontzeko batzarkideek haien aurkako mezurik bota ez badute ere. «Beren lana gutxiestea bidegabea da eta ez dauka ganorarik», adierazi du.
Ildo berean mintzatu da Jane Eyre Urkieta EAJko batzarkidea alderdiari zegokion tartean. Eskumenak «errespetatu» beharra azpimarratu du eta kexak aurkezteko «oinarri sendoekin» egin behar dela adierazi du.
Urtzi Ostolozaga EH Bilduko batzarkideak, aldiz, ardura etikoari egin dio erreferentzia, «eskumena izan zein ez», adieraziz modu honetan aberasten direnak «bihotz bakoak» direla. Galdera bota dio Gizarte Ekintzako Foru Diputatuari: «Sinesten dituzue salaketa egin duten langileak?». Antxustegik ez du erantzun.
Gaineratu du etxebizitza komunitarioak arautzen dituen dekretua berritu beharra zegoela «antzina» eta agerikoa dela baliabide gehiagoren beharra. Egungo zaintza sistema «jasanezina» dela salatu eta berri batean pentsatzen hasteko beharra berretsi du Ostolozagak.
Inspekzioen nolakotasunaz
Antxustegik inspekzio zerbitzuko langileen defentsa egin duela baliatuta, De Madariagak xehatu du zalantzan jartzen dutena inspekzioak nola egin arautzen duen prozedura dela. Izan ere, azaldu duenez, ikuskaritza egiten denean unean bertan lanean ari den behargin kopuruari erreparatzen zaio, ez egoera orokorrari.
Ostolozagak ere ikuskapenak eguneroko bizitzaren funtzionamendua detektatu beharko lukeela adierazi du eta, beraz, harridura agertu du gehiegikeriak hauteman ez direlako, De Madariagak egin moduan. Era berean, Antxustegiri galdegin dio ea ikertu duten, espresuki, «esplotazio arrazista eta matxista» eman denik.
Gizarte Ekintzako sailburuak aitortu du ikuskaritzetan ez direla langileekin zuzenean harremanetan jartzen. «Esaten zaie zein bide dauzkaten zerbait esateko, nahi badute», azaldu du, eta berriz ere goraipatu du ikuskarien lana.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

