NAIZ

Biometanizazioaren kutsadura larria dela nabarmentzen du Sustrairen txosten berriak

Nafarroan ugari hedatzen ari den biometanizazioa «berriztagarritzat» eta «jasangarritzat» jotzen badira ere, oso kutsagarriak direla nabarmentzen du Sustraik argitara eman duen txosten berriak.

Biometanizazioaren kontrako protesta Iruñean joan den urrian.
Biometanizazioaren kontrako protesta Iruñean joan den urrian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sustrai Erakuntza fundazioak txosten berria aurkeztu du: ‘Biometanizazio planten booma Nafarroan. Haien hondakinek gure lurrak kutsatuko dituzte’ (gazteleraz dago textua). Teknika berri honi buruz azken hilabeteotan egin duten ikerketa eta ezagutu ahal izan dituzten proiektuak dokumentu bakar batean biltzeko asmoarekin kaleratu dute.

«Biometanizazioa energia ekoizteko modu berri bat garatzeko saiakera da, berriztagarritzat jotzen dena, gure gizarteak egiten duen kontsumo izugarria asetzen saiatzeko. Hala ere, litekeena da planta hauen balantze energetikoa positiboa ez izatea, eta prozesu osoan kontsumitutakoa baino energia gutxiago ekoiztea. Energia berriztagarriaren hedapenak dituen egiturazko arazo larrien beste adibide bat dugu hau», azaltzen du Sustraik.

Proiektu berri hauek Nafarroako geografian izan duten hedapenak mobilizazio sozial garrantzitsua ekarri du, 2025. urtearen erdialdean hasi zena. Biogas proiektu berrien inposaketaren aurrean, herri plataformak sortu dira Lizarraldean: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia, Arroitz… eta Erriberan: Cintruenigo, Rada, Melida… Kasu guztietan, «desinformazioari eta jasangarritasuna edo tokiko ekonomia bezalako kontzeptuak sustatzen dituzten enpresek egiten duten manipulazio interesatuari aurre egiten diote».

«Alerdi ilun asko»

«Planta hauen aurkezpen-txartela beti ‘txukuna’ delako: Nekazaritzak eta abeltzaintzak sortutako materia organikoa deskonposatu nahi dute, eta erregai gisa erabiltzen den biogasa ekoitzi. Gainera, azken hondakina, digestatoa, ongarri gisa sar daiteke lurzoruetan. Hala ere, honelako enpresetan eta sektore osoan alderdi ilun asko daude. Egiten dituzten praktikak ez direlako egokiak. Eta aurkeztu dituzten proiektuek alderdi kaltegarri eta arriskutsu asko dituztelako», salatu du Sustraik.

«Ikusi besterik ez dago zer arazo larri sortu izan dituzten dagoeneko Nafarroako hainbat zonaldetan dauden plantek. Esaterako, HTN enpresaren kasua, Caparrosoko Valle de Odieta makrogranjari lotutako biometanizazio planta, edota Mendigorriako planta (Bioenergia Mendi). Hauek biek akuifero eta lurzoruen kutsadura arazo larriak eragin dituzte. Gainera, planta hauek makrogranjen eta, oro har, abeltzaintza industrialaren gorakadari lotuta daude. Aurkezten dugun txostenean Nafarroan dokumentatu ditugun arazoen errepasoa egiten da», dio Sustraik.

«Beraz, Sustrai Erakuntza Fundazioak aurrerantzean izan ditzakegun biogas proiektuak eta hauen inguruko alderdi guztiak azaleratu nahi dituen txostena dugu hau. Izan ere, problematika oso handia da, eta beharrezkoa da berau agerian uztea eta praktika txarrak salatzea. Arazo hau gizakiak dagoeneko planetari eragiten dizkion inpaktu handi eta oso larrien barne dago, gure biziraupenarekin erabat lotuta dagoena. Honek guztiak, berriz, kapitalismo predatzailearekin du zerikusi zuzena», adierazi du Sustraik.