
Aurkariak etiketatzea ohiko taktika da. Eta udal hauteskundeak -eta gero presidentzialak eta legegileak- gain-gainean direnean, aproposa. Modan dago. Emmanuel Macron presidenteak berriki La France Insoumise «ezker muturreko alderdi» gisa sailkatu eta antisemitismoaren inguruan duen jarrera salatu du: «Errepublikaren printzipio gorenak hausten ditu». LFI alderdiak Estatu Kontseiluan inpugnatu ditu hitzok.
Duela aste bat, Max Brissonek (Les Republicains) publikoki uko egin zion Alda auzo mugimenduarekin elkartzeari alokairuak mugatzeko neurrien inguruan jarduteko, haien «ekintza moldeak» salatuz, batez ere okupazio ekintzak, elkarte batek ezin duela «justiziaren lana bere gain hartu eta erabaki zer den zuzena eta zer ez» argudiatuta. Aste bat geroago, polemikaren lokatzetan dirau zabaldu duen prentsa agiri bat dela eta. Bertan, EH Bai ezkerreko alderdi abertzalea «ezker muturreko mugimendu nazionalistatzat» sailkatu eta haren ideologia «Euskal Herriarentzat arriskua» dela adierazi du.
Suari egurra
Brissonek egun batzuk lehenago Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidenteak “Sud Ouest” egunkariari egindako adierazpenekin bat egin zuen. Bertan, Lasserre zentristak «gai identitarioak instrumentalizatzea» leporatu zien ezkerreko abertzaleei eta eskuin muturreko RN alderdiari aipamena eginez, EH Bai «ezkerraren ezkerrean» kokatu zuen. Lasserrek pizturiko suari egurra bota dio Brissonek: «EH Bairen ideologia arriskutsua da Euskal Herrirako». Halaber, etxebizitzaren, laborantzaren eta identitatearen eztabaidetan EH Bai «polarizazioa bultzatzen» ari dela salatu zuen. Puntu horretan kezkatuta azaldu zen, EH Baik «identitatea monopolizatzeko duen tentazioarekin».
Max Brissonek EH Bairen ildoak kritikatu zituen: «Errepublikaren oinarriak arbuiatzen dituen erakunde batenak dira, Euskal Herriaren izate sakonetik oso urrunduak daudenak»; Jean-Jacques Lasserrek ere esan zuen esaldia, EH Bai esan gabe hartaz jarduteko baino Ipar Euskal Herriarentzat estatus berezi baten aldarrikapenaz aritzeko.
«Adierazpen bateraturik ez»
Mediabask Jean-Jacques Lasserrerekin harremanetan jarri da eta hark bere sorpresa azaldu du: «[Brisson] nire iruzkinekin ados da? Ez da izan adierazpen bateratua. Nire jarreraren parte bat bere egiten du, komeni zaiona, baina soilik parte hori».
«Ez nuke sekula esango EH Bairekin ez dela hitz egin behar. Ikusi dut Brissonek Aldarekin ez duela hitz egin nahi. Ez nago posizio horretan. Ez nintzen atzo jaio, eta badakit edozein talde politikotan daudela ikuspegi ezberdinak. Argi adierazten ez diren ikuspegiak daude, gure Errepublikatik oso urruti dagoen identitate politiko bat eraikitzen ari direnak. Ez dut esaten EH Bai orokorrean hori dela».
Biarritzeko senatariaren hitzetan, «EH Bai moderatua izan ezik beste guztia da; euskal nazioaren autodeterminazioaren aldeko proiektua defendatzen du». Eta gaineratu duenez «Ipar Euskal Herriaren erakundetzeaz jardun gaitezke, eta orokorrean Frantziarenaz ere, baina ez estatus berezia duen kolektibitatearen laukian sartzeko, azken laukia izaten jarraitzen duelako».
EAJ-PNBrekin aliantza
Les Republicains bere alderdiak eta EAJ-PNBk Biarritzen osatu duten aliantzaz galdetuta, senatariak garrantzia kendu dio: «Ez zait iruditzen autodeterminazioaren aldarrikapena, PNBren estatutu historikoetan jasoa den arren, EH Bairena bezain argia denik. Frantziako beste alderdi independentista eta autonomistekin ditu harremanak EH Baik, Korsikan, Kanakyn -guretzat Kaledonia Berria-; EAJ-PNBk, aldiz, alderdi erregionalistekin».
EH Baik Brisson eta Lasserreren adierazpenei erantzun die «zentzugabeak eta errealitatetik kanpokoak» direla eta «haserrea ereitea» dutela helburu. «Gure proiektu politikoa argia, errealista eta errotik demokratikoa da, gizartean eragiten dugu, Euskal Herriaren aitorpen instituzionalaren alde, euskara, euskal kultura, justizia soziala, etxebizitza eskubidea eta trantsizio ekologikoa defendatuz, askotan beste ikuspegi batzuekin batera». Eta datozen hauteskundeei begira, hainbat udalerritan -Baionan, Bokalen, Biarritzen, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Maulen- sozialistekin eta ekologistekin aliatu direla gogoratu du.

Dos jóvenes condenados a 14 años de cárcel por violar a una chica inconsciente en Bilbo

Solicitan testimonios de personas que pudieron ver a Josu Zabala ‘Basajaun’ con vida en Bilbo

ETA, porrazos proporcionales y un balón de playa: cierre de filas tras las cargas de El Sadar

Levantan las medidas preventivas en Muskiz tras el último incidente en Petronor
