
«Loraldia festibala ez da ‘programazio sorta’ bat soilik: estrategia kulturala da, euskarazko sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emateko, publikoa, euskalduna zein ez euskalduna, aktibatzeko, eta kultura transmisioa gaurko formatuetara ekartzeko», argitu nahi izan du Amaia Ocerinek, Loraldiaren komunikazio buruak, Euskararen Etxean egin duten Bilboko jaialdiaren 12. edizioaren aurkezpenean.
‘Baga, biga, higa, Maurizia!’ lelopean, hiri osoa Loraldiaren plaza bilakatuko du berriro jaialdi honek. Hemen datu batzuk: martxoaren 9tik 28ra burutuko da Bilbon –urte osoan zehar, jaialdia Euskal herriko beste puntuetara hedatu da–, eta mota anitzeko 25 ekitaldi eskainiko dira, gehienak diziplinen arteko gurutzaketa eta jaialdirako propio prestatutakoak.
Jaialdiak dozena bat gune hartuko ditu, hala nola Arriaga antzokia, Kafe Antzokia, Guggenheim Museoa... edo Arraitz mendia.
«Zorionez esan genezake festibala nolabait badela traktorea euskal kultur eskaintza kontsumitzeko. Azken urteetan, izaten da aitzaki beste herrialdetako biztanleak Bilbora gerturatu daitezen euskal kultura kontsumitzera», Amaia Ocerinek.
Iaz 6.000 bat ikusle erakarri zituzten eta aurten 4.600tik gora ‘Lorazain’ edo bazkide izatera iritsi dira... eta guzti hau 249.000 euroko aurrekontuarekin, dirulaguntza publiko eta babes pribatuak lagunduta burutzen baita ekimena. Aurkepenean bertan egon diren erakundeen ordezkariek –Bilboko Udala, Bizkaiako Diputazioa eta Lakuako Gobernua–, jaialdia sustatzearen konpromezua bermatu dute, eta. Andoni Iturbe, Kulturako sailburuordea, haratago joan da: «Guretzat sormena eta sortzailei laguntza ematea gai estrategiko bat da, zeren edukiak ez badaude, nekez jarriko genuke plazetan kultur eskaintza bat».
Aurtengo leloak, eta jaialdiaren kontakizunak, hiru ideia eta irudi indartsu ditu, programazio osoa zeharkatzen dutenak: «Kulturak baduela erantzunik; mundu hobe eta justuagoa irudikatu eta ehuntzeko gunea da Loraldia», gaineratu du Amaia Ocerinek. Martxoak 9an hasiko da Bira Kulturgunean poesia –Ane Labakaren azken liburua–, musika –Ines Osinaga– eta bertsolaritza batzen duen ‘Hezur berriak’ emanaldiarekin.
Hortik aurrera zaila egiten da egitaraua laburbiltzea eta, batez ere, ekitaldi bat bakarrik aukeratzea. Esaterako, aurtengo ediziorako prestatu diren bost ekoizpen/formatu propioeta, nabarmentzen dira bi: NAIZen babeslegotza berezia izango duen ‘Ikimilikiliklik Vol.2’ formatu handiko ikuskizun eszenikoaren emanaldia –aurtengo edizioko ekoizpen handiena da– eta ‘Appa Maurizia’ esperientzia murgiltzaile kolektiboa.
Iruñean bidea hasi, Donostiatik pasa eta, azkenik, Bilboko Arriagara iritsiko da martxoak 12an ‘Ikimilikiliklik Vol.2’ Vol.2, aurtengo Loraldiaren ekoizpen nagusia. Edurne Azkarateren zuzendaritzapenean, duela 50 urte euskal kulturaren mapa berrirudikatu zuen mugarri baten espiritu esperimentala gaurko lengoaia eszenikoetara ekartzen du. Emanaldiaren aurretik, Imanol Agirreren berbaldia izango da.
Martxoaren 13an, Alondegian, ‘Appa Maurizia’-ren txanda. Ines Osinagak eta Lore Argaratek, Sormen Digitala Bekaren hirugarren edizioko irabazleek, zerbait berezia prestatu dute: euskal folklorearen inguruko esperientzia digital bat, kasko bidez murgildu ahal izan gaitezen.
Gehiago: Josu Martinezen azken dokumentalaren estreinaldia, ‘Potasio’ (martxoaren 20an), Guggenheim museoan (martxoaren 22an) Miren Agur Meabe eta Antxon Valverde, aurrez aurre, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza lagunduta; Ruper Ordorikaren azken lanaren aurkezpena (martxoaren 22an, Arriagan), Nogenen 10 urteko ospakizuna (19an, Arriagan ere), Gaztedi dantzari taldea eta Duguna Iuñeko Dantzarien 75 urteurrena (28an, Guggenheimen zabalgunean)... Ekitaldi guztiak eta sarrerak loraldia.eus eta sarrerak.loraldia.eus helbideetan.

Agentes encañonan a un joven y amenazan a una testigo en la Kutxi: «Deja de tocar los cojones»

Pandas de Euskal Herria

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola

«Tras 50 años, en Montejurra sigue vigente la impunidad»

