AMAIA EREÑAGA
URNIETA

Mende erdiren buruan, Artze eta Laboaren «Ikimilikiliklik» berpiztu du Loraldiak

Duela 50 urteko «Ikimilikiliklik» ikuskizun ikonikotik abiatuta, XXI. mendean «Ikimilikiliklik Vol.2» anbiziotsua proposatu du Loraldia jaialdiak. 70eko hamarkadan euskal kulturgintzan mugarri eta zirikatzaile izan zen ikuskizuna, gaur egungo begiradaren galbahetik pasa eta begirada berritzailearekin osatu dute.

Loraldiaren ekoizpen berrian parte hartu duten sortzaileak.
Loraldiaren ekoizpen berrian parte hartu duten sortzaileak. (Maddalen ANDRES | foku)

 

«Hau ez da omenaldi bat, berpizte bat baizik», argitu nahi izan zuten atzo Urnietako Sarobe antzokian “Ikimilikiliklik Vol.2” ikuskizunaren aurkezpenean. Helburu horrekin, gaur egungo sortzaileekin osatutako talde zabala batu da duela hiru urte kozinatzen hasi zen «esperimentu» handiaren inguruan. Edurne Azkarate aktorearen (“Irati”) zuzendaritza artistikopean -hauxe da Azkaratek gidatu duen lehen ikuskizun handia-, Iñaki Salvador musikaria -Mikel Laboraren kolaboratzaile historikoa-, Oreka TX -Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro-, Libe Kortazar abeslaria, Intza Alkain aktorea eta Itziar Garaluce artista bisuala bildu dira.

Ez Dok Amairu (1966-1974) desagertu zenean, “Ikimilikiliklik” ikuskizun multimendiaren prestaketan murgildu ziren Artze anaiak, Jose Mari Zabala, Jose Luis Zumeta eta Mikel Laboa, besteak beste. Musika, dantza, irudia eta poesia uztartzen zituen diziplina anitzeko lana 1976ko Veneziako Bienalean eskaini zuten eta, horrez gain, hemengo hainbat herritan ere ikusi zen, euskal kulturgintzan eragin zabala lortuz. Are, euskarazko modernitatearen eta esperimentazioaren sinbolo bihurtu zen.

«Orain, ametsak libre direlako, gure ametsa zera da: haiek Veneziako Bienalera joan ziren legez, ia gai izango garen 2026ko Bienalera joateko. Eusko Jaurlaritzari eta Etxepareri eskatu diegu», aipatu zuen atzo Amaia Ocerinek, Loraldiaren komunikazio arduradunak.

Bien bitartean, “Ikimilikiliklik Vol.2” produkzioaren aurrestreinaldia Urnietako Sarobe antzokian egingo da azaroaren 12an. Eta estreinaldi handia, azaroaren 14an, Iruñeko Baluarten, Iruñaldiaren programazioaren barruan. Euskal Herrian zehar bira egiteko asmoarekin sortu dute ikuskizuna eta datak zehazten ari dira. Herri txikietara eramateko asmoa ere badute, eta, hiriburuei dagokionez, datorren urteko urtarrilaren 31n Donostiako Victoria Eugenian izango dira eta, martxoaren 12an, Bilboko Arriaga antzokian, Loraldia jaialdiaren barnean. Ikuskizuna atzerrian eskaintzeko lanean ere badabiltza.

Loraldiak zubi artistiko bat eraiki nahi izan du, beraz, duela 50 urteko abangoardiaren eta egungo sorkuntzaren artean. Bitxikeria bat: parte hartu duten sortzaileek ez zuten ikuskizun originala ezagutu, ezta Iñaki Salvadorrek ere, Laboarekin eta Zumetarekin lotura handia zuen arren. Neurri batean, antropologia lana egin dutela esan daiteke, jatorrizko lanaren espiritu esperimentalean murgildu eta, garaiko kritikak, irudiak eta lekukoen testigantza bilduz, galdera bat erantzun nahi izan dutelako: zer da gaur egun abangoardista izatea?

Emaitza musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen ikuskizun apurtzailea da.